Durangoko 54. Azoka. Gogoetaren Plaza

Bizirik irauteko lizentzia

Euskal sortzaileek hedapena eta prekaritatea dituzte kezka nagusi, eta bigarren mailan bizi dute lizentzia libreei buruzko eztabaida, Gogoetaren Plazako saioan ikusi denez.

Axier Lopez, Dabid Martinez, Miren Narbaiza eta Gotzon Barandiaran, atzo, Gogoetaren Plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Gaur egun, ogia da euskal sortzaileen kezka iturri nagusia. Zalantza gutxi azaldu dute hor Gotzon Barandiaran idazleak eta Miren Narbaiza musikariak, eta bizi duten prekaritate egoera eta, euskal kulturaren zabalpen arazoak kontuan harturik, mahaia zerekin bete asmatu ezinean dabiltzanen etxean jangelako mahaiko mahai zapiaren koloreari buruzko eztabaida baten pare bizi dute lizentzia libreei buruzko debatea. «Merkatuaren logikarik ez daukagu, zeren eta ez daukagu merkaturik», borobil Barandiaranek. «Ez da nahikoa disko onak egitea, liburu onak egitea; kalitateak ez du bermatzen zure lana hedatuko denik zu horretaz bizitzeko lain. Merkatuaren logika ez daukagunez, ari gara zirrikituak bilatzen». Eta baietz, heldu beharko zaiola eztabaidari, baina larritasunetik ateratzean. «Izango bagina 700.000 kultur kontsumitzaile, beste eztabaida batean geundeke, eta hor bai, hitz egingo genuke lizentzia libreez». Gogoetaren Plazako programan aritu ziren bi sortzaileak atzo, eta Dabid Martinez informatikari eta kultura librearen defendatzaileak ere hartu zuen parte mahai inguruan, Axier Lopez Argia aldizkariko kazetariaren gidaritzapean guztiak.

Susa argitaletxeko kide ere bada Barandiaran, eta hango esperientziaren berri eman zuen solasaldian. Paperean publikatzearekin batera, aldi berean, sarean ere jartzen dituztelako liburuak, doan irakurtzeko moduan. «Guk beti egin dugu esperimentuen alde. Duela urte batzuk gure artean egon zen beldur bat liburu digitalak ez ote zuen paperezko liburua jango. Guk Interneten libre jartzen ditugu gure liburuak paperean argitaratu eta berehala. Pirata ere deitu gintuzten horregatik. Baina gaur da eguna noiz esan genezakeen guri horrekmesede egin digula. Horrek salmentan ez digu kalterik ekarri, eta uste dugu irakurleak saritu egiten duela gure jarrera hori».

Fruitu guztiak bildu beharrean sentitzen da Narbaiza, fruitu horiek txikiak izanik ere. Horregatik hartu zuen duela urte batzuk SGAEko kide egiteko erabakia. Ez kontraesanik gabe. Ez amorrurik gabe. «Monopolio horri kontra egin behar zaio». Baina hor. Izan ere, une honetan, elkarte horren eskuetan amaitzen baitute lizentzia libre bidez zabaldutako abestiek Facebook eta gisako sare sozialetan sortzen dituzten etekinek Hego Euskal Herrian, baita artista SGAE fundazioan ez dagoenean ere. Eta horregatik dio Narbaizaren papur guztiak biltzearena. Berak sortutakoak, gutxi izanik ere, gutxienez berari iritsiko zaizkiolako. «Katxondeo bat da. Lizentzia librearekin aterata ere, eurek jasotzen dute etekina berdin-berdin, eta musikariok ez dugu modurik diru hori erreklamatzeko. Musikarion aldetik munstro handi hori da jomugan eduki behar duguna: SGAE».

Egilea salbatzea

Euskal Herrian kultura libreak tradizio luzea duela esan zuen Martinezek. Eta horren froga modura aipatu zituen irrati libreak, esaterako, baina Gorka Bereziartua kazetariak Ez gara neutralak liburuan emandako datu bat ere hartu zuen ahotan. Bereziartuak zehazten duenez, Creative Commons lizentzia erabiltzen baita hala Argia-ko nola BERRIAko zein beste hedabide askotako edukiak partekatzean, eta euskaraz egiten den kazetaritzarik gehiena librea izatea dakar horrek. «Ez nintzen horretaz ohartu», onartu zuen Martinezek, «eta eragin zuzena du horrek hizkuntzan». Bada, ordea, lizentzia itxiak darabiltzan euskarazko hedabiderik ere, eta EITB taldeko telebista eta irratiak aipatu zituzten adibidetzat. Kritiko agertu zen Martinez erabaki horrekin: «Diru publikoa jasotzen duen proiektu batek kultura askea sustatu beharko luke, gizarteari libre itzuli behar litzaiokeelako haren diruz egindakoa».

Erreakzio bat dira copyleft lizentziak, Martinezek azaldu zuenez. «Copyrightak, izatez, ez du helburu egilea salbatzea, baizik eta enpresa eta multinazional handiak salbatzea eurek sortutako kaosetik». Eta horri erantzuteko sortu ziren lizentzia libreak. Baina, informatikariaren hitzetan, asko dira gaizki ulertuak, eta behin eta berriz errepikatu zuen horregatik hitzaldian kultura librea ez dagoela sortzaileek beren lanagatik dirua kobratzearen aurka. «Egileak eskubidea du bere obra ekonomikoki ustiatzeko. Ederra litzateke geure lanagatik ez kobratu ahal izatea!».

Informazioa zabaltzeko beharra ikusten du Martinezek. «Guk ere behar dugu sortzaileen laguntza zabaltzeko kultura askearen filosofia, eta estigma horiek gainetik kentzeko. Ziur nago denak alde egongo liratekeela. Badakit kezka beste bat dela orain, baina honi ere heldu beharko diogu».

Mendeurrenarena bete du aurten Argia aldizkariak, eta haiek antolatu dute aurtengo Gogoetaren plazako programazioa. Orain arte Areto Nagusian egin izan dira solasaldiak, baina Bartolome Ertzilla musika eskolan egin dituzte aurten lehenengoz, eta, espazio berria izanik, publikoak ez du bidea erraz topatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.