Itziar Ugarte Irizar. Idazlea

«Bizitza ospatu nahi bat dago, hutsuneaz kontziente izanik»

«Aurretik gertatu denak leku horretara gero heltzen denari nola eragiten dion» aztertzea izan da, Ugarte Irizarren hitzetan, 'Gu gabe ere' bere lehen poema liburuaren ardatz nagusietako bat.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Urtemugekin betetzen ditugu/ egun berrien azalak/ eta haiei esker ikasten dut ostera/ garai hau ez dela beti/ izan zitekeena». Oinordetzan jasotakoaren eta eraiki beharrekoaren artean dabil Itziar Ugarte Irizar (Oñati, Gipuzkoa, 1995) idazle eta BERRIA egunkariko kazetariaren ahotsa Gu gabe ere poema bilduman (Susa). Bizitzea suertatu zaion aroa ulertu nahian, eta utzi nahi lukeen arrastoaz gogoetan. «Jendeak, momentuko erabakiek eta giroek egiten dituzte garaiak, eta ez da bakarrik gauzak horrela zirela, baizik eta baldintza handiagoek ere egin zutela gauzak hala izatea; eta, beraz, eraikuntza bat bada, horrek aukera uzten du gauzak aldatzeko ere». Atzo aurkeztu zuen bere lehen liburua.

Aurreko belaunaldiei eskainitako begirada batek gurutzatzen du liburua alderik alde.

Gertuko hiru pertsona edadeturen heriotzari lotutako garai bat biltzen du liburuak. Heriotzarekin izandako lehen esperientzia izan zen, eta, haiek hiltzearekin batera, beste zerbait ere mugitzen zela ikusi nuen. Hori izan da liburua idaztean buruan ibili ditudan galderetako bat: leku batean aurretik gertatu denak nola eragiten dion leku horretara gero heltzen denari. Eta etxeko eremua behatoki ona izan da horretarako: gertuen ditudanak izan dira.

1936ko gerran anaia fusilatu zioten senidearen kontakizuna dakar Zuloa leiho poemak. Zuk gehiago kontatzeko eskatu arte, badirudi etxean esplikazio labur bat nahikoa izan zela hilketa hori gogoratzeko.

Nire aitonaren arreba da poemakoa. Esanguratsua egiten zait batzuetan gauza batzuk nola murrizten diren irudi, keinu edo anekdota bakar batera. Aitona-amonen etxean beti ezagutu dut gazte baten argazkia, eta banekien gerran fusilatu zuten aitonaren anaia zela, baina, denborarekin, konturatu nintzen horretaz ez zela asko hitz egin etxean. Irudi hori nuen poemaren abiapuntuan, eta gerora jakin nuen bizirik jarraitzen duen arreba bakarra bertan zegoela anaia eraman zutenean. Berak kontatutakoarekin asko aldatu zen poema, eta polita iruditu zitzaidan poemara ekartzen saiatzea adin bateko jendeak hitz egiteko duen modu hori eta kontatzeko gaitasun hori.

36ko gerra agertzen da beste poema batean ere.

Alberto Barandiaran entzun nuen aurrekoan Gurea falangista zen liburuaz; kontatzearen garrantzia nabarmentzen zuen, eta isiltasun handi batetik gatozela. Zirrara eragiten dit horrek. Igual, nire heziketatik, ez dudalako sentitzen gauzak isildu beharrik, eta ikusten dut gatazka politikoaren beste fase batean ere errepikatu den zerbait dela. Talka bat ikusten dut hor. Behar izan dutelako hori, eta nik, berriz, nahi dudalako jakin, eta behar dudalako galdetu.

Komunikatua poemak gogora ekartzen ditu zuk 10 urte zenituela ETAk iragarritako su etenak etxean eragindako erreakzioak. Erdizka ulertzen den gatazka batera jaiotzearen sentsazioa biltzen du.

Oroitzapen batzuek aukera ematen didate duda horiek partekatzeko, edo neure buruari galdetzeko hau edo hura gogoratzen badut zergatik gogoratzen dudan, eta zergatik gogoratzen dudan horrela. Momentuan igual ez zara oso kontziente, baina idazten jartzerakoan ohartzen zara.

«Hizki handien ondotik heldu gara gu», dio beste poema batek. Iragana galdekatzea da oraina ulertzeko modu bakarra?

Arakatu behar da nolakoak izan diren aurreko egunak, beren konbultsio guztiekin. Hori ere bada agian nire belaunaldiari tokatzen zaion gauza bat gatazkaren buelta honetan. Nagore Legarreta argazkilariak [azalaren egilea ere badenak] esan zidan liburua irakurtzean, hartutako oharren artean, letra larriz idatzi zuela post-tregoa hitza. Horrek sortzen dituen galderak dira liburukoak. Sentsazioa dut, irakurritakotik eta entzundakotik, oso esaldi handiak egon direla, eta lubaki handiak, eta guri mugimenduan zen lur baten gainean ibiltzea suertatu zaigu. Hizki handien hondar hori ikusi dugu. Horrek ere egin du nire mundua, eta nire begirada. Badago gauza batzuei eusten jarraitzeko zama bat, eta badago jasotako horrekiko deserosotasun bat ere.

Zorion arrastoen bilaketa bat ere badago. Amonei buruzkoetan, esaterako, argi erakusten dituzu haien bizialdi estuak, baina poz zipriztinekin deskribatzen dituzu. Bizitza horien duintze saiakera bat izan daiteke?

Izan daiteke, eta egon daiteke ez oso solemne jartzeko nahi bat ere. Absentziak pisu handia du liburuan, baina bizitza disfrutatu nahiak ere bai, hutsunearen kontzientziarekin. Saiatu naiz emozio eder moduan jasotzen itzaliz doanaren ondoan egote hori. Gustatu zait liburua irakurri dutenei entzutea oso tonu argitsua topatu dutela. Momentuen metaketaren kontzientzia bat dago: nola daramatzazun hainbeste jende, hainbeste leku eta hainbeste momentu zurekin.

Plazer egarria ere badago liburuan, baina sexuarekin lotutako poemek badute halako tentsio giro bat ere. Mugakide dira desira eta mehatxua?

Oso samur trantsitatzen da batetik bestera. Plazera eta mehatxua ez dira berdinak emakume gorputzetik edo gizon gorputzetik edo beste gorputz batzuetatik bizita. Uste dut badaudela bi erritmo paralelo askotan. Etorkizuna poeman bada beste plazer mota bat: pertsona bat da ispiluan bere buruari begira. «Nola liteke/ dena irabazteko izan/ eta dena galtzeko beldur hau». Ametsak eta ilusioak eta une ederrak daude, eta, aldi berean, sentsazio horiek ez dira egonkorrak. Horren kontzientzia hartu gura bat dago, plazera ospatzeko gogo bat, baina ahaztu gabe horrek dauzkan engranaje problematikoak, eta ez dela gauza puru bat, baizik eta momentu bakoitzean bere formak eta bere arriskuak hartzen dituen zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.