Agustin Gonzalez Azilu konpositorea (Altsasu, Nafarroa, 1929-2023) herenegun hil zen, 1951ko musikagileen belaunaldiko kiderik ospetsuenetako bat zena.94 urte zituen. Hainbat sari eskuratu zituen bere ibilbidean: bi bider lortu zuen Espainiako Musika Sari Nazionala, 1971n eta 1998an. 2009an, berriz, Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zuen. Urte berean, gainera, Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioko Urrezko Domina ere erdietsi zuen. 2011n, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa izendatu zuen Gonzalez, «arteen munduan dituen meritu nabarmenengatik».
Bere jaioterrian ezagutu zuen musika mundua, Altsasun, bertako parrokiako organista Luis Tabernarekin batera. 1929an jaio zen, eta txikitatik ekin zion musika ikasteari. Solfeoa, klarinetea zein saxofoia ikasi zituen. Musika konposatzea zuen, ordea, afiziorik handienetako bat. 50eko hamarkadan, Madrilgo kontserbatorioan abiatu zituen ikasketak, eta 60ko hamarkadan, abangoardiako konpositoreak ezagutzeko aukera izan zuen, Europan barna ibili baitzen beka bati esker; Parisen, Erroman, Venezian (Italia) eta Darmstadten (Alemania), besteak beste.
Konpositore Sinfonikoen Espainiako Elkartea sortu zuen 1976an, eta, bi urte geroago, Madrilgo kontserbatoriora itzuli zen, artean, irakasle gisa. Harmonia irakatsi zuen erretiroa hartu zuen arte. 1984 eta 1987 bitartean, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan eman zituen eskolak. Bertan irakatsitakoarekin sortu zuten, 1985ean, kontserbatorio hartakoek Iruñeko Taldea Musikagileak.
HILBERRIA. Agustin Gonzalez Azilu
Bizitza oso bat doinu artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu