Mariano Arsuaga eta Maria Cueto

«Bizitza eta haren harmonia zeinen ederrak diren erakusten dugu»

Landareekiko interesak eta pinturarako bokazioak eraman ditu artista bizitza egitera Arsuaga eta Cueto; ordenaren eta kaosaren arteko balantzan oreka aurkitzen saiatzen dira, nola pinturan, hala eskulturan.

jarraia186770.jpg
2020ko irailaren 11
13:56
Entzun

Berastegin bizitokia duten bi artista dira Mariano Arsuaga (Irun, 1954) eta Maria Cueto (Aviles, Espainia, 1960). Batak pinturarako du trebetasuna, eta eskulturarakoa, besteak. Donostiako Arteleku arte garaikideen gunean gurutzatu ziren haien bizitzak, eta, ordutik, elkarren ondoan aritu dira obrak egiten: elkarren lanak ikusiz, baina bakoitza bere bidean.

Artistak zarete. Nola iritsi zarete horraino?

MARIA CUETO: Landareak asko gustatzen zitzaizkidanez, farmaziako ikasketak egiten hasi nintzen. Unibertsitateak nola funtzionatzen zuen, ordea, ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta, garai hartan, makramea egiten ikasi nuen. Eskumuturrekoak egiteari ekin nion, eta, hortik, tapizak nola egiten ziren ikastera animatu nintzen. Diseinuaz askorik ez nekien, ordea, eta arte teknikak ikasteari ekin nion. Diseinu grafikoa ikasi nuen Oviedoko arte eskolan, eta, gero, Asturiasen jasotako beka bati esker, aukera izan nuen nire jakintza Donostiako Artelekun osatzeko. Artelekun, ehungintza ezagutu nuen, eta hortik pasa nintzen eskulturetara. Eta orain, ehungintza eta landareak daude nire eskulturen oinarrian.

MARIANO ARSUAGA: Nire kasuan, arkitektura ikasten hasi nintzen Iruñeko unibertsitatean. Ordurako, pintatzen hasita ere banengoen; Tolosako Matxin Labaien margolariarekin batera aritzen nintzen. Nire gurasoek, ordea, unibertsitate titulu bat izan nezan nahi zuten, baina pinturara gehiago bideratu nahi nuenez nire ibilbidea, unibertsitatea utzi, eta Bartzelonara joan nintzen pintatzen jarraitzera. Pintatzea eta marraztea gustatzen zitzaidan, eta arkitekturan badago artistikoa den osagai bat. Hori gustatzen zitzaidan niri, ez hainbeste osagai teknikoa. Horrez gain, ni ere Artelekun ibilitakoa naiz; bertan ezagutu nuen Maria, nire bikotea. Hainbat urtez, topaketa batzuk koordinatzen aritu nintzen bertan.

Artista izateko talentua jaiotzetik datorrela uste duzue?

M.C.: Ez nuke jakingo erantzuten. Ni farmazia ikasten hasi nintzenean, ez nuen uste inoiz artista izatera iritsi nintekeenik. Betidanik gustatu izan zait marraztea eta margotzea, baina tira. Gero, kuriositateak eraman nau bide hori hartzera. Bilakaera moduko bat izan da nire kasuan.

M.A.: Nik uste artearekiko nolabaiteko sentsibilitatea edo bokazioa edukitzen dela, baina, gauza guztietan bezala, trebatu ere egin behar zara. Bien arteko batura izan behar da. Gainera, ezagutza guztiak dira onak. Maria farmazia ikasten ari zenean, ez zen praktika artistiko batean pentsatzen ari, baina ikasi zuen guztia, zeharka bada ere, gero bere lanean agertu da.

Sortzen duzuenetik bizi zarete?

M.C.: Bizirik irauten dugu.

Nola lortzen da hori?

M.A.: Bartzelonara joan nintzenean, pintatzeaz gain, esaterako, kamioiak deskargatzen lan egin nuen, eta beste lan batzuk ere egin behar izan nituen aurrera egin ahal izateko. Gero, ordea, pintatzen duzuna ikusgai jartzen hasten zara, eta publikoarekin lehen hartu-emana izaten duzu. Eta, agian, norbaiti zerbait gustatu, eta erosi egingo dizu. Zure obra ikusgai jartzen duzun momentutik, balore bat hartzen hasten da. Arte kritikoek ikusten dute, eta ospe pixka bat hartzen duzu. Hortik doa kontua. Hori bai: autonomoak gara, eta guk arduratu behar dugu egiten dugun prozesu guztiaz. Behar dugun materiala erosi, bezeroak aurkitu... Gure lanak erakusketetan jartzen ditugu, baina gure etxean gune bat daukagu egiten duguna erakusteko eta zuzenean obrak saldu ahal izateko.

Bizilekua eta lanerako lekua ere bada, beraz, Berastegi.

M.A.: Bai, hala da. Berastegin uda asko pasatakoa naiz txikitan; familiaren zati bat bertan bizi da, eta ohitura nuen uda pasatzera joateko. Hala ere, bere garaian, hemen bizitzeko arrazoietako bat zen lan egiteko gune edo lokalak errazago aurki genitzakeela Donostia erdian baino. Eta, gainera, oso leku lasaia da; gurea bezalako lan bat egiteko lasaitasun hori ematen dizu, eta kontzentrazioan ere laguntzen du. Guztia hartu behar da kontuan; aukeratu egin behar duzu, bokazio hori benetan aurrera eraman nahi baduzu. Eta horrelaxe daramatzagu gure bizitzako azken 28 urteak bertan.

M.C.: Izugarri gustatzen zaidan herri bat da Berastegi, eta zer esanik ez nire lanerako. Denbora asko behar izaten dut obrak egiteko. Nik uste dut Madrilen-edo bizitzea hautatu izan banu, ez nituzkeela gaur egun egiten ditudan eskulturak egingo; beste modu batera egingo nukeela lana. Lasaitasun honek badu zerbait berezia.

Batak pintura egiten du; besteak, eskultura.

M.A.: Hori osagai artistikoari begira. Bizitzaren osagaia ere badago, ordea. Mundua ulertzeko, gauzak epaitzeko modua da pintura. Niretzat, pintura nork bere burua ezagutzeko modu bat da, kanpoaldea ezagutzeko modu bat, eta zentzumenak eta sentimenduak azaleratzeko era bat. Zenbait kasutan, nire obra bat espresionista izango da; beste batzuetan, arrazionalagoa edo hotzagoa da egiten dudana. Oso zaila egiten zait esplikatzea nolakoa den nire bizitza, pintura baita nire bizitza.

M.C.: Ni, berriz, landareekin eraikitako elementu geometriko batzuen bila nabil, eta horrela sortzen ditut eskulturak. Bizitzaren ordena eta kaosa erakustea gustatzen zait, eta kaotikoaren kontrakoa den geometria erabiltzen dut horretarako. Haziekin eta hostoekin egiten dut lan, eta horiek, nolabait, kaosa irudikatzen dute, baina beti egitura geometriko baten gainean daude landuta, eta horri esker ordenatzen dira.

M.A.: Gure obretan, errealitatea erakusten duten osagaiak aurki daitezke, gehiago edo gutxiago. Pinturak, ordea, engainatu zaitzake; izan ere, errealitate bat marrazten duzu plano gainean, berez zapala ez dena. Beraz, errealitatea bera ere ordenatu egin behar duzu. Horretan gabiltza biok: behin obrak amaituta, kaosak kaos, bizitza eta haren harmonia zeinen ederrak diren transmititu nahi izaten dugu. Artistok, askotan, ondo ez dagoena salatzen saiatzen gara, eta, gure kasuan, azken urteetan, saiatzen gara kontuari buelta eman, eta unibertsoa zeinen zoragarria eta berezia den erakusten.

Natura da zuen lanei begiratuta ikus daitekeen osagai bat?

M.C.: Landareekin egiten dut jolas. Landare lehorrak eta haziak erabiltzen ditut, adartxoak ere bai, denboran gehiago iraun dezaten. Tolosako Kaiz lore dendakoen bidez lortzen ditut material lehor horiek. Gainera, Berastegin bizita, gertutik ikus ditzaket urtaroak, gertutik zaintzen ditut landareak, haien garapena. Naturaz inguratuta bizi naiz. Lo egiten dudan lekutik bi pausotara ikus dezaket lanerako materiala hazten. Jendeak erakusleihoak ikusten dituen moduan ikusten dut nik nire gustukoa dena etxetik gertu.

Landareen kolore naturalekin lan egitea gustatzen zait, eta baita zuriarekin ere. Zuriak hostoaren forma biluztu, eta purutasun sentsazio bat ematen dio. Egiten ditudan eskultura gehienak zintzilik hartzen dute forma; pita erabiltzen dut landareak neurri eta forma ezberdinetan kolokatzeko, eta, gero, asmoa da pita hori ikusezin bihurtu eta airean geratzen diren landare, hosto, hazi edo bestelakoak soilik ikustea. Azken bilduma urari lotuta ari naiz egiten: iturri baten formako eskultura bat egin dut, arrain sarda bat ere bai...

M.A.: Lehen begiradan, Mariak egiten duen lana eskultura tradizionalen kontrakoa izan daiteke. Berez, buruan ditugun eskulturak burdinazkoak, harrizkoak, finkoak izan daitezke. Berak erabiltzen dituen material eta ezaugarriekin, ordea, bestelako figurak sortzen ditu.

M.C.: Nire eskulturei putz egitean, mugitu egiten dira, eta mugimendu sentsazioa sorrarazten dute. Oinarri-oinarrian, ehungintzatik datozen teknikak erabiltzen ditut. Pitak elkarri lotzeko moduak, elkar nahastekoak, oihal zati baten parekoak izan daitezke maiz; airean bolumena hartzen duten ehun zati modukoak dira.

M.A.: Nire pinturan ere, kasurik abstraktuenetan, koadroen antolaketak paisaiarekin zerikusi handia duela esan ohi dut. Zeruak daude, zoruak dauden bezala. Eta uste dut herrian paseatzen gabiltzanean jasotzen dugun ezagutzaren seinale bat dela hori.

Bizi garen lekua hain herri txikia izanda, gainera, guztiok ezagutzen dugu elkar. Eta, esaterako, urtero izaten dugu bertako eskolako ikasleen bisita bat. Zer egiten dugun erakusten diegu. Herriko erretiratuak ere izaten ditugu bisitan urtean behin.

Orain, zer daukazue esku artean? Zertan ari zarete?

M.A.: Ez dira garai onenak guretzako ere, baina egoerak ez gaitu geratu. Lanean jarraitzen dugu, beti bezala, etxean. Egia esan, nahikoa konfinatuta bizi gara gu beti, bestela ere ordu asko sartzen baititugu tailerrean.

M.C.: Erakusketei dagokienez, asturiar eskultoreen karpeta grafiko batean parte hartzeko deitu ninduten estreinakoz, eta ilusio handia egin dit nitaz gogoratu izanak. Erakusketa ibiltari bat prestatu dute, eta denbora batean Anton de Candas museoan egon da. Horrek ere ilusio berezia egin dit; izan ere, bertan egin nuen nire lehenengo bakarkako erakusketa. Orain, Oviedoko arkitektoen eskolan dago erakusketa hori. Aurrera begirako asmoa proiektu bat prestatzea da egiten ari naizen pieza horiekin guztiekin, gero beste leku batzuetan aurkeztu ahal izateko. Lehenik, ordea, obra amaitu behar dut, eta, ondoren, argazkiak atera behar dizkiote. Denbora beharko dut.

M.A.: Nik, berriz, 1980ko hamarkada amaieratik hona pintatu ditudan lanak, formatu handienekoak, aurkeztuko ditut Eibarko Portalea kultur etxean. Hango aretoa Gipuzkoako udal aretorik handiena da; 700 metro karratu ditu, eta nire koadro handienak eramango ditut hara. Hasieran, urtarrilaren 15erako daukat zehaztuta inaugurazioa; ea pandemiak ez dizkigun aldatzen data horiek.

Egia esan, normaltasunera itzultzea gustatuko litzaiguke, eta, bereziki, egiten ari garen obra ikustera animatu edonor, desiratzen egoten baikara jendea gurekin kontaktuan jarri eta erakusketetara etor dadin. Normalean, gehiegi ez, baina beti izaten ditugu bisitak. Azken hilabeteetan, ordea, geldirik egon dira bisitak.

Artisten bizitza gogorra dela diote. Bat egiten duzue adierazpen horrekin?

M.C.: Bai, artista gehienena hala dela esango nuke.

M.A.: Batzuetan, eskandalu handiak eta dirutza mugitzen den enkanteak soilik erakusten dira prentsan. Baina bizitza, oro har, beti da zaila. Gertatzen dena da bokazioaren ezaugarri hori hor dagoela, baita aske izateko aukera ere, nahi dugun bezala bizitzeko hautua egina baitugu, nahiz eta mugak izan. Nik uste asebetetzen zaituela bizitza honek; kosta ere egiten zaizu, baina baditu bere konpentsazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.