Zinema. Estreinaldiak

Bizitza, telebista programa bihurtuta

Matteo Garrone italiarraren film berria da 'Reality', komunikabideei buruzko komedia bitxia

Reality filma. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Matteo Garroneren izena ezagun egin zen Europa osoan, 2008an estreinatu zuen Gomorra filmaren bitartez. Ez zen hori haren lehen filma, baina Roberto Saviano idazlearen liburuaren egokitzapenak sekulako oihartzuna izan zuen. Batetik, filmak arrakasta handia lortu zuelako, eta, horrekin batera, hainbat sari garrantzitsu eskuratu. Bestetik, mafiaren gainean ematen zuen begirada guztiz ezohikoa zelako, erakunde horretako kideak modu gordin batez agerrarazten baitzituen.

Savianorekin gertatu zen bezala, Garronek ere heriotza mehatxuak jaso zituen. Beharbada horregatik, bere hurrengo proiekturako oso bestelako gai eta tonua aukeratu zituen. Reality-k ez du zerikusirik Gomorra-rekin, film berri hau telebistaren inguruko komedia bitxi bat baita.

Luciano Napolin bizi den arrantzale bat da. Horrez gain, emaztearen laguntzaz hainbat iruzur txiki egin ohi ditu. Pertsona jatorra da, etorri handikoa, eta inguruko guztiek ongi pasatzen dute haren imitazio eta txisteekin.

Hori dela eta, egun batean telebistako reality show batean parte hartzea proposatuko diote. Big Brother-en antzeko batean izena emanen du Lucianok, eta, hortik aurrera, bizimodua guztiz aldatuko zaio. Errealitatearen pertzepzioa galtzen hasiko da Luciano.

'REALITY'

Zuzendaria: Matteo Garrone.

Aktoreak: Claudia Gerini, Ciro Petrone, Nunzia Schiano, Aniello Arena, Angelica Borghese, Loredana Simioli.

Herrialdea: Italia.

Iraupena: 115 minutu.

Estreinaldia:Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.