Donostiako 59. Zinemaldia

Bizitzaren alde ilunetik

'No habrá paz para los malvados' aurkeztu du Enrique Urbizu zuzendari bilbotarrak, «gihar asko eta gantz gutxi» duen 'thriller'-aTxaloak baino txistu gehiago jaso ditu Kim Ki-duk korearraren 'Amen' esperimentalak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Herenegun Intruders filma lehiaketatik kanpo aurkeztuta eta hasiera ekitaldia burututa, atzo hasi zen Donostiako 59. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehia. Bi film erakutsi zituzten Sail Ofizialean, oso ezberdinak bata bestetik, baita ikusleen harreraren aldetik ere: txalo zaparrada eskaini zion Kursaaleko publikoak Enrique Urbizu bilbotarraren No habrá paz para los malvadosthriller-ari, eta txalo batzuk bai, baina are txistu gehiago, berriz, Kim Ki-duk korearraren Amen lan esperimentalari. «Alde ilunera» igaro den polizia bat da lehenean protagonista, Jose Coronadoren lan interpretatibo indartsuak eutsia. Gizon baten bila etsi-etsian dabilen neska gazte bat da istorioaren ardatza bigarrenean, Kim Ye-nak gorpuztua; bera eta gizon maskaradun misteriotsu bat dira pertsonaia bakarrak film ia mutu horretan.

Publikoaren harreraren parekoa izan zen hedabideek bi lanen zuzendariei eginikoa emanaldi bakoitzaren osteko agerraldian. Galderekin batera, goraipamenak eta zorionak jaso zituen Urbizuk, eta irribarreak eta elkarrekiko hitz onak izan ziren nagusi pelikulako taldean; itaun asko, ordea, doinu kritikoan egin zizkioten zenbait kazetarik Kim Ki-duki.

Santos Trinidad polizia inspektorea da Urbizuren lanean erabateko protagonista. Gogorra, zakarra, edanari emana, iragan ilunekoa... Gau batez, erabat mozkorra dagoela, hilketa batean nahastuko da, eta ihesi alde egin duen lekuko bakarraren bila arituko da. «Okerrenarena egin behar duzu», azaldu zion Coronadori Urbizuk lana eskaini zionean. Zuzendariaren hitzetan, inspektorea «pertsonaia erabat akitua, azpiratua, autoestimurik gabea, aurrera egiteko inolako arrazoirik ez duena eta barnean min handia daramana» da, bere bizitzaren gainean inolako kontrolik ez duena.

Antzerako definizioa egin zuen Coronadok. «Horrelako pertsonaia batek ezin du bere burua zuzendu, izenburuak berak esaten du». Poliziarena maiz egin izan du aktoreak 25 urteotan. «Pertsonaia prestatzen lau urte eman ditut, hori luxua da egun, eta filmaketa iristeko irrikaz geunden, haren barruan sartu eta haren utzikeria lantzeko. Tipoak bere burua gorroto du, alde ilunera pasatu da, erabat doilorra da eta ez du ezertxo ere heroitik». Testu gutxi izanik, gehiena «begiradekin eta keinuekin» adierazi behar izan du.

Askotariko osagaiak nahasten dira istorioan: polizia ustelak, zelula islamistak, narkotrafikoa... New Yorkeko Irailaren 11ko atentatuen edo Madrilen Martxoaren 11n izandakoen oihartzunei buruz galdetuta, «sotilki memoria kolektiboa ukitzen duten paisaietan zehar ibilbide bat» egin duela esan zuen zuzendariak. «Hau ez da M-11ri buruzko film bat, baina bai zer egiten dugun gaizki, nolatan diren posible halako gauzak, horren inguruan gogoeta egiteko film bat». Ikuslearengan «larridura eta ziurtasun ezaren sentipena» eragiteko asmoa izan du.

Hollywoodeko genero beltzari omenaldia egin nahi izan dion galdetuta, ezetz esan zuen zinemagileak, egon daitekeela haren eraginik, baina ez thriller europarrak edo 60ko urteetako Italiako zinema politiko-sozialarena baino handiagoa. «47 urte betetzera noa, eta bat ez dago omenaldietarako. Kontatzen duzun horretan oinarritu behar da film baten eszenaratzea; bestela, ez zait zintzoa iruditzen». Inspektoreak genero zinemaren arketipotik baduela aitortu zuen, «generoa maite dugulako, baina badu ere westernetik planoen angelu batzuetan, eta baita Anís del Mono-ri buruz hitz egiten duten Madrilgo tabernariak ere...». Aniztasun hori Zinemaldiko Sail Ofizialean ere ikusi duelako pozik agertu zen.

Thriller huts baten osagai guztiak dituen lana egin dutela uste du Coronadok, «gihar asko duena, eta gantzik ez». Dena «mamurtuago» ematen duten thriller estatubatuarren parean, «ikuslearen inteligentzia errespetatzeko ariketa» egin du Urbizuk, aktorearen ustez. Haren zuzendaritza lana goretsi zuten aktore guztiek; haren alde beren burua amildegian behera botako luketela esan zuten guztiek, banaka-banaka, baita ekoizleek ere, broma artean.

Zinemaren munduan hasi berri den gazte batek egin zion azken galdera. Halako genero batean jarduteko gomendioren bat eskatu zion Urbizuri. «Berandutzen ari zaizu ba! Has zaitez idazten eta har ezazu kamera bat, orain inoiz baino errazagoa baita. Tira, kostako zaizu, niri film hau egiteak zortzi urte eskatu dizkit, baina ibilian-ibilian lortzen dira gauzak. Nik ez dut hainbeste zinemagile frustratu ezagutzen benetan saiatu direnak. Zinema egin nahi baduzu, egingo duzu; egiten dugunontzat, gaixotasun bat da».

«Mundua emakumea da»

Halako umore onik ez zen izan Kim Ki-duken agerraldian. Kritikak ez zion erakargarritasunik topatu margolari baten bila dabilen neskaren istorioari. Parisera doa aurrena, handik Veneziara, atzera Frantziara... gas maskara bat jantzita daukan gizon bat etengabe atzetik duela. Lau gai landu dituela esan zuen: maitasuna, bizitza heriotzaren aurkako zerbaiten gisara, bizimodua eta zinema. Muturreko egoera bati aurre egiteko erlijioak izaten duen eragina aztertu nahi izan du zuzendariak.

Hortik aurrera, askotariko galderak. «Zer duzu emakumeekin?» Bere asmoen eta ikusleen interpretazioen artean gaizki-ulertuak izaten direla esan zuen, eta gehiago zaindu beharko duela gai hori. «Gizon bat naiz; beraz, mundua emakumea da niretzat». Giroko soinuaren tratamenduari eginiko kritika izan zen hurrengo galdera, eta «zarata da bizitzaren soinua» esanez erantzun zuen. Gidoi ezak eta plano batean bere kameraren itzala agertzeak ere ez zioten mesederik egin.

«Ez dut film hau egin kritikari baten bost izar jasotzeko», esan zuen azkenean. Emaitzarekin gustura geratu zen galdetu zioten, baita saririk nahi ez bazuen lehiaketara aurkezteak zentzurik ote zuen ere. «Sari asko irabaziak ditut dagoeneko. Hain garrantzitsua al da Maskorra?», galdetu zuen. Filma lehiaketatik kanpo aurkeztuko zela uste zuela esan zuen, eta Donostiara iristean esan ziotela lehian zegoela. «Duela hamabost urte hasi nintzen filmak egiten, eta beti pentsatu izan nuen horretarako sistema eta kapitala beharrezkoak zirela. Baina jabetu nintzen ezin nuela neure burua nahi nuen bezala adierazi, nire filmak ez zirela zintzoak».

Hori gainditu nahi zuen Amen-ekin. «Banuen gogoa sistemaz, ikusleaz eta kapitalaz libratzeko. Zineman kapital asko eta eduki gutxi dago gaur egun». Dirurik, talde teknikorik eta —Kim Ye-na salbu— aktorerik gabe grabatu du lana zinemagileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.