Lan honetako lehenengo piezak ondo adierazten duen moduan, ohiz kanpoko diskoa da Hear The Thunder Crack. Aurreneko pieza horretan James Woods aktoreak kontatzen du gaztaroan bere libururik gustukoena Thomas Wolferen You Can’t Go Home Again izan zela, zeinetan idazle baten eta bere liburua oinarritzen den hiriko biztanleen arteko harremana kontatzen den. Woodsentzat, liburu hark kontatzen zuen, beste ezerk baino hobeto, zer zen AEBetako gizartea 1930eko hamarkadan.
Hear The Thunder Crack-ek ere AEBei begiratzen die, baina Videodrome (David Cronenberg, 1983), Once Upon A Time in America (Serio Leone, 1984) eta beste hainbat film ezagunen protagonistaren hitzak, poemak eta pentsamenduak dira kontakizunaren ardatz. Langintza horretan Waylon Jennings country musikaren ikurraren seme Shooter Jennings izan du lagun. Hain zuzen ere, Jenningsek hainbat hitz idazteko eskatu zion Woodsi, eta aktoreak eman zizkionak bere bizitzaren pasartez josiak zirenez, azkenean, diskoa bera biografiaren eta gogoeta pertsonalen artean mugitzen den lana bilakatu da.
Countryaren eta southern-rockaren artean mugitzen da Hear The Thunder Crack, aldian-aldian R&Bera ere jotzen badu ere —Hollywood Kills Everything izenburu argikoa kasu—. Badira diskoan balada sentituak (Whispers From The Heart), pedal-steel-ak eta biolinak jantzitako country piezak (Misty Morning, Hello Friend), eta baita ukitu epiko zein konfesionala dituen beste bat ere, A Tinker’s Tale, zeinetan Woodsek berak laburbiltzen duen diskoaren ideia: «Hau da Amerika».