Bizirik erretako ahotsa

Indar izugarriarekin piztu, eta berehala itzali zen Janis Joplinen argia. Lau urteko tarte laburrean eman zuen barruan zeraman guztia, baina haren argiak itzala ematen du hura hil eta 50 urtera.

Gaur 50 urte bete dira Janis Joplin hil zela. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Esan dute hartaz R&B eta soul doinuak beltzen moduan abestu zituen lehen emakume zuria izan zela. Rockak izan zuen andrazko lehen izarra izan zela. Adikzioek eraman zutela heriotzara, eta 27 urterekin zendutako musikarien taldeko aurrenekoetakoa izan zela Jimi Hendrixekin batera. Ehunka gauza esan dira Janis Joplini buruz (Texas, AEB, 1943-Los Angeles, AEB, 1970), baina hil zenetik 50 urtera, lau urte eskaseko ibilbidean utzitako ondarea besterik ez da gelditzen. Mitifikazioetatik salbu gelditzen den emaria.

Lau urtetan eman zuen dena Joplinek. 1966an batu zen Big Brother and The Holding Company San Franciscon sortu eta ordurako martxan zegoen taldera. Garaiko psikodeliaren eraginpean grabatu zuen lehenengo disko bat —artean ahots protagonismo osoa bereganatu gabe—, eta hurrengo urtean Montereyko jaialdian taldeak egindako saio gogoangarri eta sonatuak eraman zuen kantaria rockzale ororen ahotan egotera. 1968an iritsi zen, berriz, Big Brotherren maisulana, Cheap Thrills, aurreko diskoarekin alderatuz ezberdina zen Joplin bat erakusten zuena: sutsua eta emozionala, ia basatia, rockean (Oh Sweet Mary), nahiz bluesean (Ball and Chain).

Handik aurrera, Big Brotherrek Joplin gabe egin zuen aurrera. Kantariak soulerako jauzia egin nahi zuen, baina taldeak ez zuen oinarririk. Haize konponketa ugarirekin eta Kozmic Blues Bandekin grabatu zuen I Got Dem Ol' Kozmic Blues Again Mama! (1969), eta jarraian, eta olatuaren aparretan zegoela, Pearl (1970) diskoa grabatzera sartu zen estudiora. Han eman zuen, agian, bere onena kantariak, bere ahotsa erregistro ugaritara eramanez, kantu bilduma bikaina sostengu zuela: Cry Baby, A Woman Left Lonely, Kris Kristoffersonen Me and Bobby McGee countrya, Get it While You Can... Zoritxarrez, ez zen diskoa amaitzera iritsi —Buried Alive in the Bluesahotsik gabe atera zen—, 1970eko urriaren 4an hil baitzen Hollywoodeko hotel batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.