Bizipozerainoko bidaia egin du Anjel Lertxundik bere azken nobelan

«10 eta 99 urte bitarteko» irakurleentzat idatzi du 'Haltzaren muinoa'. Uholdeak eramandako arbola baten abenturak kontatu ditu bertan

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aurrena, zorra izan zen: «Gaztetxoentzako liburu bat egiten nuen egunean, Elkarrentzat izango zela esan nion Xabierri [Mendiguren] duela bost urte». Hurrena, zorigaitza izan zen: «Jacara joan ginen familia osoa, egun tristeak bizi genituela. Han, bilobekin lo egitea egokitu zitzaidan. Ipuina eskatu zidaten, eta nik horretarako batere aldarterik ez». Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948) atera zuen kontaketan hasteko indarra, bada. Bidaiatu nahi lukeen arbola baten ibilerak etorri zitzaizkion, eta, kontaketan aurrera egin ahala, pozik bera ere: «Ipuin luzea kontatu nien bilobei, eta, inoiz ez bezala, ez zidaten lorik hartu, gustura zeudelako. Ipuinak bazuen magia».

Etxera bueltatu bezain laster, lanean hasi zen. «Orain dela urte eta erdi pasatxo ekin nion honi». Iaz bukatu zuen, eta atzo aurkeztu, sarean, etxetik: Haltzaren muinoa. «Abentura liburu bat, ezohikoa». Elkar etxearekin eman du, duela bost urte Xabier Mendigureni emandako hitza betez; Antton Olariagaren ilustrazioekin.

Ibai baten ondoko muinoan bizi den haltza da nobelako protagonista. Uholdeak muino puska bat eramango du ibaian behera, eta han joango da, lokatz eta guzti, haltza ere, beti amestutako bidaian. «Horrek hasten eta definitzen du ipuina: bidaiatzeko gustua eta ametsa ez da pertsona edo animalia batena, berez geldirik egotea tokatuko litzaiokeen izaki batena baizik». Liburua hitz batekin definitzekotan, bizipoza aukeratu du Lertxundik: abenturaren, euskararen eta bizitzaren bizipozak bizi dute idazleak «10 eta 99 urte bitarteko» irakurleentzat idatzitako nobela. «Haltza itsasoraino iritsiko da, hainbat esperientzia berri bizi izan ondoren. Bidean, beste bat bihurtzen da, ezagutu eta bizi izan dituen esperientziei esker». Haltzaren muinoa da, egilearen esanetan, gaztetxoentzat idatzi duen «nobela-nobela» bakarra.

Ibaiaren erritmoan

Neurri bertsuko atal laburrez osatuta dago liburua. «Argitaletxean entregatu nuen lehendabiziko laginean, baziren atal batzuk bi orrialdekoak, baina gehienak bakarrekoak ziren, eta denak errenditu nituen batera. Zergatik? Aratzago geratzen zelako». Atal laburron hurrenkerak, idazlearen ustez, erritmo bat ematen dio liburuari; ibaiaren abiadura hartzen du kontaketak. «Ibaiak darama arbola, eta egiturak ere irakurlea eramango du». Ibilbide horretan, artzain irudi batetik dramara doa kontakizuna, eta dramatik abenturara. «Fatalismoaren kontrako mezu bat du liburuak. Uholdeak bere ametsa gauzatzeko aukera ekarri dio haltzari, eta baliatzen du. Aurre egiten dio tragediari, eta sortutako gorabehera bakoitzari aurre egiten eta ahal duen bidaiarik onena egiten saiatzen da».

Haltzak ez du bihotzik, dio kantuak, eta Lertxundiren nobelako protagonistari labanaz bihotz bat marrazten dio mutiko batek. Hortxe haltz bihoztun bat. Arbolari gizaki ezaugarriak emateari uko egin dio, hala ere, idazleak: «Sinesgarritasuna nahi nuen. Arbolak sentitu egiten du, eta hori modu natural batean integratzea izan da nire asmoa». Asmook bete ahala, duela bi urte eta erdiko zorigaitzeko «ordu eta egunak betetzeko eta edertzeko» aukera aurkitu du. Eta behinola hartutako zorra kitatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.