Bizimina ez da itxura batean dirudiena. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, «bizitzeko gogoa, bizinahia» esan nahi du bizimin hitzak (definizioak adibide eder bat ere badauka: «Biziki bizi du bakoitzak bizitzaren bizimina»); berez ez denez oinaze mota bat, bizi-mina edo bizi mina ez dira bizimin. Nolanahi ere, hitz eta esanahi zopa horretan murgil dabiltzan adiera gehientsuek balio dute, modu batera edo bestera, Nikos Kazantzakis idazle greziarraren Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak nobelaz aritzeko: izan ere, existentziaren lorra bizkarreratzeko bi modu horiek, biziminak eta bizi-minak, alegia, hara eta hona zabukatzen dute nobela, bizitza bere gozoan zukutzeko grinatik existentziaren hutsalkeriaz penatzeko oinazera.
Nobelaren hasieran, narratzailea Kreta uhartera iristen da, lignito meatze bat erosi berritan, liburu artetik aldendu eta bizimodu soilago bati ekin nahian, eta hara non ezagutzen duen Alexis Zorba bizizalea, eta meategian enplegatzen arduradun gisa. Bi pertsonaien hartu-emanek ardazten dute nobela, antitesi betean ardazten ere. Pertsonaia bizi-bizia da Zorba, magnetikoa, limurtzaile porrokatua, bere egarri existentzial aseezina bizitzaren mama goxotik edanez berdintzen duena. Narratzaile izengabea, aldiz, bizi-minak zauritutako existentzialista bat da, Zorbak «nagusi» edo «paperxagu» deitzen duen liburuzale ikasia. Bitasun arketipiko horren bueltan jiratzen da eleberria; Aiora Sampedro BERRIAko kritikariak 2017an esplikatu zuen bezala, «bizitzaren zentzuaren bila ari den eta bizitza bera zentzutzat duen pertsonaien arteko joan-etorriak» dira liburuaren oinarri. Halatan, pertsonaia bakoitzaren karakterizazioa bera da bikote horren alderik interesgarrienetako bat. Bata zein bestea antitesian garatzen direnez, bi pertsonaiak elkarren kontrakarrean karakterizatzen dira etengabe; bata bere buruaz ari denean, besteaz ere ari da, baina zeharka eta negatiboan, eta aldrebes ere gertatzen da, besteaz ari denean bere buruaz ere ari da eta, hor ere zeharka. Beraz, autokarakterizazioa eta heterokarakterizazioa gurutzatu eta bateratu egiten dira, eta nobela osoan, gainera. Hona hemen adibide bat, narratzailea Zorbaz mintzo dela:
«[g]izaki primitibo hura, bizitzaren axala kraskaturik —hots, logika, morala, onestasuna—, bizitzaren mamira zuzenean iristen zena. Hain baliagarriak diren bertute txiki guztiak eskas ditu. Geratzen zaion gauza bakarra da bertute deseroso, moldegaitz eta arriskutsu bat, itzurgaizki eta etengabe ari duena pusatzen azken muturrera —amildegira».
Zorbaz ari da, bai, baina zeharka-zeharka bere burua ere definitu du, esan dituenak isilean ukatuta. Zorbak ere berdin egiten du narratzaileari esaten dionean, «Baina nola ulertuko duk hik, hire demorriozko liburutzarrek espiritua janda hago eta?». Ulertzekoa da, esaten ez duen arren, bera ez dagoela liburuek espiritua janda.
Nobelaren joanean, printzipioz kontrakoak diren bizi jarrera horiek hurbilduz-hurbilduz doaz pixkanaka, Zorbak bizi maisuaren rola hartzen baitu ezinbestez. Nahiz eta, konparazio baterako, Zorbaren rola Jainkotiar komedia-ko Virgilioren parekotzat jo izan den (huraxe ari da leitzen nobelako narratzailea, hain zuzen ere), pertsonaia bikotearen hartu-emanek Faustoren mitoa ere gogoratzen dute, Zorbak bai baitu deabru limurtzailearen kutsu mefistofelikorik; diferentziak benetan gehiago dira, baina bada paralelismorik hor.
Oihu bat ezerezean
«Kretako bazter honek, egin nuen, prosa onaren antza du: ongi zizelatua, doia, sobraniazko edergailuz biluzia, indartsua eta bildua». Kretako itsaso-lurretan gertatzen da istorioa, eta paisaia-giro horien deskribapenak indar handikoak dira, bizi-biziak, pertsonaien emozioak inarrosten eta eguratsarekin berdintzen dituztenak, kasik orrialdetik kanpora jauzi egiteraino, Zorbaren mintzaldiek bezala. Nabarmen landuak daude deskribapenok, baina ez dira laketze estetiko hutsal bat, istorioaren edergarri. Kazantzakisek bere-berea du deskribapen horietan-eta darabilen iruditeria poetikoa, eta haren sakoneko pentsaeraren adierazle da hori, pentsaera bat zeinean bizi-mina eta bizimina iturri beraren ur hotza eta beroa baitira. Iruditeria poetiko horren pisuaz jabetzeko, beharrezkoa da haren Aszesia obrara jotzea.
Idazleak berak esan zuen Aszesia, saiakera poetiko labur bezain sakoneko bat, Oihu bat zela, eta haren gainerako idazlan guztiak Oihu haren iruzkin bat baino ez zela. Oihu lazgarria da, barren-barrenetik erditzen dena existentziaren oinaze puruaz. «Ilunpezko amildegi batetik gatoz, ilunpezko amildegi batera goaz, eta bien arteko argialdiari Bizitza esaten diogu». Erraietakoa da Kazantzakisen existentzialismoa, eta iruditeria poetiko hertsi eta trinko batean emana ez ederkeria hutsez, bestela ezinda baizik. Testu zaila da, giza destinoa gorabide aszetiko batean taxutzen duena, eta hitz handiosekin mintzatzen dena jainkoaz, arimaz eta eternitateaz, baina ez dago zertan haren ikuspegia guztiz entenditu, edo harekin guztiz bat etorri, Kazantzakisen existentzialismora ailegatzeko, poesia horren bizitasuna lagun: «Nola iritsi Amildegiaren barrunbeetara eta barrunbeok ernaldu? Hori ez dago esaterik [...], norbera, erabateko askatasunez, da bere salbazioaren jabe». Izan ere, sortu beharra, sortu behar artistikoa zein nolanahikoa, bizitzan aurrera egiteko ezinbestekotzat dauka. Sorkuntza, baiki, bizi-mina bizimin bihurtzeko.