HILBERRIA. Jorg Demus

Bizitza oso bat pianoari emana

Ainhoa Sarasola.
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Pianoa jotzeko zuen abileziagatik, haur miragarritzat jo zuten Jorg Demus (Sankt Polten, Austria, 1928). 6 urterekin hasi zen piano eskolak jasotzen, eta 11 urteko mutiko bat baino ez zela onartu zuten Vienako Musikaren Akademia entzutetsuan, pianoa eta orkestra zuzendaritza ikasteko. Debuta egiteko garaia ere goiz iritsi zitzaion, 14 urterekin, artean ikaslea zela. Bigarren Mundu Gerra betea zen, eta Vienako Musikverein entzutetsuko Brahms aretoan errezitala eginda agertu zen gaztea lehen aldiz jendaurrean. Gerra amaituta, mundu osoan jo zuen —Europa, Australia, Hego Amerika, AEBak eta Japonian izan zen biran—, eta Paul Badura-Skodarekin eta Friedrich Guldarekin batera, gerra osteko pianista austriar nabarmenetako bat bilakatu zen. Atzo hil zen Demus, Vienan, 90 urterekin, gaixotasun labur baten ondotik.

Vienako Musikaren Akademian 17 urterekin graduatu ostean, ospe handiko maisuen gidaritzapean jarraitu zuen ikasten pianoa, organoa, zuzendaritza eta konposizioa. Vienan lehenik, eta Parisen ondoren. 1956an Busoni saria irabazi zuen, eta bakarlari ibilbide oparoa osatu zuen handik aurrerakoan ere. Bereziki Bach eta Debbusyren lanen interpretazioengatik nabarmendu zen, baina maiz goraipatu zuten Mozart, Schumann, Beethoven, Schubert, Haydn eta Cesar Francken lanak jotzeko eragatik. Horien eta beste hainbaten obrak interpretatuz hainbat disko grabatu zituen. Halaber, bakarka bakarrik ez, sarritan jardun zuen abeslari zein hari instrumentuen jotzaile entzutetsuen alboan, baita orkestra zuzendari ezagunen esanetara ere.

Musika egiteaz gain, irakatsi ere egin zuen, baita musikaren teoriari buruzko hainbat liburu idatzi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.