«Bizirik» daude, eta dena emateko prest

Kaleko Urdangak taldeak 'Bizirik' kaleratu du, 'punk-oi!' estiloko hamar kantuko diskoa. Hamar urte bete ditu taldeak, eta hori ospatzeko osatu dute lan «berezia». Europan eta Euskal Herrian aurkezpen bira egiten ari dira orain.

Kaleko Urdangak taldea Bizirik diskoa aurkezten ari da. BERRIA.
unai etxenausia
Azkoitia
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Garagardo botila eskuan, harro mintzo da Ekaitz Etxezarreta bateria jotzaile eta korista Kaleko Urdangak taldeaz, bere taldeaz. Egun, Etxezarretarekin batera, Aritz Rementeria Remen-ek (ahotsa), Asier Kortabarria Moto-k (baxua eta ahotsak) eta Aniotz Birumbrales Biru-k (gitarra) osatzen dute taldea. Laukotearen hamarkada beteko ibilbide oparoaren erakusgarri dira Azkoitiko (Gipuzkoa) entseatzeko lokaleko hormetan eskegita dituzten poster eta ikurrak. Hain zuzen ere, urteurren hori ospatzeko, azaroan kaleratu zuten hamar abestiz osatutako punk-oi! estiloko Bizirik diskoa (Tough Ain't Enough Records). Europan eta etxean ariko dira datozen hilabeteetan Bizirik lan berria aurkezten.

Andoaingo Garate estudioan (Gipuzkoa) grabatu zuten diskoa, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Punk-oi! estiloari fidel, erritmo azkarrek, doinu melodiko baina zaratatsuek, eta aldarriz betetako hamar abestik osatzen dute lana. Aurretik, beste lau EP, estudioko bi lan luze eta 4 Anai taldearekin erdibana grabatutako disko bat kaleratu ditu taldeak.

«Lan berriaren harrera nolakoa izan den esatea zaila da», aitortu du Etxezarretak. Izan ere, pandemia egoeran egindako diskoa da, eta ez dute apenas zuzenean aurkezteko aukerarik izan duela gutxira arte. Urte hasieran pare bat kontzertu eman arren, berehala eten egin behar izan zuten bira, egoerak baldintzatuta. «Otsailera arte ezin izan ginen itzuli, eta orain berriz ekin diogu. Ari gara gutxika abestiak aurkezten, baina jende askok ez du oraindik diskoa osorik entzun, eta pixkanaka ari gara abestiak zuzenekoetan sartzen».

Taldearen kantuetan ohikoa den moduan, azken lanetan ere Euskal Herriari abestu diote: nortasunari, ohiturei, politikari, historiari, etorkizunari... Hain zuzen, Aberria izeneko kanta batekin amaitzen da diskoa. Denen artean idatzi ohi dituzte hitzak, Etxezarretak azaldu duenez: «Batzuetan ideiak eramaten ditugu lokalera, eta beste askotan hitz guztiak idatzita eramaten ditu taldekideren batek». Izan ere, gehienetan elkarri kontatzen dizkioten antzeko kezken eta ideien ingurukoak izaten dira. «Kide bakoitzak bere zaletasunak eta istorioak ditu kontatzeko, baina nazio askapenak, kaskamotz mugimenduak, nortasunak nahiz ildo bereko beste hainbat kontuk batzen gaituzte».

Taldearen hastapenetan abesti gehienek Bardulia punk-oi! mugimenduarekin zeukaten lotura. Egun, ordea, kantak luzeagoak eta «osatuagoak» dira: «Gu ere zahartzen ari gara, hazten, eta gure abestietako hitzak ere gurekin ari dira bide hori egiten».

Zuzenekoak dira «gasolina»

Azkeneko bi urteak ez dira errazak izan taldearentzat, Etxezarretaren hitzetan, «ilunak izan dira». Pandemiaren ondorioz, ezin izan dituzte kontzertuak eskaini, eta bateria jotzaileak onartu du kostatu zitzaiela egoera onartzea: «Jarraitzeko gasolina dira zuzenekoak, ezinbestekoak bizirik iraun dezagun». Ezinegon horri aurre egin asmoz ekin zioten sortzeari, eta prozesu horren guztiaren emaitza da lan berria. Diskoaren izenburua da horren erakusgarri, Etxezarretak zehaztu duenez: «Bizirik jarraitzen dugu, eta dena emateko prest gaude».

Egoera bere onera itzultzen ari den honetan, Kaleko Urdangak taldeak atzerrian eta etxean eman ditu diskoa aurkezteko lehen kontzertuak, Herbehereetan eta Espainian, adibidez. «Sekulakoa da Amsterdamera joan eta kontzertuak eskaintzeko aukera izatea». Atzerrira doazenean punk- oi! mugimenduko eszenako jendearentzat jo izandute bereziki: «Munduko kaskamotz mugimenduaren parte gara. Oso eroso sentitu izan gara beti».

Euskal Herrian aurkeztuko dute diskoa datozen hilabeteetan, baina atzerrian ere hainbat kontzertu eskainiko dituzte, Katalunian eta Frantzian, besteak beste, eta udazkenean bira berezi batean ariko direla ere aurreratu berri dute sare sozialetan: Suede Razors taldearekin batera, Alemania, Suitza eta Frantzian izango dira, urriaren 8tik azaroaren 5era.

Etxezarreta: «Jende asko gu ezagutu gabe joan zen Herbehereetako kontzertuetara. Bertakoek sareetara igo zituzten argitalpenetan gehien errepikatzen ziren hitzak energia eta indarra ziren. Uste dut hori dela gure ezaugarri nagusia». Are, zuzenekoetara joan ohi direnen jarrera azpimarratu du: «Gure publikoa beti da ona, eta asko eskertzen dugu». Oholtzaren aurrean dituzten guztiak kontzertura kateatzea da taldearen eta, batez ere, abeslariaren helburua. Horregatik, inor ez da «epel» geratzen haien zuzenekoetan. «Zerbait transmititzen dugu».

Antzeman dute ezberdintasunik hango eta hemengo ikus-entzuleen artean, halere. «Bitxia da, baina Europako punk-oi! mugimenduko kideak 30 urtetik gorakoak dira gehienak. Euskal Herrian, aldiz, gazteak dira gehienak». Mugimendutik kanpo egon daitezkeenak ere badira. «Oso harro sentitu behar gara Euskal Herrian daukagun punk-oi! mugimendu indartsuaz, Europan ez dago horrelakorik».

Bada etorkizuna

Etxezarretak gogora ekarri du 1980ko hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren ondoren, punk-oi! mugimenduarena izan dela «arrakasta gehien» izan duena. «Europako eta munduko leku gutxitan gertatuko zen 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran punk-oi! mugimenduarekin Euskal Herrian gertatu zena, ziurrenik, inon ez».

Haren hitzetan, Gipuzkoan hasi bazen ere, Euskal Herri osora zabaldu da gaur egun. «Kaosa Euskal Herrian eta Chaos In Basque Country bezalako diskoetan ederki islatzen da talde berri asko daudela, eta gu ere eszena horren parte izateaz harro gaude», adierazi du bateria jotzaileak. Gainera, uste du musika estiloa garatu egin dela urteekin. Tatxers eta Rotten XII taldeak jarri ditu horren adibide: «Mugimenduaren parte dira, baina estilo berezia dute. Oraindik badago gasolina eta indarra». Euren proiektuak ere etorkizun oparoa duela uste du Etxezarretak. «Oraindik asko daukagu emateko. Jarraitzeko gogotsu gaude, etengabe aurrera egiteko asmoz. Horregatik, onena iristear dagoela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.