Bizitza eta arte unibertsalak

Amets Arzallusek eta Jean Duverdierrek jaso dituzte aurtengo Biltzar sariak. 'Miñan' eleberriarengatik eta ibilbide oparoagatik saritu dituzte, hurrenez hurren.

Sarako Idazleen Biltzarra
Biltzar saria jaso dute Jean Duverdier eta Amets Arzallusek. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Sara
2024ko apirilaren 2a
05:15
Entzun

Sarako Idazleen Biltzarrari zenbait berrikuntza ekartzen entseatu badira antolatzaileak; urtero-urtero egin izan duten sari banaketa, ordea, atxiki dute. Biltzar saria deitzen diote, eta, aurten, biri eskaini diete: Amets Arzallus Antiari eta Jean Duverdierri.

Arzallus (Hendaia, Lapurdi, 1983) literatura transmititzen aritua da bere bizitza kasik osoan, idatzian ez ezik, ahozkoan ere, eta horregatik ezaguna da bereziki, Euskal Herriko bertsolari ospetsua baita Arzallus, eta, besteak beste, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren garaile izandakoa. Biltzar saria duela bost urte argitaratu zuen Miñan (Susa) eleberriagatik jaso du, bereziki. Halaxe laburbildua du nobela: «Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko».

Hain zuzen, liburuak Ibrahima Balderen istorioa kontatzen du; hobeki erran, Balderen bizitzaren kronika da, «hark ahoz eta Arzallusek letraz idatzia». Horri segika, Arzallusek azpimarratu du jasotako saria ez dela bakarrik berea, baizik eta Balderena ere bai; biena dela. Eta gehitu du: «Hari zor natzaio lan honetan. Eskola bat izan da haren ezagutzea». Saria ere eskertu du, Sarako Idazleen Biltzarraren antolakuntzari mintzatuz lehenik, baina, ondotik, euskarazko irakurleei. Bukatu du: «Kontzientzia horren lanketan segi dezagun aitzina».

Liburua argitaratu zenetik hona, irakurle ugari bildu ditu, eta hainbat hizkuntzatara ere itzuli dute. Datozen hilabeteetan, antzerkira helduko da, Artedrama konpainiari esker.

Hitzik gabeko mintzoan

Duverdier, berriz, marrazkilaria da (Baiona, 1958). Parisko Arte Plastikoen Eskolan eta Arte Grafikoen Goi Mailako Eskolan egin zituen ikasketak; Angeluko (Lapurdi) umore festibalaren sari nagusia eskuratu zuen; hainbat egunkaritan prentsa kolaboratzailea da; eta bereziki ezaguna da Baionako bestetako Leon Erregea pertsonaia sortu baitzuen 1987an.

Sariarekin, biltzarrak Duverdierren «ibilbide osoa» omendu nahi izan du, hasieratik lagun baitute, gainera —bi alditan biltzarraren afixa egin zien dohainik—. Ez da izan marrazkilariak saritzen dituzten lehen aldia; aurrez, birritan gertatu izan da Saran, Michel Iturriarekin eta Patrick Bouleaurekin. Duverdier literaturaren eta marrazkiaren loturaz mintzatu da, eta erran du bere ustez, hertsiki lotuak izan daitezkeela. Gehitu du marrazkiaren bidez «jendeari mintzatzen» ahal zaiola «hitzik batere gabe». Marrazkia unibertsala dela, hots; hala gisan Ibrahima Balderen kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.