Bizirik amaitzen

Hertzainak taldeak agur birako lehen kontzertua jo du ostiralean, BECen. Gari, Josu Zabala eta Txanpi 16.000 zaleren aurrean aritu dira, zenbait musikariren laguntzarekin.

Iñaki Garitaonandia Gari eta taldekideek kontzertu gogoangarria eman zuten ostiralean, BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Barakaldo
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hau bai benetako orgasmoa!». Arraultz bat pinu batean abestiaren erdian definitu zuen Iñaki Garitaonandia Gari-k Hertzainak taldearen kontzertua ostiralean. Barakaldoko (Bizkaia) BEC jendez lepo bete zuten 16.000 zaleei galdetuz gero, antzeko hitzak erabiliko dituzte Azkena gure alde agur birako kontzertu sortaren lehen alean bizitakoa definitzeko. Egun gogoangarri horien traza hartu zuen gauak hasieratik, eta aurreikuspen oro bete zen Hertzainak-eko kideak oholtza gainean egon ziren bi orduetan. Atzo gauean, bigarrenez jo zuten Barakaldoko agertokian, eta urtarrilaren 6an egingo dute behin betiko agurra, Gasteizen. Jaio eta bukatu.

Ia 30 urte igaro dira taldeak lehen aldiz agur esan zuenetik, eta hiru pasatxo Garik eta Josu Zabalak zenbait kontzertu eskaini zituztenetik. Ordukoan ez ziren Hertzainak, baina baziren, eta hazi horren fruitua dira azken hiru kontzertuak. Nostalgiari helduta, bai, baina orain dela hiru hamarkada bezain fresko. Lekua egin dute euskal entzuleen oroimenean, eta bizirik mantendu da sugarra urteotan. Hainbat belaunaldi bildu ziren BECen, ez soilik 1980ko eta 1990eko hamarkadetan taldea entzuten zutenak; baita orduan haurrak zirenak eta jaiotzeke zeudenak ere.

Nola ez, Luis Javier Saiz Txanpi gehitu zaie Gariri eta Zabalari agur birarako, eta hainbat musikarirekin babesarekin aritu zen hirukotea. Hasi, bosteko formatuan hasi ziren, Miguel Moyanorekin eta Oier Aldekoarekin—biak Maldanberako kideak—; baina orotara hamasei musikari igo ziren taulara kontzertuan. Abestiak eskatu ahala, kide batzuekin edo besteekin jo zuten. Esaterako, No time for love eta Arraultz bat pinu batean kantuetan hamahiru ziren Hertzainak, haizezko eta harizko musika tresnekin.

Izan zen txikira jotzeko unerik ere. Soilik gitarra eta esku soinua hartuta, «kantu xume bat» abestu zuten Garik, Zabalak eta Txanpik: 564. Gaueko une hunkigarriena izan zen. Eta jarraian jo zuten kantuak, Hertzainak izenekoak, guztiz piztu zituen zaleak, salto eta jauzi jarrita pista eta harmailak. Gutxitan egingo zuten dar-dar Bizkaia Arenako zimenduek Eh txo!, Si vis pacem, parabellum, Ta zer ez da berdin eta Pakean utzi arte kantu-ereserkiekin bezainbeste.

Zimurrak baino adierazle nabarmenagorik ere egon zen denboraren igaroaren erakusle. Telefonoen pantailen konstelazio batek ordezkatu zuen garai batean pizgailu sutea zena, Aitormena-ren lehen akordeak entzun eta berehala. Halere, azken mohikano batzuek tinko eutsi zioten pizgailuaren sugarrari, eskua gora ezker zein eskuin.

Bi orduko kontzertua eskaini zuen Hertzainak-ek. 22:15ean ekin zioten, Rokanrol batzokian abestiarekin, eta orotara 24 kantuz osatutako errepaso borobila egin zioten taldearen ibilbideari, disko guztietako kantuak jota. Eta haizezko eta harizko musika tresnentzat pentsatutako moldaketak ez ezik, era honetako kontzertu batek merezi duen argiteria ere izan zuten. Bereziki ederrak izan ziren Aitor Oñederrak hainbat abestirentzat beren-beregi ondutako animazioak.

Gaua gogoangarria zela ulertzeko adierazlerik onena, baina, zaleen aurpegia izan zen. Urduritasuna ere nabari zen kontzertu hasieran, eta, akaso horregatik, hotz samar ziren hasieran. Baina, askatu eta berotzen hasi zirenean, lehertu egin zen festa, eta jauzi, besarkada eta euforia uneak izan ziren. Hitz bakarrean: gozamena.

Bertsolariak eta musikariak

Hertzainak-en agurrak sortu duen ikusminaren erakusle zen ingurua ateak ireki eta minutu gutxira. Zazpi lurraldeetako zaleak bildu ziren BECen, eta 19:00ak pasatxo autoz iritsi zirenek pazientzia behar izan zuten, auto pilaketen ondorioz. Musika gosez, edo lekua hartzeko gogoz, goiz mugitu ziren zaleak, eta Hertzainak hasi baino bi ordu lehenago jende andana zegoen jada pistan, lehen taldeak entzuteko prest. 21:00etarako, Tapia eta Leturia oholtzan zirela, bete-beteta zegoen. «Rockero zaharrak» ez direla itzaltzen esan zuen Tapiak, baina trikitilari eta pandero jotzaileek ere fin eusten diote dirdirari. Zerbaitengatik lortu zuten gaueko lehen dantza saio kolektiboa.

Musikariak ez ezik, bertsolariak ere igo ziren oholtza gainera atarikoan (Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Ane Labaka eta Erika Lagoma), nostalgiari, kontzertuari eta taldearen hitzei erreferentzia eginez. Rola aldatu zuenik ere izan zen; 1993an, taldearen agurrean, bertsotan egin zuen Jon Maiak, baina, oraingoan, musikari lanak egin zituen, Gorka Hermosarekin eta Pello Ramirezekin. Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Iñaki Imaz ere gonbidatu zituzten; baita Mikel Markez ere.

Amaieraren hasiera ederra eskaini zuen Hertzainak-ek BECen. Oraingoan bai, jaio eta bukatu, azken agurretan dira Gari, Zabala eta Txanpi. Azkena, haien alde; abestiak eta ondarea bizirik mantentzea, entzuleen esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.