Bizitza aldarri duten poemak

'Argia' liburua ondu du Peru Magdalenak, bere ibilbidean totemtzat duena. Manifestu etikoa eta ariketa estetikoa, bietatik izan nahi du lanak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Ospakizun bat» da Argia liburua aurkeztea obraren egile Peru Magdalenarentzat (Berriz, Bizkaia, 1980). «Sentimendu indartsu eta alai batek besarkatzen nau barrenetik, sentitzen dudalako idazle baten ibilbidean badirela totemikoak diren liburu batzuk, non sentitzen duzun osorik ematen zarela». Eta horixe sentitu du lan berriarekin ere: «Osorik noa hemen; neure herentzia poetiko, estetiko, filosofiko, bital moduko bat geratzen da liburu honetan». Halako berba «potoloak» erabili arren, liburu «arin, jostalari, argitsu eta kaloria gabekoa» egiten saiatu dela azaldu du idazleak. Bizitzaren aldarria egiten duten poemak bildu ditu, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du lana.

Lilura edo harridura batetik sortu ziren liburuko poemak, egileak berak azaldu duenez. «Liburua bera txundidura batetik jaiotzen da, bizitza ziklo baten puntu goren batetik, udan, alaitasunean, arintasunean, eta argiarekiko txundidura garden eta birjin batetik». Bizitza ziklikoa dela ulertuz gero, ziklo baten «gailur goren batean» utzi nahi izan duen testigantza bat litzatekeela dio. «Aldi berean manifestu etiko bat eta ariketa edo goxoki estetiko bat izan nahiko luke».

Idazten baino gehiago poemak hitzez hitz «destilatzen» jardun duela azaldu du egileak, «gozamen puru eta gardena» biziz. Letra larririk eta puntuazio zeinurik gabe idatzi ditu liburuko pieza guztiak, haiei «batasun bat eman nahian», eta bost ataletan banatu ditu. Lehenengoan, poesiari berari buruz gogoeta egiten dutenak jaso ditu, poesia ulertzeko bere moduaz ari direnak. «Nolabait, jolasten hasi aurreko jolaserako arauak markatzen dira». Hurrengo atalean, elurte handia izenekoan, bi dira uztartzen dituen gaiak: haurtzaroa, eta garai hartan bizi izan zuen elurtea, haur harengan «argiarekiko txundidura sustraitu» zuena, egilearen ustez: «Ume horrek urratsik eta markarik gabeko larre elurtu bat ikusten du aurretik, sinbolikoki bizitza guztia aurretik duela esan dezakeena; literatura du aurretik, orri zuri bat idazteko».

Haurtzaroko oroitzapenetatik gaztarokoetara igarotzen da egilea eki aldean ataleko poemetan: «Uda, argia, Mediterraneoa, ardo zuria, paperezko hegazkinak, azalak, izarak, leihoak, maitasuna...», halako hitz eta ideiekin jolas egiten du poetak bertako piezetan. Eta ia modu naturalean iritsi zitzaion ondorengo hizpidea, liburuari izena ematen dion atalerako; argiaz gogoeta egiten du bertan, argia zer den berarentzat, zer dagoen haren atzean, bere ni poetikoak nola hartzen duen... Adibiderako, poema baten bukaerako zati hau da gogoeta horren lekuko: «argia ikusi eta bilakatzea/ ez da gaitasun kontu bat/ (dirudienaren kontra)/ jarrera kontu bat da sentsibilitate hori garatzea/ (argia, finean, erabaki bat da)».

Argiarekin jolasean

Argizakiarenak azken atalak jasotzen dituenak azaltzeko, haren azpitituluak ematen du aztarnarik: argiz piztu, puztu eta poztutako gizakiaren testigantzak idatzi du Magdalenak titulu nagusiaren azpian. «Argi hori barruan sartu zaion gizakiaren testigantza litzateke, laburbiltzeko, estasia, munduaren onarpen zabal eta gozagarria, Nietzscheren supergizaki moduko bat norberarengana ekarrita, eta Che Guevararen gizon berria».

Liburu «korala» dela dio egileak, berarengan daudelako idazleak, lagunak, egoerak... eta gauza txikietan oinarrituta dagoelako. «Kexaren eta negar hutsalen aurkako manifestu bat ere bada; hau da, zorion kontziente bat, argitsu bat eta sustraitu bat». Azken batean, zorion horren aldarria egiteko nahia dago liburuan, «horrekin literatura egiteko nahi bat, existentziaren aldarri bat, bizitzaren aldekoa». Liburua «jolas serio» gisa ere definitu du.

Hain zuzen, argiarekin eta kontzeptuaren esanahiekin jolas egiteko asmoa sumatu du liburuan Xabier Mendiguren editoreak. «Liburuan badago argiaren esanahiekin jostatze bat; argiaz hitz egiten da, eguzkiak ematen digun horretaz, baina garden izateko nahi bat ere badago, hitzak ez daitezela izan errealitatea ezkutatzeko tresna bat, baizik eta errealitate horretara iristeko modu bat». Jostatzekoa ez ezik, «halako nahi panteista bat» ere nabaritzen du liburuan editoreak, «naturarekin eta den guztiarekin bat sentitzearen aldeko jarrera ia mistiko bat».

Mendigurenen ustez, «bizitzaren ospakuntza bat da; liburu osoari dario halako alaitasun bat. Oso sentsuala da, hedonista, bizitzearen plazerak eta gozamenak aldarrikatzen dituena».

Magdalena idazle «berezia» dela uste du editoreak, orain arte ondu dituen liburuak elkarrekiko oso ezberdinak eta guztiak «oso intentsuak» izan direla iritzita. «Denek dute halako harreman intimo bat bere bizitzarekin, eta munduaren, literaturaren eta artearen bere ikuspegiarekin». Orain dela hamar urte plazaratu zuen bere lehen literatur lana, Lile (Elkar), eta ipuin «nahiko esperimentalak» bildu zituen han. Liburu berria kaleratu arte argitaratua zuen azken lana, berriz, eleberri bat zen: Egia esan (2013, Elkar). Eta, bien artean, beste poema liburu bat, Hutsik (2008, Elkar), haikuen itxurako poema oso-oso laburrak jasotzen zituena. «Euria, harria, haizea, eguzkia, itsasoa... halako gaiak zeuden bertan», azaldu du Mendigurenek; «beti izan du, liburu horretan erakusten duenez, naturarekiko sentiberatasun bat, liburu berri honetan ere ikusten dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.