Inoiz baino biziago itzuliko zela iragarri zuen Bilboko BBK Live jaialdiak, eta hala izan da. Bi urteko etenaldiaren ostean, Kobetamendi ostera musikazalez bete da. Pandemiaren larriena atzean utzita, musika jaialdi gosez zegoen jendea; dozenaka lagun zebilen autobuserako ilaretan uda honetako jaialdietan batuz joan diren eskumuturrekoak erakusten. Askorentzat urteroko ekitaldi nagusia zen Kobetamendikoa, eta, bi urtean elkar ikusi gabe egon ondoren, besarkada eta agurrez beteriko kontzertuak izan ziren arratsaldekoak. Zaharak eta Ginebras taldeek, adibidez, ez zuten egoerarik errazena eduki zaleen arreta erakartzeko, beraz. Placeboren kasuan, bolumena pixka bat igo izanak lagundu zuen, baina zaleei mugikorretara barik kontzertura adi egotea eskatu arren, deialdiak ez zuen arrakasta handiegirik eduki. Brian Molko buru duen taldea Never Let Me Go diskoaren aurkezpen biran murgildurik dago, eta kontzertuaren zati handi bat disko horretako abestiei eskaini arren, klasikoentzako tartea ere egon zen, noski. Too Many Friends hunkigarriak edo The Bitter End-ek alde izan zuten gaua iristearekin batera martxan jarri zuten argi joko ikusgarria. Batu zen jendetza ikusita, San Miguel agertokia txiki geratu zitzaien britainiarrei.
New Yorkeko LCD Soundsystem talde beteranoak hogei urte bete ditu aurten, eta bira horretan kokatu behar da Bilboko kontzertua; Europa osoan emango duen kontzertu bakarra izango zela iragarri zuten, eta ikusmina begi bistakoa zen. James Murphyk eta bereek dantza pista erraldoi bihurtu zuten Kobetamendiko agertoki nagusia. Karisma itzela du Murphyk, eta gustura aritu zen oholtzatik kantatzen eta zaleak animatzen. Musikariak ere, bikain. Erritmo sinple baina sotilekin hasitako abestiak ederki gorpuzten zituzten sintetizatzaile eta gitarra doinuekin. Gazte zein adineko, Daft Punk Is Playingat My House eta Tonite bezalako abestiekin dantzan jarri zituen guztiak. Taldeak post punkaren eragin nabarmena du; hortik, Joy Division britairiarrei eginiko keinua ere No Love Lost bertsioarekin. New York, I Love You But You're Bringing Me Down lasaiagoarekin arnasa hartu ostean, Dance Yrself Clean eta All My Friends klasikoekin goia jota amaitu dute emanaldia.
Zaleak dantza gogoz zirela iritsi zen Caribouren eta Moderaten txanda. Lehenaren proposamenaren oinarrian musika elektronikoa eta pop doinuak daude. Moderat berlindarrenak ere elektronika du oinarrian. Aurretik ere jaialdian aritutakoak dira biak; festa gosez zirenek, baina, gogotsu hartu zituzten bien emanaldiak.
Hamabost aldi bete ditu BBK Live jaialdiak, eta urteotan publikoaren gustuetara moldatzen saiatu dela erakutsi du. Horrela, hasieran rock, indie edota pop doinuak nagusi baziren ere, azken aldietan trapa, elektronika edota reggaetona lehen lerrora ekarri dituzte. Doinu intimistagoek ere eduki zuten bere espazioa.
Eskaintza intimista ere bai
Phoebe Bridgersen kontzertuak zeresana eman zuen sare sozialetan jaialdia hasi orduko; izan ere, LCD Soundsystemen ordutegian berean eta agertoki txikietako batean jotzekoak ziren; zaleen eskaerari erantzunda, baina, antolatzaileek arratsaldera eta agertoki handiago batera pasatu zuten kontzertua. Taula gainean dir-dir eginez erantzun zuen artista kaliforniarrak —eta taldekideek—. Punisher diskoan oinarritutako ikuskizuna eman zuen, dotorea eta zaindua. Bridgersek harrera ona eskertu zuen –lehenbiziko biderra zuen Euskal Herrian—, eta AEBetan bizi duten egoera salatzeko —besteak beste, aborturako eskubidea debekatzea aipatu zuen— baliatu zuen abesti arteko atsedenaldietako bat. «Nire jaioterrian izorratuta gaude orain. Oinarrizko eskubideak direnak ukatzen ari dira, eta ondorio larriak edukiko ditu horrek. Inoiz baino gehiago, gobernuz kanpoko erakundeak laguntzeko garaia da». Gazte asko zegoen publikoaren artean, eta deigarria zen nola konektatu zuten musikariek eta zaletuek; abesti lasaiagoetan koroak eginez eta mugituagoetan dantzatuz, elkartzea erabatekoa izan zen. I Know the End abestiarekin itxi zuten emanaldia, post rock doinu indartsuetara hurbilduz.
Aurretik, Ed Maverick mexikarrak kontzertu duina eman zuen Txiki agertokian. Zaharak jo zuen ordutegi berean jo zuen, eta horrek zalegoan ere eragin zuen; andaluziarraren proposamenak doinu elektronikoak ditu oinarrian, eta zerbait lasaiagoaren bila joandakoak ziren Maverickenean batutako asko. Snail Mail taldeak, ostera, zale gazteagoak batu zituen karpan; Placeborekin batera jo zuten, eta doinu dantzagarriagoen bila joandakoek hartu zuten karpa. Hasieratik dantzarako gogoz zebiltzanek, baina, Basoa gunean topatu zuten horretarako aukera bikaina. Urteekin indartu egin da horko eskaintza, eta jendetza batu ohi da disko jartzaileen sesioetara. Gazzi italiarrarekin hasi ziren saioak, eta, hamar ordu pasatu eta gero, Helena Hauffek itxi zuen gunea; alemaniarra da Hauff, eta azken urteetan zeresan handia lortu du clubbing-aren munduan.
Gaur, barikua, The Killers, Stromae eta Bomba Estereo izango dira talde nagusiak. Euskal Herriko Nogen eta Chill Mafiak ere kontzertua emango dute. Asteburua hastearekin batera, Kobetamendira are jende gehiago hurbiltzea aurreikusten dute antolatzaileek.