Biziago itzuli da

Milaka musikazale jarri dituzte dantzan LCD Soundsystem, Moderat eta Caribouren doinu elektronikoek Bilboko BBK Liven. Besteak beste, J Balvin, Nathy Peluso eta Pet Shop Boys ariko dira gaur.

LCD Soundsystem izan da BBK Liveko izarretako bat aurten. JAVIER ZORRILLA / EFE.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Inoiz baino biziago itzuliko zela iragarri zuen Bilboko BBK Live jaialdiak, eta hala izan da. Askorentzat urteroko ekitaldi nagusia zen Kobetamendikoa, eta, bi urteren ondoren, besarkada eta agurrez beteriko kontzertuak izan ziren arratsaldekoak. Zaharak eta Ginebras taldeak, adibidez, ez zuten egoerarik errazena eduki zaleen arreta erakartzeko, beraz. Placeboren kasuan, bolumena pixka bat igo izanak lagundu zuen, baina zaleei sakelakoei barik kontzertuari adi egotea eskatu arren, deialdiak ez zuen arrakasta handirik izan. Brian Molko buru duen taldea Never let me go diskoaren aurkezpen biran murgilduta dago, eta kontzertuaren zati handi bat disko horretako abestiei eskaini zien, baina klasikoentzako tartea ere egon zen. Too Many Friends hunkigarriak eta The Bitter End-ek alde izan zuten gaua iristearekin batera martxan jarri zuten argi joko ikusgarria. Batu zen jendetza ikusita, San Miguel agertokia txiki geratu zitzaien britainiarrei.

New Yorkeko LCD Soundsystem talde beteranoak hogei urte bete ditu aurten, eta bira horretan kokatu behar da Bilboko kontzertua; Europa osoan emango duen kontzertu bakarra izango zela iragarri zuten, eta ikusmina begi bistakoa zen. James Murphyk eta bere taldekoek dantza pista erraldoi bihurtu zuten Kobetamendiko agertoki nagusia. Karisma itzela du Murphyk, eta gustura aritu zen oholtzatik kantatzen eta zaleak animatzen. Musikariak ere, bikain. Erritmo sinple baina sotilekin hasitako abestiak ederki gorpuzten zituzten sintetizadore eta gitarra doinuekin. Gazte zein adineko, Daft Punk is Playing at My House eta Tonite abestiekin dantzan jarri zituen guztiak. Taldeak post-punkaren eragin nabarmena du; hortik, Joy Divisioni eginiko keinua, No Love Lost bertsioarekin. New York, I Love You But You´re Bringing Me Down lasaiagoarekin arnasa hartu ostean, Dance Yrself Clean eta All My Friends klasikoekin goia jota amaitu dute emanaldia.

Zaleak dantza gogoz zirela iritsi zen Caribouren eta Moderaten txanda. Lehenaren proposamenaren oinarrian musika elektronikoa eta pop doinuak daude. Moderat berlindarrenak ere elektronika du oinarrian. Aurretik ere jaialdian arituak dira biak, baina gogotsu hartu zituzten itzuleran.

Hamabost aldi bete ditu Bilboko BBK Live jaialdiak, eta urteotan publikoaren gustuetara moldatzen saiatu dela erakutsi du. Horrela, hasieran rock, indie edota pop doinuak nagusi baziren ere, azken aldietan trapa, elektronika eta reggeatona lehen lerrora ekarri dituzte.

Baita eszena intimista ere

Phoebe Bridgersen kontzertuak zeresana eman zuen sare sozialetan jaialdia hasi orduko; izan ere, LCD Sounsystemen ordutegi berean eta agertoki txikietako batean jotzekoak ziren; zaleen eskaerari erantzunda, baina, antolatzaileek arratsaldera eta agertoki handiago batera pasatu zuten kontzertua. Taula gainean dir-dir eginez erantzun zuen artista kaliforniarrak. Punisher diskoan oinarritutako ikuskizuna eman zuen: dotorea eta zaindua. Bridgersek lehen biderra zuen Euskal Herrian, eta AEBetan duten egoera ere salatu zuen —besteak beste, aborturako eskubidea debekatu izana—. «Oinarrizko eskubideak ukatzen ari dira, eta ondorio larriak edukiko ditu. Inoiz baino gehiago, gobernuz kanpoko erakundeak laguntzeko garaia da». Gazte asko zegoen publikoaren artean, eta deigarria zen nola konektatu zuten musikariek eta zaleek; abesti lasaiagoetan koruak eginez eta mugituagoetan dantzatuz. I Know The End abestiarekin itxi zuten emanaldia,post-rock doinu indartsuetara hurbilduz.

Aurretik, Ed Maverick mexikarrak kontzertu duina eman zuen Txiki agertokian. Zaharak jo zuen ordutegi berean aritu zen, eta horrek zaleei ere eragin zien; andaluziarraren proposamenak doinu elektronikoak ditu oinarrian, eta zerbait lasaiagoaren bila joandakoak ziren Maverickenean batutako asko. Snail Mail taldeak, ostera, zale gazteagoak batu zituen karpan; Placeborekin batera jo zuten, eta doinu dantzagarriagoen bila joandakoek hartu zuten karpa. Hasieratik dantzarako gogoz zebiltzanek, baina, Basoa gunean topatu zuten horretarako aukera bikaina. Urteekin indartu egin da horko eskaintza, eta jendetza batu ohi da disko jartzaileen saioetara. Gazzi italiarrarekin hasi ziren saioak, eta, hamar ordu pasatu eta gero, Helena Hauff alemanak itxi zuen gunea, azken urteetan zeresan handia lortu duenak clubbing-aren munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.