McEnroe Getxoko (Bizkaia) taldeak iaz kaleratu zuen La distancia bere azken diskoa, Rugen las flores aurrekoa (2015) argitaratu eta lau urtera. Tarte horretan, Ricardo Lezon abeslari eta gitarristak bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen (Esperanza, 2017), baita The New Raemon katalanarekin konpartitutako beste bat ere, eta poesia liburu bat ere argitaratu zuen. McEnroeren disko berri bat grabatu behar zutela erabaki arte: «Guk beti izan dugu lan egiteko modu ez oso konbentzionala. Harreman handia dugu gure artean, lagunak gara, eta disko bat prestatzen dugu benetan sentitzen dugunean zerbait dugula esateko». Lan egiteko modu horrek presioa kentzen die taldekideei: «Izpiritu amateurra dugu, batetik, gustuko dugulako, eta, bestetik, beste izpiritu bat izango bagenu sekulako kolpea hartuko genukeelako. Diskoak egiten ditugu helburu emozional batekin, eta ilusioa egiten digulako». Lezon, Pablo Isusi (baxua), Gonzalo Eizaga (gitarra, pianoa), Jaime Guzman (gitarra) eta Edu Guzman (bateria) Donostiako Viktoria Eugenian izango dira gaur, 19:00etan.
Rugen las flores atera zenutenean etorkizuna ez zenutela oso argi adierazi izan duzu. Taldearen amaiera aurreikusten zenuen?
Inoiz ez dugunez ezer planifikatu, disko guztietan izan dugu sentsazio hori. Agian azkena izan daitekeela. Eta hala bada, ez da ezer gertatzen. Rugen las flores-ekin oso gustura gelditu ginen, baina bai izan genuen amaiera batera iritsi izanaren sentsazioa. Izan zitekeen taldearena, izan zitekeen lan egiteko modu batena, eta izan zitekeen sentipen ez-zuzen bat ere. Baina La distancia-rekin hasi ginenean, ohartu ginen berriro gogoz geundela. Taldekideak elkarrengandik urruti bizi gara orain, baina ilusio hori pizten denean oso polita da. Irudipena geneukan, gainera, gure bidetik gehiegi aldendu gabe, kantuek aldaketak ere bazekartzatela, bai hitzetan, bai musiketan.
Zuk idazten dituzu McEnroeren kantuak. Zerk bereizten ditu taldearen abestiak eta bakarka grabatutakoak?
McEnroe nolabaiteko kooperatiba bat da. Nik ideia bat eramaten dut, eta bilatzen dugu denok gustura egongo garen leku bat. Bakarkako diskoa egin nuen kantu batzuk nituelako, denbora ere bai, eta aukera ematen zidalako gauza berri batzuk probatzeko. Baina ez nintzen asko urrundu ere.
Elkarrengandik urruti bizi izanda, nola moldatzen zarete grabatzeko eta entseatzeko?
2002tik gabiltza taldean, baina hemezortzi urte horietan elkarrekin lan egin dugun denbora batuko bagenu, urte pare bat litzateke. Kide bat Bartzelonan dago, beste bat Madrilen, beste bat Mexikon izan da... Diskoaren izenburuak ere horri egiten dio aipamen, batzuetan distantzia etsigarria izan delako, eta beste batzuetan lagungarri.Lan egiteko gogoa dugunean, antolatzen gara ahal dugun moduan, olatu horri heldu nahi diogulako.
Esan izan duzu zure abesti guztiak maitasun kantuak direla. Ezin duzu beste sentipen batzuei buruz idatzi?
Idazteko inspiratzen nau. Baina maitasunak forma asko hartzen ditu, eta disko honetan, adibidez, hari buruz hitz egiten dut modu zabalean. Maitasuna aitari, naturari... estereotipotik aldendu nahian. Baina betidanik entzun ditut maitasun kantuak... The Cure edo The Smiths entzuten nituenean, haienak maitasun kantuak iruditzen zitzaizkidan, nahiz eta gero baten bat itzuli eta gelditzen nintzen... [barrez]. The Smithsen Meat is Murder-ez gogoratzen naiz...
The Smiths taldearen kantu bati erreferentzia ere egin zenion Cuando suene This Night kantuan.
Bai, taldean bi belaunaldi gaude. Jaime eta biok zaharragoak gara, eta 1980ko hamarkadako musikatik gatoz, eta Edu, Pablo eta Gonzalo gazteagoak dira, eta beste erreferentzia batzuk dituzte.
Zure kantuetan naturak ere leku handia du: zerua, animaliak, basoak ageri dira etengabe.
Naturan aurkitu dut zoriontasun handia. Haren indarra, ematen didan bakea... Denbora bat bizitzen egon nintzen Sorian [Espainia], herrixka oso txiki batean, eta naturaren oso mende nengoen. Bakea eta inspirazioa ematen dit, eta oso presente dago nire musikan.
Zarautz, Mundaka, Madril... zure kantuetan ageri dira. Istorio jakinei lotzeko modu bat dira?
Gauza asko saiatzen zara hitzekin azaltzen, edo metaforekin, eta, agian, leku izen batekin azal ditzakezu, oso oroitzapen sakona utzi dizutelako. Beharbada, entzuten dituenarentzat klabe ezkutuak dira, baina kantuak niretzat egiten ditut lehenik eta behin. Gustatzen zait lekuak eta bizipenak lotzea, nik behintzat hortik idazten baitut, bizipenetatik eta oroitzapenetatik. Miresten ditut beste ikuspuntu batetik idazten dutenak, baina ezinezkoa egiten zait niri.
Musikalki, La distancia zuen lanik sosegatuena da?
Bai. Rugen las flores-en gitarra indartsuak zeuden, eta bagenuen amaierara iritsi izanaren sentsazioa. Eta disko berria, gitarrarekin ez, baizik eta pianoarekin abiatu dugu. Pianoak goxotu egiten du dena, baita abesteko modua ere, eta beste leku batera eramaten zaitu. Beti izan gara pausatuak, baina orain, agian, gehiago.
Azala, sutan dagoen etxe baten argazkia, Silvia Gravek egin du, eta ekartzen ditu gogora Red House Painters, Dakota Suite eta beste batzuen zuri-beltzeko portadak.
Asko miresten dut Silvia; izugarri gustatzen zait haren lana. Berak idatzi zidan esateko gogoz egingo zuela azala. Niri, halakoetan, ez zait gustatzen eskua sartzea; nahiago dut hari uztea libre. Bidali genizkion kantuak, eta berak azal eder hori egin zuen. Red House Paintersen oso zalea naiz, eta iruditu zitzaidan azalak disko haien arrastoa ekartzen zuela : baretasuna eta indarra aldi berean.
Idazten segitzen duzu?
Itxialdian ez dut ezer idatzi. Irakurri dut, musika entzun dut, baina ez dut idatzi. Baina baditut gauzak eginak, eta nire asmoa da bakarkako diskoa prestatzea laster. Poema liburu bat ere badut buruan, eta McEnroerekin zerbait berria egiteko gogoa ere badugu.
Donostian joko duzue gaur. Nolako kontzertua izango da?
Hunkituta gaude. Viktoria Eugenian jotzea izugarrizko ilusioa egiten digu, eta saiatuko gara ahalik eta kontzerturik politena egiten. Gainera, kuriosoa da, baina martxoaren 14an, dena itxi zenean, Tindersticksek Viktoria Eugenian eman behar zuen kontzertura joan behar nuen. Orain, bueltan naiz, baina oholtza gainera.
Ricardo Lezon. McEnroe taldeko abeslari eta gitarrista
«Bizipenetatik eta oroitzapenetatik idazten dut»
Itxialdiaren osteko egoera berri honetan, distantziaren kontzeptuak beste esanahi bat hartu duenean, McEnroek 'La distancia' bere azken diskoa aurkeztuko du, gaur, Donostian. Bere lanik pausatuena eta sosegatuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu