Bizirik dagoen unibertso bat

'Irati' komikia berrargitaratu du Ereinek, izen bereko filmak izandako oihartzunaren harira. Erdaraz baino ez zeuden atalak itzuli, eta obra osoa euskaraz irakurgai dago orain

Paul Urkijo, Uxue Razkin eta Joxean Muñoz, atzo, Donostian; Juan Luis Landak bideo bidez parte hartu zuen berrargitalpenaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Duela ia hiru hamarkada jaio zen Irati, Juan Luis Landa marrazkilariaren eskutik. Pertsonaiaren istorioak jarraipena izan zuen lehen albumaren ondotik, irudigilearen eskuei Joxean Muñoz gidoilariarenak batu zitzaizkionean. Duela gutxi, pertsonaia biziberritu egin da, Paul Urkijoren izen bereko filmari esker. Eta filmak oinarrian duen komikia berrargitaratu egin du orain Erein argitaletxeak. Hala, lau albumek osatutako obra oso-osorik eta euskaraz irakur daiteke orain; lehen hiru liburuak argitalpen berean bildu ditu Ereinek —laugarrena, Xabiroi-k ateratakoa, eskuragai da oraindik—. «Asmoa da Landak eta Muñozek lehenik eta Urkijok ondoren sortutako Iratiren unibertsoak etenik ez izatea», esan du Uxue Razkin Ereineko editoreak. Komikiaren bi egileek eta zinemagileak poza agertu dute, Iratiren unibertsoak «bizirik» dirauelako.

Irati eta Eneko pertsonaiek urteotan paperean egin duten ibilbidea ekarri du gogora editoreak, eta azaldu Paul Urkijoren filmak «piztu duen arreta eta unibertso honi eman dion bultzada baliatuta» erabaki dutela edizio berria plazaratzea. Bi edizio dira, izatez: euskarazkoa eta gaztelerazkoa.

Izan ere, lehen albuma, Autzaren esnatzea, gazteleraz, frantsesez eta alemanez plazaratu zuen Landak, Glenat argitaletxearekin, 1995. urtean —Ipurbeltz aldizkariak atalka eta euskaraz argitaratu zuen gerora—. Haren ondotik, beste bi album eman zituen Landaren eta Muñozen arteko elkarlanak: Boldroren domina (1997) eta Iratiren zigorra (2003). Hiru albumak euskarazko itzulpenean eta liburu bakarrean bildu ditu argitaletxeak orain. Laugarrena, Saiak, Ikastolen Elkarteak argitaratu zuen, 2007an —Xabiroi bilduman—, eta, oraindik eskuragarri dagoenez, argitalpenean ez sartzea erabaki dute. Gaztelerazko edizioan, berriz, lau albumak bildu ditu Ereinek, eta Landaren hainbat zirriborro gehitu dizkio.

Landa 1984an hasi zen ilustrazioaren arloan lanean; Juanba Berasategirekin animazioan egin zituen lehen urratsak, Ipurbeltz aldizkarian hainbat komiki plazaratu zituen, eta Lur argitaletxearen Gabai komiki sailean ere aritu zen lanean, besteak beste. «Indar handiko adierazpide bat aurkitu nuen komikian». Gustuko zituen istorioak sortzeko nahiari segituz, Irati marraztean bere hiru «pasioak» elkartu zitzaizkiola azaldu du: «Pirinioetako natura, Nafarroako Erresumaren sorrera eta euskal mitologia». Haren hitzetan, Nafarroako mendialdean ibiltzeak inspiratu zuen lan hura.

Lehen albumaren ondotik, eta lanez gainezka zegoela eta, Muñozengana jo zuen bigarrenari ekiteko; animazioan ibili zen garaitik zuen ezaguna, eta gidoia idazteko eskatu zion. «Ilusioz hartu zuen ideia, eta, harekin, beste dinamismo bat hartu zuen Irati-k; aberastu egin zuen». Bi lan osatu zituzten elkarrekin, eta, urte batzuk geroago, Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendari eta komikigileak proposatuta, baita istorioaren laugarren atala ere.

Denbora igaro zela eta Iratiren ibilbidea lau album haiekin bukatutzat zeukatela ekarri du gogora irudigileak. «Guk landatu genuen zuhaitzak emanak zituen fruituak, eta, lehorra zegoela uste genuen arren, bat-batean ikusi dugu bizirik dagoela oraindik, Paul Urkijoren bidez». Horregatik, esker oneko agertu da Urkijorekin, Muñozekin eta Ereinekin.

Landaren hiru grinak oso ongi laburbiltzen ditu Irati-k, Muñozen ustez. Haren talentua goretsi du, eta lana luzatu zitzaienez irudietan «eboluzio nabarmena» sumatzen dela iritzi dio. Laugarren atalaren ondotik, «abentura hura itxita, baina seriea zabalik» utzi zuten, jarraitzeko asmotan. Baina bere hartan geratu zen ideia. «Paul azaldu zen arte, berriz ere Iratiri bizitza ematera». Bi egileek ilusioz hartu dute Urkijoren lana, baita Ereinen berrargitalpena ere, ikusle eta irakurle berriak izango dituelako. «Guretzat oso pozgarria da, ez bakarrik guk sortu genuen Irati bizirik dagoela ikusten dugulako, baizik eta hazi bat delako beste batzuek beren gauzak sortzeko. Ea horrek ematen duen sortzeko eta irakurtzeko gogoa».

Paperetik pantailara

Txikitatik izan da mitologiaren, historiaren eta komikien zalea Urkijo. Aitortu duenez, komikia irakurrita segituan «maitemindu» zen istorioarekin. Halaber, zinemagintzan hasi zenetik, beti izan zuen buruan euskal mitologiari buruzko film bat egitea, eta komikian aurkitu zuen bidea. «Konturatu nintzen komikiko pertsonaiak zirela ibilgailurik onena mitologiaren iturburu horretara hurbiltzeko. Amodio istorio bat da, dualismo oso ederra sortzen duten bi pertsonaiarekin, eta dualismo hori indartsua iruditu zitzaidan kontatu nahi nuen istorioa sortzeko».

Horregatik, eta filma egiteko asmoa agertu zienean erakutsi zioten konfiantzagatik, eskerrak eman dizkie komikiaren egileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.