Nor bere bidea osatuz doa bizitzan. Bide hori pauso irmoz egiten duela uste izaten du ibilian. Baina adreilu sendoek eutsi beharrean, eraikitakoa hari ahulek eusten dutela uzten dute agerian hainbat kolpek, bizitza hankaz gora jartzeraino. Hutsetik hasi behar izateraino. Ideia horri bueltaka, irudi bat etorri zitzaion berehala Ertza dantza konpainiako Asier Zabaletari: harietatik zintzilik dauden txotxongiloena. «Bat-batean, bizitzan, txotxongilo bati bezala hariak moztu zaizkion eta hutsetik hasi behar izan duen jendeaz hitz egin nahi genuen». Zume horiekin sortu du koreografoak Hariak ikuskizuna, bihar gazteleraz eta etzi euskaraz Donostiako Gazteszenan estreinatuko dutena.
Senide baten heriotzaren harira hasi zitzaion ideia buruan bueltaka Zabaletari. «Une garratzak pasatu genituen, baina niri batez ere arreta eman zidana izan zen pertsona haren gertukoenek, emazteak eta semeak, nola ekin behar zioten berriro bizitzari gertakizun horren ondoren; nola hasi berriz, orain arte eraikita zenuen guztia erori denean. Eta irudi hori etortzen zitzaidan burura etengabe: hariak moztu dizkioten txotxongiloarena, berriz zutik jarri behar duena eta nola ez dakiena». Halako zerbait edonork bere larruan edo inguruko norbaiti gertatzean bizi ahal izan duela dio Zabaletak. «Halako istorioak dira obraren funtsa, eta eszenan bost dantzarik eta giza tamainako bost txotxongilok gorpuztuko dituzte». Natalia de Miguel, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, Maria Andres eta Claudio Rojas dantzariak izango dira oholtzan.
Hortik ikuskizunaren izenburua ere. «Hariak jarri diogu, txotxongiloek presentzia handia dutelako, bai ideian, baita gero eszenan fisikoki ere». Izan ere, hasierako ideia edo metafora hori «fisikoki ere azken muturreraino» eraman nahi zuen koreografoak. Hala, eta Ertzaren ezaugarrietako bat dantza beste diziplina batzuekin nahastea izanik, ez zuen beldurrik izan txotxongiloen mundura hurbiltzeko. «Ez dugu inoiz txotxongiloekin lan egin, baina aukera polita zela pentsatu nuen. Iruditzen zitzaidan hor bazegoela oraindik esploratu gabeko eremu bat, hau da, mugimendu naturalistak egiteko txotxongiloak ohiko moduan manipulatu beharrean, haien lengoaiara dantzarenetik, dantzaren teknikatik gerturatzea, eta haiek dantzan jartzea».
Koreografoaren esanetan, hasieratik izan zuen garbi ez zuela erori nahi panpinen manipulazio naturalista horretan, ez eta dantzariek txotxongiloaren mugimenduak imitatzea ere, baizik eta biak ala biak maila berean egotea. «Nire helburua zen eszenan zeuden bost dantzariak eta bost txotxongiloak denak maila berean egotea, denek mezu bera helaraztea eta ikuslearentzat askotan zaila izatea asmatzea zein den pertsona eta zein panpina. Azken finean, bizitzaren ahulezia hori da helarazi nahi dugun mezua; ikuslea bera ere sentitu dadila txotxongilo, denok garelako askotan bizitzaren txotxongilo».
Harkaitz Canoren testuak
Ikuskizunaren sortze prozesua «nahiko luzea» izan dela dio Zabaletak. «Txotxongiloen manipulazioa nahiko eremu ezezaguna zen guretzat, eta dantzariekin sortze prozesua hasi aurretik, iazko irail-urri aldera Bilboko BAD festibalak eskaini zigun egonaldi batean izan ginen Jorge Jauregi koreografoa eta ni neu». Nolako txotxongiloak beharko zituzten ez zekiten artean, eta Dejabu panpina laborategiak askotarikoak eskaini zizkien probak egiteko: handiak, txikiak, hariekin zein eskuz manipulatzekoak... «Haiekin jolasten aritu ginen, dantzaren lengoaiatik haiengana hurbiltzen eta nolakoak beharko genituen erabakitzen». Hainbat dantza teknika txotxongiloekin probatu ostean, dantzariekin hasi zen lanean Zabaleta: birekin urtarrilean, eta bostekin batera otsailetik aurrera, hiru hilabetez. Beste egonaldi bat egin zuten ekainean, Tolosako (Gipuzkoa) Topic zentroan, guztia borobiltzeko.
Txotxongiloek ez ezik, testuek ere «presentzia handia» dute lanean. Harkaitz Cano idazlearen luma dago horien atzean. «Bien artean, izendatzaile komun gisa ideia nagusia zuten istorioak aukeratu genituen; batzuk tragikoak, beste batzuk arinagoak... Eta gero Harkaitz Canok idatzi zituen istorio guztiak, lehen pertsonan, haiek kontatuko balizkigute bezala». Dantzariek edo txotxongiloek azalduko balituzte bezala entzungo dira istorioak, grabatutako ahotsen bidez, «denak maila berean egoteko». Ez da Zabaleta eta Cano obra baterako elkarlanean aritu diren lehen aldia, eta oraingoan ere «oso erraza» egin zaiola azaldu du koreografoak. Deserriari buruz Joseba Sarrionandiak idatzitako poema batetik ere esaldi bat hartu dute, baita txotxongiloen harira duen beste olerki bat ere, «ikuskizuna eta gaia oso ongi definitzen dituena».
Biharko eta etziko emanaldien ondotik, urriaren 22an Bilboko Guggenheim museoan ikusi ahal izango da obra, BAD festibalaren barruan, eta azaroan, berriz, Tolosako Titirijai txotxongilo jaialdiaren irekiera ekitaldian.
Bizitza, harietatik zintzilik
Ertza konpainiak 'Hariak' ikuskizuna estreinatuko du bihar Donostian. Bost dantzarik eta bost txotxongilok hartuko dute oholtza, Asier Zabaleta koreografoaren gidaritzapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu