Literatura

Hasier Larretxeak bizipen zahar eta berrien bilduma egin du bere liburu berrian

'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da' lana ondu du Larretxeak, Alberdania argitaletxearekin. Autobiografiaren eta egunerokoaren kutsua duten testuak jaso ditu, bai eta iragan hurbilarekin zerikusia duten hausnarketak ere.

Hasier Larretxea, gaurko aurkezpenaren aurretik, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Hasier Larretxea, gaurko aurkezpenaren aurretik, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko irailaren 18a
16:00
Entzun

Hasier Larretxeak (Arraioz, Nafarroa, 1982) makina bat liburu ditu argitaratuak, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Gehienbat poesia landu du, dioenez genero horretan sentitzen delako «erosoen». Bestalde, narraziora ere jo izan du; Larremotzetik liburuan, esaterako (Elkar, 2014). Aspalditik zuen gogoa bere bizipenetatik idatzitako zerbait ateratzeko: «Memoriatik idaztea biziki maite dut, baita irakurle bezala ere». Hortik abiatuta hainbat saiakera egin izan ditu idazle gisan, eguneroko formatuan-edo, baina testuen ahotsarekin ezin asmatu ibili da sarritan. Azkenean, Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da eman berri du argitara orain, Alberdania argitaletxearekin, eta haurtzaroan eta gaztaroan bizitakoak helduarora iritsita izandako hausnarketekin tartekatzen ditu; «hibridazioa da nagusi», azaldu du.

2020ko etxeratze agindua izan zen liburua ontzeko inflexio puntua. Testuetako asko idatzita zeuzkan —iragan urrunari lotutakoak—, eta egiturari forma emateko «garai garrantzitsua» izan zela oroitu du: «Denbora eta elementuen ikusmira anplifikatuz joan ziren». Iraganari ez ezik iragan gertukoagoari ere heldu nahi izan dio idazleak, eta, besteak beste, Madrilgo bizitzaren erritmoari —18 urte daramatza hanbizitzen—, prekaritateari, musikari eta idazketari buruzko hausnarketak ere gehitu ditu. Testu bakoitza «unibertso bat» dela kontatu du nafarrak; izan ere, narrazio testuak poesiara lerratzen diren beste testu batzuekin tartekatzen dira. Hala ere, badira loturak, idazleak dioenez. «Testu bakoitzak baditu bere hariak, eta horiek josiz joatea ariketa polita iruditu zait».

Isiltasunak hautsi

Poesiara jotzen duten testuek bereziki familiarekin eta aitarekin —Patxi Larretxea aizkolariarekin— dute zerikusia. Idazleak haurtzaro «biziki alaia» izan zuela aipatu du, baina ez ziola jarraitu halabeharrez ezarritako ibilbideari. Aitak semea herri kirolen mundura gerturatu nahi izan zuen, baina hark gustuko ez, eta aizkolariaren helburua bete gabe geratu zen. Gainera, Larretxea gaztarora gerturatu ahala, bere identitate sexu-afektiboa deskubritzen hasi, eta homosexuala zela jakin zuen. Aitarekin zuen harremana hoztuz joan zen garai horretan, eta horri buruz mintzo da liburuan: «Itzulerako begirada batetik egin dut, jakinda gure bideak berriro elkartuko zirela. Azken finean, aitak profil jakin bat erakutsi behar izan du bere jatorriagatik».

Eta hala izan da, aita-semeen harremana gerturatuz joan da; batez ere Itzulerako bideak performanceari esker. Familiarekin eta senarrarekin parte hartzen du bertan liburuaren egileak. Herri kirolak, literatura eta musika elkartzen dituzte ikuskizunean. Halaber, azken urteetan egin dituen liburu aurkezpenetan ere idazleak lagun izan du aita. Familian denbora gehiago igarotzeko aukera izan dute, eta baita «iraganeko isiltasun horiek hausteko» ere, idazlearen hitzetan.

«Aupaketarik gabeko 'ni' bat sortzen saiatu naiz idaztean, eta nire gabezia eta hutsuneak agertzen»

HASIER LARRETXEAIdazlea

Iñaki Lareo zendutako lagunari ere omenaldi txiki bat egin nahi izan dio Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da liburuaren egileak. Gaztetan ezagutu zuten elkar, eta Larretxea hari esker gerturatu zen Iruñeko LGTBI komunitatera. Bizitzaren gorabeherak zirela medio, harremana galdu zuten bi lagunek, harik eta Lareo hil zen arte. Haren agur ekitaldian, azken urteetan Lareok laguna faltan bota zuela aipatu zioten idazleari, eta kolpe gogorra hartu zuen: «Ez nion aurre egin korapilo horri». Itxialdi garaian etorri zitzaizkion berriro burura Larretxeari Lareorekin bizitakoak. Horiek idazteak nolabaiteko sendatze prozesu bat izan dira; «iraganeko elementuei aurrez aurre begiratu eta mintzatzeko aukera eman dit».

Autobiografiatik eta egunerokoaren bidetik jotzeko erabakia hartu duen arren, idazleak ez du bere burua gehiegi goraipatu nahi izan; nahiago izan du naturaltasunera jo. Larretxea: «Aupaketarik gabeko ni bat sortzen saiatu naiz idaztean, eta nire gabezia eta hutsuneak agertzen».

Musika ezinbesteko

Nafarrak kontatu du musika ezinbesteko duela sorkuntzarako, eta asko maite duela. Horregatik, aipu musikalak sartu ditu liburuan. Anariren Densnudame, desnudame kantakoak (1997) eta Zea Mays eta Mikel Urdangarinen abestietakoak, tartean. 2020. eta 2022. urteen artean izandako gertakariei erreferentzia egiten die iragan hurbileko testuetan, eta garai hartan izandako hausnarketak jaso ditu. Besteak beste, kultur sorkuntzaz idatzi du, eta horrek azkenaldian sortu dizkion ezbaiez; bai eta bikote harremanen, antsietatearen eta gentrifikazioaren inguruan ere.

Larretxeak Jorge Gimenez Alberdaniako editore zenari eskerrak eman nahi izan dizkio aurkezpenean. Hura izan zen liburua irakurtzen lehena, eta hartan «sinesten» lehena. «Harengatik izan ez balitz, liburu hau ez litzateke hemen egongo», aitortu du.

Azkenaldian aitarekin egiten dituen ekitaldiei jarraipena emanez, urriaren 13an Elizondoko (Nafarroa) Txokoto tabernan egingo dute liburuaren aurkezpena. Abenduan Iruñean ere egingo dute beste bat. «Liburuan aitaren ikuspegia jasotzen ez dela ikusita, haren prozesuari ere balioa emango diola iruditzen zait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.