Bizitzaren eta heriotzaren urak batu dituen komiki existentzialista

Galdera transzendentalak, umorea, misterioa eta barne ikerketa dakartza 'Surflaria' albumak

Uxue Alberdi idazlea eta Susanna Martin marrazkilaria, Surflaria komikiaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Uxue Alberdi idazleak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) eta Susanna Martin komikilariak (Bartzelona, 1976), idazlea eta komikilaria hurrenez hurren, Surflaria albuma aurkeztu dute, Xabiroi aldizkariko arduradun eta editore Dani Fanok eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Jose Luis Sukiak lagundurik.

Telefono dei batek abiarazten duistorioa. Halaxe ikasiko du komikiko protagonista nagusietako batek, Amaiak, ofizialki hiltzat emango dutela Eki, hamar urte atzera itsasoan desagertu zen lagun eta maitalea. Amaiak sorterrira itzuli beharko du, Zarautzera (Gipuzkoa), haurdun dagoela. «Bizitza sortzen ari den momentuan heriotza aterako zaio bidera», azaldu du Alberdik, «eta hainbat galdera eragingo dizkio», batzuk desagertutako lagunari buruzkoak eta beste batzuk Ekiri buruzkoak, «baina guztien gainetik bat: nor zen desagertutako laguna, zer gertatu zitzaion, berak [Amaiak] ikustekorik izan ote zuen eta nolatan eraman zuen itsasoak, surflaririk onenetako bat izanik eta itsasoa irakurtzen baldin bazekien».

Istorioa «existentzialista» da, badirelako hainbat galdera atzean. Aipaturikoez gain, «bestearen irudia aldatzen denean, nola aldatzen den norbere buruarekiko irudia bera ere, edota errelatoa», Alberdiren hitzetan.

Beste protagonista nagusietako bat ura da, edo, hobeki esan, uraren hainbat molde. «Hainbat ur nahasten baitira komikian, itsasokoa, malkoena, ur amniotikoa, errekakoa, pixa...». Bestela esanda, «ikerketa intimo» gisa definitu du idazleak, «Amaiaren egunerokoan, baina batez ere buruan» gertatzen da, eta «galdera transzendentalen eta umore ganberroaren artean egiten du kulunka». Misteriorik ere badu, Amaiak pistak bildu nahiko baititu, «iraganaren eta orainaldiaren artean labaintzen den bitartean».

Gai ugari ukitzen ditu komikiak, esate baterako, eutanasia, maitasun debekatua, norbere nahiz besteen identitatearen bilaketa eta bilakaera edota heriotzaren erakarpena. Hitzek ez ezik, irudiek eta ekintzek ere errimatzen dutela esan ohi da, eta, alde horretatik, metafora bisualez josita dago Surflaria. Badira tunelak, olatuak, lainoetan sartzen diren hegazkinak, arrainak amuan harrapatuta, sareak jotzen dituzten golf pilotak, hilkutxak diruditen surf oholak, baita elkarri oihartzun egiten dioten irudiak eta akzioak ere.

Alberdik aipatu duenez, «ur sakonetik ur azalera» egiten du istorioak, eta, beraz, «gai existentzialetik txistera» jotzen du: «Serio jarri orduko, haizea aldatu, eta egon zitekeen solemnitate arriskua».

Erritmoa kontrolatzea erronkarik behinenetako bat izan du Alberdik. «Bi pertsonen eta bi diziplinen arteko elkar ulertzea behar zen», azaldu du. Horrekin batera, album bilakatu aurretik Xabiroi aldizkarian zortzi ataletan banatuta argitaratuko zela kontuan hartuta, izan du beste erronka bat: «Istorioa ataletan ongi dosifikatu, tramak garaiz ireki eta nola itxi jakin». Hain zuzen, «ezin editatua» berria egin zaio guztiz. «Idazten dudanean etengabe egiten dut atzera, bidean agertu diren gauzei koherentzia edo indarra emateko, adibidez». Baina atalka argitaratzen denean, ediziorako aukera txikia da. «Bertsotan bezala, botatakoa botata dago». Itsasoak errazten duen metaforetako bat baliatu du prozesuaren lehen pausoa esplikatzeko: «Olatua hartu behar genuen eta konfiantza izan, hondartzara nola edo hala iritsiko ginela sinetsi». Alberdik eskertu du Martinekin bikotean jardun izana, oso gustuko izateaz gain, «marrazkiaren poetika eta hitzaren poetika» erraz uztartu dituztelako.

Fanoren aburuz, «komikilari beterano eta petoa, lan ugaritan zaildua» da Martin: «Oso ondo menderatzen du irudi bidezko kontaketa».

Kolorearen erabilerari garrantzi berezia eman dio Martinek, eta ez soilik oraina eta iragana bereizteko, pertsonaia nagusiaren aldartearen arabera jo baitu kolore paleta batera edo bestera. Martin: «Arrosa nagusi denean, adibidez, Amaiak eta Ekik hamar urte lehenago zeukaten mundua islatzen da. Bada urdin berdetsu bat ere, giro tristea, malenkonia edo nostalgia adierazteko». Fanok zehaztu duen gisan, koloreztatu behar dena ez baita marrazkia, gidoia baizik. «Itsasoa arrosa. Zergatik? Zerbaiten zatia delako, irakurlea engainatzeko edo zurera erakartzeko modu bat delako».

Itxialdi giroa

Arian-arian sortu den komikia izan denez, eta lehen urratsak pandemia garaian egin zituela kontuan hartuta, agerikoa da itxialdiko giroa eta egoera lehen orrietan: «Pertsonaiek zapi koloretsuz estaltzen dituzte aho-sudurrak kalean direnean, maskara kirurgikoak jantzita ageri dira gero, eta libre azkenik».

Ikastolen Elkarteko lehendakari Jose Luis Sukiak Xabiroi-ren 18 urteko bilakaera eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmendu ditu: «Komikigintza ez dago oraindik nahiko genukeen lekuan, baina ez dago konparatzerik duela 18 urteko egoerarekin». Sukiaren arabera, «merezi izan du Xabiroi-rekin egindako ahaleginak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.