Lan erreferentziala da Persepolis, azken urteetako komikirik goraipatuenetako bat, eta izatez mardula, bai bolumenaz, baita mamiz ere: «Orri bakoitzean perlak daude», dio Irene Arraratsek, frantsesetik euskarara ekartzeaz arduratu den itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko arduradunak. Elkar eta Reservoir Books argitaletxeek plazaratu dute.
Lan autobiografikoa da, estreinakoz 2000. eta 2003. urteetan argitaratua, frantsesez, lau liburukitan. Marijane Satrapi zinemagile, margolari, komikigile eta orobat artistaren beraren (Raxt, Iran, 1969) bizipenetan dago oinarrituta, baina, Arraratsek dioen moduan, «kontakizun historiko eta politikoa ere bada, aldi berean». Komunikabideetan eta sare sozialetan pil-pilean dauden gertaera lazgarri asko Persepolis-en ageri diren gorabeherekin lotzen dira, irakurri ahala.
Ekialde Hurbilaren nahas-mahasa etengabe ateratzen da komikian, besteak beste, Mendebaldeko potentzien interbentzionismoa, petrolioaren negozioa eta hango herrien bizi nahi eta ezina.
Haurraren eta nerabearen begiradaz kontatuta eta gertaera pertsonalen bidez egituratuta dago narrazioa. Hala, autorearen biografiaren eta historiaren artean «batasun harrigarria» aurkitu du itzultzaileak, eta, hain zuzen horregatik, «urregorria» dela iritzi dio, «historia bizipenen bidez kontatzen duelako, eta bizipenak, berriz, historiaren bidez azaltzen direlako». Hots, istorioa eta historia bat eta bera balira bezala, «dena txirikordatuta».
Narrazioan batu dituen pertsonaia guztiak, hurbilekoak nahiz ezezagunak, «hezur-haragizkoak dira, eta, horri esker, oso nabarmena da egia handiak dakartzala». Azpimarragarrienetako bat amona iruditu zaio Arraratsi: «Zoragarria da».
Satrapi 1969an jaio zen, Iranen, familia burges progresista baten altzoan. Xah Persiakoaren agintepean direla abiatzen da komikia. Egileak 10 urte bete berri zituela, iraultza hasi zen Iranen. Handik gutxira, berriz, Iran-Irak gerra piztu zen. Gurasoek, alaba babestearren, Vienara igorri zuten «beren posizio pribilegiatuaren seinale, hori ere», Arraratsek dioenez. Baina esperientzia gogorra izan zuen han, 14 urte besterik ez, eta bakarrik moldatu behar izan baitzuen erbestean. Gero, Teheranera jo zuen atzera, Arte Ederrak ikastera. 25 urte zituela, Europara itzuli zen berriro, eta Frantzian bizi da harrezkeroztik.
Mamia, atalez atal
Satrapiren lehen komikia da Persepolis, eta Art Spiegelmanen Maus obrak eman zion inspirazioa. Arraratsen aburuz, komikiaren funtsezko elementua umorea da, «kontu garratzenak ere halaxe kontatzen baititu. Batzuetan irriño bat aterako dizu; beste zenbaitetan, barre algara». Alde horretatik, Arraratsen pasarte «kutun bat» Descartes eta Marx elkarrekin hizketan jartzen dituenekoa da: «Filosofia lezio bat iruditzen zait, labur-laburra eta barrea eragiten duena. Ez dakit gehiagorik eska litekeen».
Narratzeko modua ere goraipatu dio Satrapiri, «xalo eta tolesik gabe kontatzen baititu gauzak. Bere burua biluzten du, ez du edertzen, ez du idealizatzen, eta begiak zabalik begiratzen du kanpora ere».
Persepolis-en edizio berrituak bakarrera ekarri zituen jatorrizko lau liburukiak, eta edizio berri horretan oinarritu du itzulpena Arraratsek ere. Bere ustez, lehena da «parterik zoragarriena eta imajinatiboena». Satrapi bere haurtzaroaz mintzo da bertan. Eskolan aske dabilen ume bat erretratatzen du. Bat-batean, ordea, zapia jartzera behartuko dute, eta horrek dakartzan ondorioak pairatuko ditu.
Bigarren zatiak Iran-Irak gerra du testuingurua, eta «gordinagoa» da. Gauza imajinaezinak ikusiko ditu Satrapik: tortura, galera, maila guztietako bortizkeria, heriotza, bonbardaketak... «Eta hori ere, familia pribilegiatua dela kontuan hartuta», azpimarratu du berriz Arraratsek. Ume «matxino samarra» izanik, gurasoek Europa zibilizatuan hobeki egongo dela deliberatuko dute.
Hirugarren zatiak Vienako egonaldia azaltzen du. Edozein nerabek izan ditzakeen gorabeherez gainera, erbesteak sortzen dituen nortasun arazoak batuko zaizkio. Arraratsen ustez, «nor izan nahi du, baina ez daki zein den; halako eten bat dauka bere nortasunarekin, familiarekin, kulturarekin eta herriarekin. Badenaz lotsatu ere egingo da». Gainbehera horren adierazgarri, hainbat hilabete eman zituen kale gorrian.
Atal horretan, liluratik etsipenera egingo du. Ezkerreko balioak, iraultza edota anarkismoa kolokan jarriko ditu, Vienan ezagutuko dituen kasuen erruz. «Talka hori eramanezina egingo zaio Satrapi nerabeari».
Laugarren atalean, askatasuna eta eskubide zibilak galduko ditu, «baina berdin izango zaio familiaren babesa izatearen truke».
Satrapik gauza guztiak «bide batez bezala» kontatzen dituela eta hori gogoko duela nabarmendu du Arraratsek.
Bizipenetatik Irango egietara
Marjane Satrapiren 'Persepolis' komikia euskarara ekarri du Irene Arraratsek. Autobiografikoa izanagatik ere, istorioek eta historiak bat egiten dute narrazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu