Kritika. Artea

Bizitzaren harira

Marta Zelaiaren erakusketa La Taller gunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Marta Zelaiaren erakusketa La Taller gunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

'JAI EGUN'

La Tallerreko erakusketa espazioa txikia izan arren, nahikoa izan ohi da artearekin harremana sendatzeko edo berrartzeko. Ikasturte honetan lagun berarekin bertaratzeko ohitura hartu dut; grabatuak maite ditu eta La Tallerreko nobedadeak etxeko postontzira heltzen zaizkio zuzenean. Kasu honetan ere bitartekaritza lana egin du berak: Marta Zelaia artistaren erakusketa ikusteko gonbita egin eta nik ezbairik gabe onartu dut, Zelaiaren lana, nolabait, ezaguna baita niretzat. Izan ere, 2018an Rekalde Aretoan Sokatira proiektuarekin eta 2019an La Tallerren Iturrigardenea proiektuarekin ezagutu nuen, biak Garazi Ansak egindako kritiketan jasoak. Esango nuke, oraingoan ere, ageri direla Ansak 2019ko mostrari buruz idatzitako testu hartan aipatutako zenbait gai, hala nola, piezen zehaztasuna, figuren anonimotasuna, arte xeheari lotutako teknika eta materialen erabilera zein etxea, familia, lurra eta identitateari lotutako gogoetak. Berritasun bat, beharbada, oleo lanen nagusitasuna izan daiteke. Halere, badirudi artistaren lana zeharkatzen eta egituratzen duten hariek irauten dutela oraindik, bestelako emaitza formal batzuetan izanagatik. 

La Tallerreko Maitek eta bertako txakurrarengandik jasotako tratuak eta haiekin elkarrizketak esperientziari beste argitasun geruza bat eskaini diote, eta espazio arrotz batean sartzerakoan sentitu ohi den urduritasuna eta zurruntasuna gorputzetik uxatu ahal izan ditugu erraz. Joseba Zulaika antropologoak idatzitako testua eskaini digute, obrak ikusi aurretik hura irakurtzea komeni dela aipatuz. Hala, tailerreko erabiltzaileak haien kontuetan buru belarri jarraitu bitartean, gu eskaileretan jesarri eta testuan murgildu gara. Ados. Obrak antropologoaren begirada kontuan hartuta ikusi ditugu, bai, baina horretatik apur bat desbideratzeko saiakera ere egin nahi izan dugu. Hori dela eta fijatu gara, besteak beste, pintzelkaden erabileran, figuren formetan, bolumenen lanketan, hainbat materialen uztartze prozesuan zein brodatuak egiteko teknika eta euskarrietan.

Izan ere, Jai egun izenburupean antolatutako erakusketa txiki honetan pintura, textila, naturatik hartutako elementuak eta hiru horien arteko hibridazioak ikus daitezke. Ez daude pieza asko, baina nahikoa dira artistak artearekin duen harremana nolakoa izan daitekeen nabaritzeko. Esan bezala, aurreko proiektuetan ere baliatutako teknikak ikusiko ditugu, gehienbat bere espazio pribatu-domestikoari lotutakoak. Besteak beste, naturan kokatutako animaliekin eszenak erakusten dituzten bi patroi brodatu aurkituko ditugu, biak  paretan kokatuta. Bi oihal zati horiek artistaren etxea eta lurrari lotutako arbola zati batekin elkarrizketan leudeke, eta arbolan aitaren esku familiarrek txirikordatutako sokak inguruko hiru enbor zati jantziekin elkarrizketan.

Marta Zelaia artistaren erakusketa La Taller galerian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Marta Zelaia artistaren erakusketa La Taller galerian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Bestalde, atetik sartu eta eskumako pareta beltzean triptiko bat osatu lezaketen tamaina handiko hiru mihise daude. Bertikala, horizontala, bertikala. Hiruretan gorputz gorri bat, oihal zuria, mahaiak eta aulki berdeak hondo gris baten gainean. Hiruretan zuria, gorria eta berdea dira kolore nagusiak, edo arreta gehien lortzen dutenak, behintzat. Bakar batean identifikatzen da etxeko sua. Hirurek sortutako segidan gorputz baten mugimenduak ageri dira, zeinaren aurpegia, identitatea, oihalak estaltzen duen. Halaber, mugimendu horiek herri kiroletan egiten diren keinuak ekartzen dizkigute gogora. Segida horretan narrazio moduko zerbait sortzen da, alboetara inklinatzen den gorputz batena, espazio ezagun, baina, aldi berean, zehaztugabe batean kokatzen dena, itzalekin, tradizioarekin, etxearekin tentsioan. Oihalak gorputzaren nortasuna estali eta sekretuan gordetzen du identitatea. Maskararekin jolasa beste pareta batean kokatutako pinturan ere ikusiko dugu. Bigarren kasuan maskarak literalak eta urre kolore dirdiratsukoak dira, suz inguraturik akerrak diruditen animalien aurpegietan.

Interesgarria da espazioaren atzeko aldean Carlos Fernandezek (Zelaiaren bikotekideak) egindako pintura lanak aurreko piezekin harremanetan jartzea. Izan ere, koadro horietan Zelaia bere gurasoekin ageri da etxe barruan, Sokatira proiektuaren sortze-prozesuan amarekin josten eta une hartan egindako zaintza lanen berri ematen. Modu horretan, errepresentazio piktorikoaren bitartez, aditzera ematen da artea eta eguneroko bizitzaren arteko harremana, azken emaitzara heltzeko bidean bizitzak artean nola permeatzen duen, alegia. Mostra honek berresten digu Zelaiarentzat artea bizitzarekin harremantzeko bide bat dela, errealitatea interpretatzeko eta harekin beste leku batetik harremantzeko modu bat, mahaiaren bueltan gertatutakoak asimilatu, gorde eta ospatzeko bitartekaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.