Bizikidetzarako kit-a

Estefana Roman eta Jorge Sanz artistek 'Starter pack' erakusketa ireki dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan

Jorge Sanz, Estefana Roman eta Iñaki Imaz, Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, aurkezpen egunean. M.RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Elkarbizitzarako espazio bat eraiki dute Estefana Roman Matesanz (Vigo, Galizia, 2000) eta Jorge Sanz Eraña (Bilbo, 2000) artistek Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, Bilbon. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuten biek, eta Pintura Masterrean ere elkarrekin aritu dira. Starter pack deitu dute bien artean osatutako mostra, eta bihar arte egongo da ikusgai, 08:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoada.

Erakusketan, masterrean egindako hamabost lan jaso dituzte, eta bakoitzean askotariko materialak eta teknikak erabili dituzte. Besteak beste, oihalak, papera, grafitoa, plastikoa eta metala. Era berean, hainbat diziplinatako lanak tartekatu dituzte Romanek eta Sanzek, hala nola pintura eta eskultura. «Garaikidea bezain iradokitzailea» da emaitza, Iñaki Imaz EHUko Pintura Masterreko zuzendariaren ustez.

Bataren eta bestearen lanak txandaka zintzilikatu dituzte, zein zeinena den zehaztu gabe. Horietako bakoitzean, baina, «arazo amankomunei» erantzuten ahalegindu dira: «Erakusketa oso zabala da, eta elkarren arteko puntu amankomunak bilatzen saiatu gara obren artean elkarrizketa bat egoteko, ez gatazka bat». Bi artisten lana ezberdina izanagatik, beraz, badira partekatzen dituzten eremuak erakusketan.

Artelanei erreparatuz gero, euskarriaren kolorea errespetatu du Sanzek obra bakoitzean. «Berezko irregulartasunak paisaiaren bidez agerrarazi ditu», adierazi du Usoa Fullaondo EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak. Aldi berean, gaineratu du bi errealitateren arteko bitartekari gisa erabiltzen duela pintura. Romanen lanek, berriz, ezinezko formak eta konposizioak erakusten dituzte, Fullaondoren arabera: «Ez lirateke existituko paperean eraikiko ez balira».

Hasiberriei bultzada

Starter pack izenburuak bi gazteen ibilbideari egiten dio erreferentzia. «Hasiberrientzako oinarrizko kit-a da; oinarrizko gauzen bilduma», azaldu du Sanzek. Hondartza batekin alderatu du egoera: «Hondartzara goazenean, hau izango litzateke starter pack-a: toalla, bainujantzia, krema... Azken batean, hondartzara joateko premiazkoak diren gauzak».

Zehazki, 2011. urtean sinatu zuten hitzarmena EHUko Arte Ederren Fakultateak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek. Artista gazteei bultzada ematea da egitasmoaren helburua, eta, etorkizunera begira, bide berriak zabaltzea. Eskertuta agertu da Imaz: «Artista gazteen hastapenetan, erakusleiho paregabea da hau». Aurten beste bi erakusketa egiteko asmoa dutela gaineratu du, master bakoitzeko erakusketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.