Jose Luis Ansorena

Bizitza osoa altxor bat zainduz eta zabalduz

Musikologoa, musikaria, konpositorea, Eresbil artxiboaren sustatzailea eta abesbatza sortzaile eta zuzendaria izan zen, besteak beste. 90 urterekin hil da, ondare oparoa utzita.

Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Musika heziketa hobea jaso ez izanaren pena zuela aitortu izan zuen Jose Luis Ansorena Mirandak (Donostia, 1928). Kaputxinoetan sartu zenean musika ikasketetan sakontzeko asmoa zuela, eta horretarako Erromara bidaliko zutela agindu ziotela, baina gerora ere ez zuela hartarako aukerarik izan kontatu zion BERRIAri 2012an. «Hori gertatu izan balitz, musika gehiago konposatuko nukeen seguruenik, baina zaude ziur ez nituzkeela beste lan horiek guztiak egingo». Eta «beste lan horiek guztiak» ez ziren gutxi izan. Musikagile ez ezik, organo jotzaile, musika ikerlari, hainbat abesbatzaren sortzaile eta zuzendari —tartean Errenteriako (Gipuzkoa) Andra Mari koruarena— eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren sortzaile izan baitzen Ansorena, besteak beste. Atzo hil zen, 91 urte bete bezperan.

Txikitatik jaso zuen musikarekiko zaletasuna Ansorenak. Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen, Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin. Dena den, txistuaren bidez izan zuen musikarekin lehen hartu-emana, aita, Isidro Ansorena, Donostiako Txistularien Udal Bandako zuzendaria baitzuen. «Nik neure kabuz hartzen nuen txistua, eta jo egiten nuen hari ezer esan gabe, baina bazekien, atzetik ibiltzen zitzaidalako». Gazterik erabaki zuen kaputxinoa izan nahi zuela, eta hala, Donostia utzi, eta Nafarroara, Altsasuko kaputxinoen apaiztegira joan zen 14 urte besterik ez zuela. 1953. urtean apaiztu zen.

Iruñean izan zen aurrena, eta San Antonio haur abesbatza sortu zuen bertako kaputxinoen elizan. 60ko urteetan Zaragozara (Espainia) bidali zuten, eta han ere San Antonio izeneko abesbatza sortu zuen. Beti saiatu zen musika ikasketekin jarraitzen, baina ez zuen aukerarik izan. Ezta ondoren ere, 1966. urtean Errenteriara (Gipuzkoa) iritsi zenean. Hala ere, organoa jotzen jarraitu izan zuen beti, apaiz lanetan izan zen leku guztietan. Eta bestela ere ez zen sekula musikatik aldendu; Errenterian urteetan egin zuen lana da horren erakusle nagusia.

Koruen munduan bazuen eskarmenturik ordurako, eta, hala, Errenteriara heldu zen urte berean sortu zituen Gaztedi parrokiako gazte taldea nahiz Andra Mari abesbatza, Karnaba zortzikotea zuzentzeaz gain. «Ni ahalegindu nintzen inguratzen nindutenen buruan musikarekin sentitzen nuen zaletasuna sartzen. Jendea abesbatzan kantatzera bultzatzen nuen, baina alderdi horretan oso zorrotza nintzen», azaldu zuen 2012an. Pianoarekin pieza bat jo, eta ahots eta entzumen azterketa bat egiten zien hautagaiei. 1994. urtera bitarte zuzendu zuen Andra Mari abesbatza. Bitarte horretan, baina, beste hainbat abesbatza sortu zituen, hala nola Orereta haur korua (1967), Alai emakumezkoen zortzikotea (1972) eta Oinarri gazte abesbatza (1976).

1973an Musikaste jaialdia sortu zuen, euskal konpositoreen lanak herritarrei gerturatzeko. Eta hurrengo urtean jarri zuen martxan Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, euskal musikaren astearen bide beretik. «Konturatu ginen urtero astebeteko musika jaialdi bat antolatu behar bagenuen ezinezkoa zela hori egitea euskal konpositoreen piezen partiturak funts handi batean eduki gabe». Partitura horiek bilatu eta biltzen hasi zen orduan: Seat 600 bat utzi zioten, eta harekin, baseliza, komentu, erakunde eta bestelakoetara joaten hasi zen partitura bila. 1974ko ekainetik irailera 300 euskal musikagilerenak bildu zituen, eta Errenteriako kaputxinoen lokal batean gordetzen hasi zen.

Sariak eta omenaldiak

Egun, Jon Bagues da Eresbileko zuzendaria, eta musikaren arloan Ansorenak egindako «lan sozial handia» nabarmendu du. «Uste dut Jose Luisek sumatzen zituela Euskal Herriak kultur azpiegituretan zituen hutsuneak, eta berak, gutxienez musikaren arloan, horiek bete nahi izan zituela. Batez ere musikaren ondarearen aldetik, galdu ez zedin gorde, katalogatu, garbitu eta zabalduz». Eresbil izan daiteke horren isla argiena, baina bestelako elkarteak ere sustatu zituela gogorarazi du.

Baguesen ustez, Ansorenarentzat musika ezin zen «talde txiki batentzat» izan, herri osoarentzat baizik. «Eta esango nuke Andra Mari korala bihurtu zuela ideia horiek gauzatzeko tresna». Goi mailako obrak eta gaur egungo euskal musikagileen lanak gizarteratzeko egin zuen ahalegina ez ezik, haren izaera irekia eta talde lanean aritzeko zuen gaitasuna ere nabarmendu ditu.

Bere burua konpositoretzat jotzen ez bazuen ere, dozenaka musika obra ondu zituen Ansorenak, bai erlijiosoak eta bai profanoak. Haren zuzendaritzapean abesbatzek kantatutako piezen grabazio ugari ere badira. Eta musikari buruzko ehundik gora artikulu ez ezik, hainbat monografia eta ikerketa ere utzi zituen idatzita.

Lan horregatik guztiagatik jaso zuen aitortzarik. 2006an Donostiako Orfeoia-EHU saria eman zioten. Eta ordurako erretiroa hartua bazuen ere, Azkueren herri doinuen datu basea egiten ari zela azaldu zuen saria emateko ekitaldian. 2011. urtean, berriz, euskal kultura sustatzen eginiko lana aitortu zion Eusko Ikaskuntzak, Manuel Lekuona saria emanda. Bere herrian bertan ere jaso zuen aitortza; gaurko egunez, Errenteriako Udalak eta Eresbilek omenaldia egin zioten iaz, 90 urte bete zituen egun berean, hain justu. Musika Plaza izandakoak haren izena darama ordutik.

Omenaldi hura gogora ekarri zuen atzo, sare sozialen bidez, Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Ansorenari eskerrak ematearekin batera. Haren heriotzagatik atsekabea agertu zuten, halaber, Oriol Roch EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak eta Mikel Chamizo konpositoreak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.