Bizilagun ezagun ezezagun hori

'Tigre batekin bizi' poema ilustratua egin dute Harkaitz Canok eta Maite Gurrutxagak elkarlanean

Gurrutxaga eta Cano Tigre batekin bizi liburuaren aurkezpenean, hilaren 15ean, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bi lagun etxe batean. Eta tigrea. Agertzen dena, eta ageri ez dena, aldi berean. Ez dakite nola heldu den horraino: aurreko maizterrak utzi ote zuen, euren disko bilduma gorroto duen bizilagunaren jukutria ote den, edo hilean behin ura, gasa, argindarra begiratzera joaten zaien langile buzo-urdinarena den. Baina tigrea bizi da etxean, sumatzen dute, batzuetan besteetan baino nabarmenago. Horixe da Tigre batekin bizi poema ilustratuaren abiapuntua: duela zenbait urte idatzi zuen Harkaitz Canok, Maite Gurrutxagak ilustratu du orain, eta Elkarrekin argitaratu dute.

Urteetan «iraun» dio poemak Canori. Aldean eraman du batera eta bestera. «Idazleok gauza absurdo asko egiten ditugu: horietako bat izan daiteke hegazkin bat hartu, Herbehereetara joan, ipuin bat kontatu, eta etxera bueltatzea. Nik egin dut hori poema honekin». Haren esanetan, disko batetik bestera kantuak ahanzturan erortzen diren bezala gertatzen da poemekin ere: «Poemari etengabe IAT [ibilgailuen azterketa teknikoa] pasatzen joaten zara, hori baita jendaurrean irakurtzea: publiko aldiro desberdin batentzat irakurtzean, ikusten duzu ea narritatzen zaituen edo gustuko izaten jarraitzen duzun». Hainbatetan pasatu dio jendaurreko azterketa, eta, bistan denez, aldiro gainditu du.

Ilustratu zitekeen «intuizioa» zuen Canok, eta hala jo zuen Gurrutxagarena. «Segituan harrapatu ninduen ni ere tigreak, eta animatu nintzen egitera», azaldu du ilustratzaileak. Canori galdetu zion abiapuntuaz, ea zeri erantzuten dion poemak, eta hari horri tiraka hasi zen lanean. Izan ere, «istorio bat eta istorio asko» kontatzen dira poeman, aldi berean, Gurrutxagaren esanetan. «Horregatik, ez dut irudimenera bakarrik jo, baita oroimenera, lagunen istorioetara, eta baita gauza gehiagotara ere: sinple esanda, poema irakurtzeak sortu didan hortara jo dut».

Tigrea da, nabarmendu du Canok, animalien artean tradizio literario handienetako bat duen animalia, eta Jorge Luis Borges jarri du horren adibide gisa, hark maiz erabili baitzuen bere testuetan. «Tigrea da animalia noblea, tigrea da arriskua, tigrea da dotoreziaren enblema bat; beldurgarria zela esaten zuen Chestertonek». Eta horregatik tigrea. «Izan zitekeen krokodilo bat, Mariasun Landak idatzi zuen bezala; anglosaxoiek elefantea aipatzen dute, gelan dagoen elefante hori, denek ikusten dutena, baina inork aipatu ez, deserosoa delako edo ez dakitelako ondo zer esan. Hori da, kasu honetan, tigrea».

Tigrea da bi protagonisten bizilaguna, baina kasik Schrodingerren katua bezala, ezaguna eta ezezaguna dute, aldi berean, eta horrekin jolastu da Gurrutxaga. «Asko miresten dut Edward Hopper margolaria: haren lana asko gustatzen zait, ze marrazten ditu paisaiak edo etxeak, eta ez da pertsonaiarik ikusten, baina badakizu hor norbait dagoela. Klima berdina sortzen saiatu naiz tigrearekin».

Tigrea, beldurra(k)

Eta bete-betean asmatu zuen, Canoren ustez: «Tigrea agertu gabe agertzeko bide bakarra da Maitek hautatu duena. Tigre bati buruz hitz egin eta etxean oihan bat irudikatzen duen oparia». Idazleak ixtear utzi duen kontakizuna, itxi beharrean, gehiago irekitzea da ilustratzaile on baten lana, Canoren ustez, eta Gurrutxagak hala egin duela uste du.

Irudia eta testua ondo lotzen, narrazioa ondo gogoan edukiz egin ohi du lan Gurrutxagak; irudien arteko narrazio bat sortzen saiatzen dela dio. Kasu honetan, liburu «berezia» da harentzat, besteak beste, irudien sekuentziari baino garrantzi handiagoa eman diolako orriz orriko kontakizunari. «Liburuak osotasunean zerbait konta dezake, baina baita orriz orri ere, eta garrantzitsua iruditu zait hori irudikatzea».

Baina tigrea ez da tigrea: tigrea beldurra da, kasurik baikorrenean, eta tigrea beldurrak dira, kasurik ohikoenean. «Batzuek esaten dute diruak mugitzen duela mundua, beste batzuek diote sexuak mugitzen duela, eta baikorrenek diote maitasunak mugitzen duela. Nik esango nuke beldurrak mugitzen dituela mundua eta gure mundutxo txikia». Liburuko protagonistak arduratuta daude, tigre bat dutelako etxean:jendeari galdetu nahi diote, ea haiek ba ote duten tigrerik etxean. Eta, era berean, «egia» jakin nahi dute: «Bada tigre gabeko etxerik?». Hain zuzen, tigrea eta etxea, biak dira irudi garrantzitsuak poeman eta irudietan.

Tigrea zer den baldintzatu dezake testuinguruak. Egoera oso desberdinetan irakurri izan du poema jendaurrean Canok, eta jakitun da entzule bakoitzak zerbait ezberdina proiektatu dezakeela hainbat faktoreren arabera. Irakurri zuen 2010ean Joxe Mari Kortaren omenaldian, ETAk hil eta hamar urtera, eta irakurri zuen Herbehereetan, jaialdi batean.

Canok azaldu duenez, ez da hain ezohikoa poema bakar bat ilustratu eta libururatzea: «Beharbada gure artean ez hainbeste: ematen du poema bat testu gutxi dela liburu bat osatzeko». Testuarekiko ikuspegi «erredukzionista samarra» da horren arrazoia, haren ustez. «Beti gogoratzen naiz nola lagun poeta batek lehenbiziko aldiz aforismoak kaleratu zituenean irakurle batek egin zion komentarioa: 'Lau aforismo orriko, gutxitxo, ez? Aprobetxatu zitekeen hobeto espazioa'. Ematen du hurbiltzen garela liburuetara aprobetxamendu urbanistiko edo hirigintza plan batera bezala: 'Protekzio ofizialeko zenbat etxe sartzen diren plano honetan?'. Eta ez, badira testuak eta poemak arnasa hartzea eta sekuentziazio pausatu bat eskatzen dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.