Bizitzaren alde guztien bila

Argentinako 1976ko diktadura ardatz hartuta, 'Ispiluen arteko zirriborroak' liburua kaleratu du Amaia Iturbide idazleak. Eleberria, ilustrazioak eta poesiak bildu ditu lanean.

Argentinan girotu du azken eleberria Amaia Iturbidek. AMAIA ITURBIDE.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian lana aurkitzeko esperantza handiegirik ez, eta Argentinara jo du Nagore Larraldek. Buenos Airesko Kafe Antzokian lan egiteko aukera duela esan dio aspaldiko lagun argentinarrak, eta bitan pentsatu gabe hartu du hegazkina. Protestak ikusi ditu Argentina zapaldu eta berehala. «Begiak erorita eta bihotzak puskaturik, halaxe zeuden han bildutakoak, argentinarrek asko baitakite erraiez eta errai ondokoez, asko infernu osoak daramatzaten gauez, asko ezkurrak, gezurrak eta bestelakoak irensteaz». 1976ra, Jorge Rafael Videlaren diktadura militarraren garaira bidaia egin du Amaia Iturbide idazleak bere azken liburuan (1961, Bilbo). Nagore Larralde pertsonaiaren bizipenekin, herrialde horretako biktimei ahotsa ematen saiatu da Iturbide Ispiluen arteko zirriborroak (Beta edizioak) eleberriaren bidez; baita desagertuenganako eta haien senideenganako hurbilketa egiten ere.

Saiakera, poesia eta ipuin idazlea da Iturbide, eta hamahiru liburu ditu kalean. Hamalaugarrena da hau. Idazlea izateaz gain, margolaria ere bada. Eta lantzen dituen hiru genero bildu ditu bere azken liburua osatzeko: eleberri labur bat, pintura erreprodukzioak eta poemak. Hiru ataletan banatu du lana, baina guztiak daude Argentinarekin lotuta. Liburuaren azalean azaltzen den irudia ere berak egindakoa da. Guztira, hamasei irudi jaso ditu liburuan. «Eleberria idatzi ahala sortu ditut irudiak, eleberria hobeto girotzeko».

Argentinako kulturarekin zerikusia duten gaiak eta Videlaren diktaduraren errepresioari erreferentzia egiten diotenak margotu dituela azaldu du Iturbidek. «Argentinaren eta Euskal Herriaren arteko kulturaz ari diren pinturak ere badaude». Poemak ere gehitu dizkio liburuari. «Bi arrazoi nagusirengatik: Juan Gelman poeta argentinarraren bizitza eta poemak aspaldi ezagutzen ditudalako, batetik. Eta Jorge Luis Borges idazle argentinarra ere nire idazle gogokoen zerrendan dagoelako, bestetik». Bi idazle argentinarrei eskainitako poemak daude idatzi dituenen artean. «Argentinak jasandako errealitate anker haren ispiluak dira poemak».

Alde ilunaren bila

Idazleak dioenez, Argentina distirarekin lotuta egon da beti. «Irudi hori etorri zaigu lurralde horretatik beti; tangoa bera ere distira hutsa da. Baina, diktadurak sortutako hondamendiaren ondorioz, mate kolorea hartu zuen denak». Ideia horrekin sortu du liburuaren izenburua. «Ispiluak, distiragatik, eta zirriborroak, diktadurak sortutako egoeragatik. Eleberrian, zirriborroen artean mugituko dira diktaduraren biktimak; eta gertutik ezagutuko ditu Nagore Larralde pertsonaia nagusiak». Errealitatearen eta fikzioaren artean aritu da Iturbide lana osatzerakoan. Eta psikoanalisiak eta elkarrizketa sakonek toki propioa dute eleberrian. Besteak beste, protagonistak lan egiten duen Kafe Antzokian eta Buenos Airesko taxietan dituen solasaldietan ezagutuko ditu Larraldek Argentinako diktaduraren alderik ilunenak, eta bere bizitzaren zentzua bilatzen saiatuko da aldi berean.

Ikusten denaren eta ikusiezina denaren arteko dialektika da, oro har, Iturbideren azken lanak duen oinarria. «Bizitzak gordeak dituen aldeak arduratzen zaizkio protagonistari. Kopetan hematoma bat du, eta Ilargi Ubel deituko diote Argentinan, alde ilun horri erreferentzia eginez». Eleberrian azaltzen diren bi sinbolotan egin du indar Iturbek: lainoan eta Rio de la Platan. «Sarritan, lainopetik hobeto ikusten dira gauzak; batez ere, errepresio garaietan. Rio de la Plata, berriz, bizitzaren eta heriotzaren sinboloa da».

Aspaldikoa da Iturbek Argentinarekin duen lotura. «Senide batzuek urte asko eman zituzten Argentinan, Juan Domingo Peron gobernuan zela. Sarritan aritzen ziren hango egonaldiez hizketan, eta handik dator lurraldearekin dudan enpatia. Videlaren diktadura iritsi zenean, mina sentitu nuen, Argentina etxeko zati bat bezala sentitzen dudalako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.