Artea

Bizitza ehuntzen duten hariak

'Eva Lootz. Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu' erakusketa zabaldu dute Donostian, Kutxaren Kubo aretoan. Diziplina ugari landu ditu artista austriarrak, eta haren obra aztertzeko aukera ematen du bildumak.

Eva Lootz artistaren 'Zu eta ni II' instalazioa, Donostiako Kubo Kutxa aretoko erakusketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eva Lootz artistaren 'Zu eta ni II' instalazioa, Donostiako Kubo Kutxa aretoko erakusketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko apirilaren 26a
05:30
Entzun

Obren bidez, ihesi doan denboraz, inkomunikazioaz, presentziaz eta absentziaz, eta gizakiaren beste hainbat kezkari buruz hitz egin izan du bere ibilbide osoan Eva Lootz artista plastikoak (Viena, 1940). Hariak baliatu izan ditu horretarako, korapiloak eta sokak ere bai, harea beste hainbatetan, edo papera bestela. Eta eskultura edo instalazioetara ez ezik, bideo nahiz marrazkietara ere eraman ditu ideia horiek. Guztiak ageri dira, molde batean edo bestean, Donostiako Kutxaren Kubo aretoan zabaldu berri duten bilduman. Hain zuzen, artistaren obra eta ibilbidea aztertzeko aukera ematen du Eva Lootz. Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu erakusketak. Abuztuaren 25era bitarte egongo da irekita.

Lootzen ibilbidea xehatu du Ane Abalde Kutxa fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariak, eta nabarmendu, 1970eko eta 1980ko urteetan Espainian «eskulturaren eszena berritu zuten artisten belaunaldikoa» dela —1960ko hamarkadatik Madrilen bizi da—. «Artista horiek artearen kontzeptua zabaltzea eta lan prozesuei lehentasuna ematea aldarrikatzen zuten. Hala, Lootzen sorkuntza ana artearen joera esperimentalen barruan kokatzen da, eta oso lotura estua du post-minimalismoarekin». Abaldek gogorarazi du obra osoan «etengabe» landu dituen gaien artean memoria, denbora, isiltasuna eta gizakiaren funtsezko beste hainbat auzi daudela. Eta horiei heltzeko diziplina ugari jorratu izan dituela: tartean, marrazkia, eskultura, bideoa eta instalazioa.

«Osasun arazo txiki bat» tarteko, artista ez da aurkezpenean izan, eta Lola Duran komisarioak eman ditu erakusketari buruzko azalpenak. Aurreiritzirik gabe joateko eta murgiltzeko gomendatu die ikusleei.

Lootzek 1993 eta 2013 bitartean egindako 42 obra dira ikusgai daudenak, oso molde desberdinetakoak, eta bost gunetan banatuak. Artistaren instalazio esanguratsuenetako bi daude tartean, baita hiru ikus-entzunezko lan ere, eta orain arte inoiz erakutsi gabeko paperezko lan sorta bat ere jaso dute erakusketan.

Sokak, eskuak, harea

Sarreraren alboan dagoen lehen aretoan, Esku artean (2011) ikus-entzunezko lana ikusi ahal izango du bisitariak lehenik. Bitan banatutako pantailan, hari edo soka jolasean ari diren bi lagunen eskuak ageri dira. Hari edo soka fin bat hatzen artean hartu, askotariko formak egin, eta parean den lagunaren eskuetan uztean datza jolas horrek, eta horretan ari dira bideoan ageri diren pertsonak. Duranek azaldu duenez, haurtzaroko jolas moduan da ezaguna gure kulturan, baina antzinako herri askoren tradizioan ere badago. Korapilo bat eginez hasten da beti jolas hori, eta obra horretan «korapiloak hainbat kulturatan duen garrantziaz» hitz egiten du artistak. «Memoria kolektiboan dagoen lengoaia batekin lotzen du berak; loturak komunikazioa iradokitzen ditu, eta bera harien eremura eramaten du horrek, pentsamenduak ordenatzera, bizitza ehuntzera eta, ehuntze horretan, mundu femenino batera». 

Areto nagusian, berriz, bi instalazio jarri dituzte, espazio handi banatan. «Eva aitzindarietako bat da instalazio eskultorikoak sortzen, eta haren xedeetako bat da espazio inguratzaileak sortzea, bisitaria haietan murgildu dadin. Modu horretan, lotura bat sortu nahi du ikuslearekin, komunikazio bat».   

Lehenik, Zu eta ni I (1997) izenekoa topatuko du bisitariak. Mahai luze bat ageri da, mutur banatan bi aulki huts eta harea zuriz betetako plater bana dituena. Mahaikiderik, ordea, ez da ageri. «Absentziaren presentziaz egiten du gogoeta. Evak normalean ez ditu pertsonaiak agertzen bere lanetan, baina haien arrastoa hor dago», komisarioaren hitzetan. Gertutik begiratuz gero, bisitaria ohartuko da plater batek besteak baino harea gutxiago duela; zulo txiki bat du azpian, baita mahaiak ere, eta lurrean harea pila txiki baten arrastoa dago. «Galeraz ari da, denboraren iragateaz, momentuek irrist egiteaz, hutsuneaz, bakardadeaz». Sentsazio hori areagotzen duten hiru argazki daude mahaiaren bueltako hormetan; hitz bat ageri da bakoitzean —ni, eta, zu—, alemanez, eta piztuta dagoen kandela baten forman idatzita.  

(ID_13818485) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-04-25, Donostia. Eva Lootzen erakusketa zabaldu dute Kubo aretoan \'Korapilatu, zimurtu...
Eva Lootzen 'Zu eta ni I' instalazioa, Donostiako erakusketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aldameneko gunean, beste instalazio handi bat dago: Zu eta ni II (2000). Harea zuri eta fina da osagai nagusia berriro ere, baina lurrean zelai bat osatuz ageri da oraingoan, eta marra beltzez lau sailetan zatitua. Alor bakoitzaren gainean, ertz batean, oinetako pare bat dago, beste pare batekin aurrez aurre jarrita. «Eremu zuriek eta beltzek inkomunikazio fisikoaz hitz egiten digute, muga batzuk zehazten dituztelako. Halaber, oinetakoek ahots batzuk hedatzen dituzte, eta, teorian, elkarrizketa bat dago. Baina entzutera hurbilduz gero, bakarrizketak direla jabetuko gara». 

(ID_13818470) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-04-25, Donostia. Eva Lootzen erakusketa zabaldu dute Kubo aretoan \'Korapilatu, zimurtu...
'Puntu itsua' ikus-entzunezko lana, Donostiako erakusketan. J. MANTEROLA / FOKU

Hurrengo aretoan, ikus-entzunezko beste bi lan ikusi ahal dira: Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean (2004) eta Puntu itsua (2005). Lehenean, zulo beltz bat ikus daiteke, eta harea haren barrura etengabe labaintzen. «Berriro ere, presentziaz eta absentziaz, eutsi ezinaz ari zaigu artista». Bigarren bideoan ere, borobil ilun bat ageri da erdian, baina begi bat da oraingoan, eta, puntu itsuen metaforaren bidez, «bizitzan eta historian puntu itsu batean egon direnak» ekarri nahi ditu gogora, «tartean, emakume filosofoak». Bi lanak bata bestearen segidan proiektatzen dira, etengabe.

30 urtez kaxa batean

Goiko solairuan, soken marrazki sail baten alboan, Manilaren gela obra osatzen duten lanen sorta jarri dute ikusgai. Hain zuzen, gauzak biltzeko erabili ohi den Manila papera zimurtuz edo korapilatuz, askotariko pieza txikiak sortu zituen artistak: soineko bat, belarritakoak, lepokoak, poltsak, zapatak... 1993an ondu zituen, Lanzaroten (Kanaria Uharteak) egonaldi batean parte hartzen ari zela, eta «oso sorta berezia» da, komisarioak azaldu duenez. «Erakusketan zer aurkeztuko genuen pentsatzen ari ginela, artistaren estudioan kartoizko kaxa bat agertu zen; gordea zuen, eta ez zuen 30 urtean ireki. Han zeuden pieza haiek, paper oso delikatu eta aldi berean oso sendo batean egin zituenak». Jendaurrean inoiz erakutsi gabeak dira, beraz. 

(ID_13818471) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-04-25, Donostia. Eva Lootzen erakusketa zabaldu dute Kubo aretoan \'Korapilatu, zimurtu...
'Manilaren gela' pieza sorta, Donostiako erakusketan. J. MANTEROLA / FOKU

Erakusketaren osagarri, hainbat jarduera biltzen dituen programa ere osatu dute. Bisita gidatuez gain, idazketa tailer kolektibo bat gidatuko du Oier Guillanek, ekainaren 1ean eta 8an; dantza eta gorputz tailer bat, berriz, Mafalda Saloiok, ekainaren 15ean; eta, tailerretako parte hartzaileek idatzitako materialetan oinarrituta, Javier Barandiaran eta Maite Mugerza aktoreek pieza bat sortu eta eszenaratuko dute Zu eta ni II obra instalatuta dagoen lekuan, uztailaren 11n eta 25ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.