Dena «pare-parean» egokitu zitzaion igandean Unai Agirreri. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken-aurreko finalaurrekoa jokatu zen Tolosako Usabal kiroldegian, eta bera nagusitu zen. Ez zuen halako saiorik espero Agirrek: «Saioa bera nahiko trinkoa da: hamarreko handia eta sei puntuko motza daude… Jendeak ez zuen espero, eta saio politak atera dira. Neronek ere ez nuen espero hain saio bizia». Bazuen saioa hala joan izana ulertzeko gakorik. «Saioa nahiko ondo hasi dela uste dut, eta pixka bat elkar kutsatu dugu», zioen saioa bukatutakoan. Tolosan ere zaharrena izan zenez, emaitzak «arroza pasatuta» ote zuen erakutsiko zuela kantatu zuen azken agurrean, eta orain arteko puntuaketa onenarekin eta saio osoena eginda finalean izango da.
Beñat Gaztelumendiri ez zitzaion dena pare-parean egokitu. «Gustura ari nintzen, baina sentitzen nuen ez nintzela lehertzen. Banuen plaza lehertu ez izanaren sentipena, eta, azkenean, uste dut lehertu gabe gelditu dela», sentitu zuen Gaztelumendik. Entrenamenduetan eta saioetan izaten ari den «txinparta» horren falta sumatu zuen: «Batzuetan edukitzen duzu puntu hori. Gaur bertsotan ondo bai, baina hori gabe aritu naiz. Bertsoren batean lehertu izan banintz, gustura geldituko nintzen; horixe bakarrik falta izan zait».
Apalategik, hamarreko handian abaila hartuta, kartzelara arte eutsi zion, azken ofizioan zer edo zer behera egin bazuen ere. Agirrek aipatutako elkar kutsatzearen alboan, beste aldagai bat jarri zuen Apalategik egin zuen saioa azaltzeko: «Final-laurdenetan kantatzen zuenarekiko errespetu guztiarekin esanda, saio honetan oso jende ona zegoen, eta eusteak ez zuela balio ikusten nuen. Hori buruak badaki. Onena ematera ateratzen zara, eta gehienetan gehiago gozatzen da».
Azken finalaurrekoaren faltan, Gaztelumendik eta Apalategik finalean kantatzeko aukera handia dute. Gaztelumendiren kasuan, azken finalaurrekoan denek sailkatu beharko lukete bera kanpoan gera dadin; eta Apalategiren kasuan, saioko irabazleak eta beste hiruk. Finala zehaztuko duen finalaurrekoa igandean jokatuko da, Eibarren.
Behin-behinean finalerako postuetan egonagatik, finalerako aukera txikiagoa dute Oihana Iguaranek eta Nerea Elustondok. Iguaranek ariketa guztietan izan zuen distira unerik. Elustondok ez hainbestetan, baina mailari eutsizion sarritan. «Oso pozik» zen egindako saioarekin Iguaran: «aseta». Beñat Lizasok ere izan zuen goraldirik, baina saio guztian ibili zen gainontzekoak baino beherago.
Heriotzari barre
Saioak zekarren tonua mantendu zuten Agirrek eta Iguaranek sei puntuko motzean. Gaiak eta neurria aintzatetsita, serio joko zutela aurreikus zitekeen, baina plaza beste tonu batean ohitua eta girotua zuten ordurako. «Iruditzen zait beste bidea hartu izan bagenu, agortu egingo genuela gaia. Umorera jo dugu, eta jendeak eskertu du». Iker Iriartek aurkeztu zien gaia: «Adineko bikotea zarete. Hil ondoren zuen gorpuarekin zer egin duzue hizketagai. Zuk, Oihana, hilerrian lurperatzea nahi zenuke; zuk, Unai, zientzia ikerketarako erabiltzea». Iguaranek saio ostean azaldu bezala, «elkarri jokoa ematen» aritu ziren. «Zientziara zoazela/ eta pentsatu dut bela/ aguante eredu izan daiteke/ zuk dezun gibela», bota zion Iguaranek, eta Agirrek gorago eraman zuen bertsoaldia: «Ideia didazu tira/ nere gibelai begira/ asko ikusiko zituzten baino/ harrituko dira».
«Sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik», izan zuten kartzelako gaia. Ama hartu zuten kantagai Lizasok, Iguaranek eta Gaztelumendik. Bide hori aukeratu zutenen artean, Gaztelumendirena izan zen ariketarik bikainena, eta haren saioko lanik osoena ere bai, gero aitortuko zuenez. «Aitak eta zuk hizketan/ erakutsi zenidaten/ eskutik helduta nola/ ninduzuen eramaten/ zuen eskutatik nola/ nuen jan eta edaten/ ohera nola hurbildu/ ohi zineten gau beltz baten/ gure ikaren ondoan/ nola zineten etzaten/ jasan ezin genuena/ nola zenuten jasaten./ Ama, zure hitz ta laztanek/ ene, ze indar daukaten!/ Sarritan esan nahi dizut/ baina ez dakit esaten».
Bide hori hautatu ez zutenen artean, Apalategirena izan zen biderik bitxiena. «Nahiz eta ez naizen jendearengana nahi bezala iritsi, nik uste bertsoak oso onak zirela», balioztatu zuen egindakoa Apalategik. Vanesa lagunari sarri pentsatua eta inoiz ez esana argitu zion. Bigarren bertsoa detailez josirik ekarri zuen; ia kanta bateko hitz neurtuak ziruditen: «Beti izan da hain modernoa/ hain fashion, cool, guay, hain in-a/ astean zehar spinning-a ta larunbatez kokaina/ baina bizitza ez da filma./ Ai, gure fashion victim-a…/ Astero-astero aberasten du/ herreratar Carolina/ han utzi ordez propina/ pozik zenuke arima/ bertako apal baten salgai/ balego autoestima».
Bizitasunaren kutsadura
Unai Agirrek irabazi du igandean Tolosan jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurreko bizi eta maiz umoretsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu