Miren Amuriza. Bertsolaria eta idazlea

«Bizitzak zabar tratatu bazaitu, zabartzea besterik ez zaizu geratzen»

Basurde inguratu baten irudiarekin lotzen du Sabinaren bizi unea Miren Amurizak. Hura da 'Basa'-ren ardatza, eta haren bueltan datoz zaintzearen eta zahartzearen talkak eta ezinak.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Oholtza gaineko jardunak dakarren biluztasun sentsazioaren aldean, Miren Amuriza Plazak (Berriz, Bizkaia, 1990) dio orain, «komatxo askorekin», biluzik ageri den argazki bat jendeak eskuetan izango balu bezala sentitzen dela. Igartza bekaren bultzadarekin kaleratu du Basa (Elkar, 2019), estreinako eleberria, eta beste alde bat ere sumatu du bertsoarekiko: obra defendatu beharra. Eragin eremua gutxika-gutxika murriztuz doakion andre bat jarri du ardatzean; andre menderakaitz bat, andre basa bat: Sabina. Lehen lerrotik agertuko da haren patua idatzita, eta tentsioak gora besterik ez du egingo kontakizunean, zaintzaren gatazka zelaian lurra harrotuz, hasitako lekuan bukatzeko.

Eleberri proiektua aurkeztu zenuen Igartzara; saritu zintuzten, eta gero, nola joan da urtea?

Aurkeztu nuen Paperezko txoriak hartatik Basa-ra soiltze lan handia izan da; kentzea, eta fokua benetan agertu nahi nuen horretan jartzea: protagonistarengan. Sabinari bere onena emango zion testuinguru bat bilatzea eta hori eraikitzea izan da ariketa. Gai jartzaileek plazetan gurekin egiten dutena: gaiak jarri, guk aurpegi ahalik eta gehien erakusteko, guretik onena emateko.

Non du abiapuntua istorioak?

Ni ez naiz baserritarra, baina baserri auzo batean bizi naiz. Guraso biak ere baserrian jaioak dira, aitona-amama laurak baserri munduari lotutakoak... Ume-umetatik buruan izan ditut Sabinaren profilarekin bat datozen andre tenperamental, zakar, gogor horien irudiak. Umetan, baten etxetik bestearenera sartu-irtenean aritzen ginen, batean bazkaldu, bestean meriendatu... Gogoan dut albokoen etxera sartzen ginenean bildots bat egoten zela, kakoan eskegita, narratuta, odola zeriola. Gure aitak ere bazuen Etxanoko mendi punta batean bizi zen izeba bat, bakarrik bizi izan zena, eta akordua daukat hara joan, eta eskailera buruan akerra ikusi izana; edo gure amama txakurrekin borrokan, zauriak egin eta katuari ematen miazkatzeko... Irudi horiek eta figura hori, Sabinarena, izan dira ardatza hasieratik.

Aurkezpenean ñabartu zenuen andre basa bat dela, eta ez basandere bat.

Bai, basanderea ukitu mitologiko batekin lotzeko arriskua ikusten nuelako, ukitu oniriko, are, jainkotiar batekin. Eta hor berriro goaz emakumeari gordintasuna kentzera. Ez nuen hori nahi.

Ez da izango, gainera, ezagutu dituzun andre horien ezaugarri.

Ez, inondik ere ez. Nik andre lurtar bat irudikatu nahi nuen, zentzurik literalenean: gordinetik, zentzu humano eta animalienean. Hori ez dut topatu inon irudikatuta, bere horretan. Ez nuen horregatik egin, noski. Baina deigarria da orain zenbatek esan didaten: «Jo, hau gure ama da, gure izeko, gure amama...».

Basak izan dezakeen zama negatibotik urrun, zentzu askatzaile batetik eraiki nahi izan duzu protagonista?

Sabina mugimenduan jartzen nuen bakoitzean, pentsatzen nuen maitatzeko bezainbat gorrotatzeko arrazoiak eman behar nizkiola irakurleari, pertsonaiarekin justua izan zedin. Eta Henryrekin berdin, zeren oso erraza baitzen Sabina mirestea eta koinatua gorrotatzea, baina, hala, kartoizko pertsonaiak izango ziren. Azkenean, Henry ere zer da bada? Beldurtuta dago, ez du hil nahi, ez du afekturik jaso bizi guztian... Gizajo bat, zentzurik humanoenean.

Buruan izandako andre horiei nola begiratzen diezu? Nola begiratzen diozu basatasun horri?
   
Idazten ibili naizen bitartean erebilatu dut haiekin egotea, elkarrizketa informalak izan eta oharrak hartzea. Buruan egindako irudi batekin hurbiltzen zara, konkrezioen bila, baina, parean dituzunean, ñabardurak askoz gehiago dira. Konturatu naiz, baita ere, zer hizkuntza ezberdina erabiltzen dugun. Amonari esan nionean: «Zuk, amona, zenbat lagun zaindu dituzu zure bizitza osoan?». Espero nuen esango zidala: «Seme-alabak, bilobak, hau, bestea...». Baina ez. «Zaindu? Nik?», berak. Esan nahi dut, hemen gatoz gu neska ikasiak, baina nik zaintzaz dakidana askoz gehiago da teoria praktika baino. Elkar ez ulertze horretan egiten du klak. Gizona ohean duenak goizero aldatzen dio fardela, gaixoari botikak ematen dizkio... baina haientzat eguneroko eginbehar isolatuak dira; ez dute zaintza osotasun batean ulertzen. Ez zuen zentzurik edukiko andre basa bat agertzeak azaldu barik zergatik heldu den horrelakoa izatera: kontua ez da basa den edo ez, zergatik baizik.

Eta zergatik? Nola uste duzu eraikitzen dela identitate hori?

Esango nuke zabarkeriak zabartasuna dakarrela. Bizitzak zabar tratatu bazaitu, eta bitartekorik izan ez baduzu hori lantzeko, buelta bat emateko, zabartzea besterik ez zaizu geratzen; bizitzaren aurrean hala agertzea.

Oso umetatik lanean egon den belaunaldi bat, gutxirekin ikasi duena aurrera egiten.

Bai. Guk, nolabait, dugun erosotasun mailagatik, denbora dugu gauzen zergatiez hausnartzeko, baina egunerokoa ateratzea egun osoko lana denean, ez duzu modurik. Horrela ikusten ditut orain.

Hor dator zaintza ulertzeko belaunaldien arteko talka; zaintza politikotzat hartzea edo ez; zaindua izatea ala gobernatua. Erdigunean dagoen eztabaidari geruza bat eranstea izan da asmoa?

Asmoa baino, bideak ekarri duen zerbait. Baina bai, uste dut edozein eztabaidatan inportantea dela gatazkan parte hartzen duten agenteek ahalik eta ertz gehien duten pertsonaiak izatea fikzioan. Zaintzaile eta zainduen kasuan, gizartearentzat zaintzailea ikusezina da, koitadua, eta asko daude egoera horretan, menpekotasun eta prekaritate absolutuan. Baina zaintzaileen artean ere denak ez dira otzanak.

Sabinari, bederen, zaintzeak boterea ematen dio, agentzia bat.

Bai. Interesgarria iruditzen zitzaidan hori agertzea; adibidez, bera konturatzen den momentuan Henryri aulkia leihotik botatzen balio harenak egin duela. Hor ahaldundu egiten da, botere bihurtzen du zaintzaile posizioa.

Zaurgarritasuna onartzea kostatzen zaio Sabinari. Ez du zaindua izan nahi, baina Henryren zaintzaile izaten segitu nahi du. Hortik hasten da desautorizazioa, inor gehiago zaintzen uzten ez diotenean.

Bai. Behin irakurri nuen emakumezkoak luzaroago bizitzearen arrazoietako bat hori izan zitekeela: erakutsi dizutenean zure funtzio bitala besteei eustea dela, azkenean, eutsi egiten diozu; eutsi, eta sokatiran bestea jausten denean, norbera ere orduan jausten da, pla, atzetik. Hor dago Sabina: pixkanaka, seme-alabek desautorizatu egiten dutela ikusten ari da, erabakiak atzetik hartzen hasi direla. Seme-alabentzat, zaintza dena kontrol moduan bizi du, eta errebelatu egiten da; ez nazatela ahul ikusi, ez hainbeste ahuldadeagatik, autoritatea jokoan dagoelako baizik.

Karmelek sentsibilitate gehiago agertzen du horrekiko, baina Joseba semeak ez. Zaharrei ahotsa kentzea bihurtu da gaurko korapilo trinkoenetako bat?

Bai, helduak hasten direnean zaharrak ume lez tratatzen. Batzuetan, zaharrak eurak hasten dira erregresioan,umetzen, baina, beste askotan, inguruak egiten duen zerbait da. Horri lotutako irudiak ere banituen buruan. Joseba, isil-isilik, estatu kolpe bat gertatzen ari da, ama kentzeko. Hiru seme-alaben bidez, horrelako egoera batean egon daitezkeen erantzunak agertu nahi nituen. Ez da kasualitatea semeak jarrera bat izatea eta alabak beste bat.

Alabak arduraz jokatu nahi du, nolabait errespetatu amaren eremua, baina berak ere ez du argi mugak non dauden.

Bai. Ez da erraz jakiten noiz ari zaren haren onerako, eta noiz zeure onerako. Askotan pentsatzen dut: noiz bihurtzen da bat norbere amaren ama? Edo aitaren ama? Hor irekitzen da dena: zaintza, ardurak, autoritatea...

Eta hor sartzen da zaharrak zuzenean tuntuntzat jotzearena.

Bai. Arin eta txarto esanda, zaharrak, garai batetik aurrera, traba egiten du. Sabinak esaten du berak zahar etxeak bizikleta eta kafetera zaharrak erretiratzeko lekuen modura ikusten dituela. Ganbarara igo, eta ahaztu. Hori egiten dugu: ez dute funtzionatzen, beraz, kendu, gure min eta antsietate guztiarekin.

Praktikotasunagatik.

Sistemak garamatza horretara: dauzkagun lanekin, bizimoduekin, zaintza duin bat eskaintzea eta zure bizitza aurrera ateratzea ezinezko bihurtzen da. Bai, Karmelek ere ondo egin nahi du, baina gaur kontua antolatuta dugun moduan, oso zaila da.

Hirugarren alaba bat ere badago, Esther. Besteak baino gutxiago ageri arren, badu pisua.

Pisua du, hain justu, absentziagatik. Ezagutzen dugun beste patroi bat da: alde egiten duenarena. Esther arrazoi asko tarteko urrundu zen, baina berak du Sabinaren izaerarik antzekoena. Ama-alabak bi ispilu aurrez aurre bezala irudikatzen nituen; bi ispilu parez pare ipintzean, sakontasuna handitzen da; ez du amaierarik, infinitua da. Sabinak burugogortasunez jarraitzen du: zenbat eta gehiago urrundu zu, orduan eta gehiago saiatuko naiz eusten ni.

Liburuko alderik aipagarrienetakoa da hizkuntzaren lanketa. Kontatu nahi zenuena besteko garrantzia eman diozu?

Gustura ibiltzen naizelako horretan. Testua laburra izango zenez, hitz eta esaldi guztiek ahalik eta zehatzenak izan behar zuten. Hizkuntzarekin dabilen edozeinentzat, zer gutxiago arkatza ahalik eta gehien zorroztera konprometitzea baino. Hau gerora pentsatu dut, baina ni herri euskaldun batean bizi naiz, euskaraz noa okindegira, bankura... euskararekin lotutako nire borroka, egunerokoan, ez da erabilerarena. Nire borroka hizkuntza adierazkor eta konpetente bat erakusten saiatzea izan daiteke. Irakurle batzuk bidean galdu nitzakeela banekien, baina uste dut konplexurik gabe erabili behar dugula hizkuntza, ezagutzan sakondu.

Gaztetatik zabiltza bertsoaren plazan; liburua idatzi artean bi txapelketa igaro zenituen. Nola bizi duzu bertsoa egun?

Bertso mundua, beste edozein lez, gorabeheratsua da niretzat. Egia esan, liburua aitzakia ona izan da, besteak beste, beste gauza guztiei buruz ez pentsatzeko. Txapelketa bi joan dira tartean, baina ez dut horri buruz gehiegi hausnartu. Dagoeneko hamar bat urte badira, eta igartzen dut jada ez garela gu plazako gazteak. Beste leku batzuetatik kantatzeko tokien bila ikusten dut nire burua. Askotan zalantza askorekin, baina, ezer esatekotan, taldea inoiz baino trinkoago sentitzen dut. Kontrako eztarritik-en [bertsolaritzako genero gatazka landu du Uxue Alberdik liburuan, hamabost testigantza bilduta] harira sortu den denak eman digu indar bat.

Zer izan da lekukotza ematea?

Denbora asko generaman honi bueltaka, baina ni behintzat behartu nau bestela pentsatzen jarriko ez nintzen zenbait gaiz pentsatzera; identifikatzera noiz sentitu garen gutxietsiak, noiz eman diogun buelta ondo. Bizipenei irakurketa kolektibo bat emateak talde modura trinkotu gaitu.

Sormenean beheraldi bat izatean, diozu pentsatu izan duzula ama izan edo zinegotzi sartzea. «Badakit ispilukeriak direla. Beraz, hutsune existentziala datorrenean, dagoena onartu, eta aurrera». Nolaba it zentzu bilaketari lotuta bizi duzu sormena?

Bai, eta, tira, ama izanda edo zinegotzi izanda ere jarraitu dezakezu bilaketan. Izaera edo ideologiagatik horrelakoa bazara, beti jarraituko duzu hortik. Aldea da bizitzaren ardatzean ipintzen duzun, edo osagarri modura. Sormenetik bizi nahi baduzu, ezegonkortasuna onartu behar duzu, ondorio guztiekin. Ezegonkortasun hori askatasun modura interpretatu daiteke, baina antsietate handia sortu ahal dizun zerbait ere izan daiteke.

Nondik zaude gertuago orain?

Agian, inflexio puntu batean. BERRIA-n zutabegile hasi nintzenean, duela hiru urte, Huhezin [Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea] eskolak ematen nituen, eta bide hura itxi egin nuen. Bertsoetatik zein idaztetik jotzeko apustua egin nuen. Hautua behin eginda nahikoa izango zela uste nuen, baina konturatu naiz, beste bizi-hautu batzuk agian ez baina hau behin eta berriro egin behar dela. Amaitu dut liburua, lan solte batzuk egiten aritu naiz autonomo modura, eta orain? Adina ere bada. Nire inguruan ama izan ez izan eta irakaskuntzako zerrendetan sartu ez sartu erabakitzen ari dira asko. [Barre] Eta ni, berriro, apustua egin beharraren atakan nago. Sormenaren B plan honek hori du: etengabe bila aritu beharra.

Sormena hainbat eratan bideratzeak «porrotarekiko beldurra» baretzen dizula diozu.

Bai. Bertsotan, esaterako, txapelketan ondo joan ez bazaizu, berehala dator beldurra, «erretiratu egingo naiz» esatea. Literaturan ez naiz sartu plazak zabaltze hutsagatik, baina aukera ematen dit arnasa hartu, eta gustuko dudan horretan segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.