Bizi osoko abestien iruditegia

'Sua' komikia argitaratu dute Alex Tello gidoigileak, Julen Ribas marrazkilariak eta Su Ta Gar taldeak. Musika taldearen kanten hitzen bitartez, Sua izeneko protagonistaren istorioa kontatzen du lanak

Fikziozko pertsonaia izanagatik ere, Ribasek Su Ta Garreko taldekideen zantzuekin irudikatu du Sua. SU TA GAR.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Duela hamalau bat urte, Su Ta Gar taldearen hitzekin musikal bat egitea bururatu zitzaion Alex Tello aktoreari. Egitasmo hark ez zuen fruiturik eman, baina orain ernaldu berri den Sua komikiaren hazia izan zen. «Hiru ekitaldiko musikala nuen buruan, aktoreekin eta zuzeneko musikarekin», dio Tellok. Baina, horren ordez, hiru zatitan banatutako istorio bat sortu zuen, Sua izeneko pertsonaiarena. Hastapeneko proposamenak gutxi zuen seriotik, baina, 2017an, Dani Fano komikilari eta Xabiroi aldizkariaren arduraduna ekuazioan sartu zen, eta 360 graduko itzulia eman zion Telloren ikuspuntuari. «Dani Fano giltza da egitasmo honetan: proiektua bideragarri ikusten zuela esan zidan lehenengoa izan zen; maketaziorako sekretu oro argitu zidan, egundoko bultzada eman, eta marrazkilari posibleak proposatu zizkidan».

Fanoren sostenguarekin, egitasmoa Su Ta Garreko taldekideei aurkeztu zien, eta haien baiezkoa jaso zuen. Orduan, Fanok ilustrazioak bere gain hartzeko pertsonarik egokiena aurkeztu zien Xabi Bastida taldeko kideari eta Tellori: Julen Ribas. « Su Ta Garren zale amorratua da,Tello bezalaxe, eta horrek lana plazer bihurtu dio», Bastidaren aburuz.

Ofizio gustagarria izanagatik ere, lan eskerga eskatu dio Ribasi: «Alex Tellok bidalitako eleberri itxuradun gidoitik abiatu, eta irudiak banan-banan sortu ditut, arkatza eta tinta erabilita; ondoren, ordenagailura pasatu, eta kolorea eman diet», argitu du irudigileak. Irudiek, abestien letrek bezala, denetariko kontzeptuak irudikatzea bilatu dute, bi sortzaileen hitzetan: «Su Ta Garren kantek badute ikuspegi intimo bat, maitasunarekin eta norberaren ingurumariarekin lotutakoa, baina baita errealitate soziala ikusarazten duen ikusmoldea ere».

«Ariketa polita eta latza»

Hain zuzen ere, kantuek eman dizkiete buruhausterik handienak: 120 abestitik gorako diskografiatik, 36 hautatu dituzte, komikiaren eszena bakoitzera egokituta. Telloren iritziz, abestiak hautatzearena «ariketa polita eta latza» izan da: «Zale gisa, egin dezakezun jarduerarik ederrena da, baina haien ibilbidean ehunka abesti sortu dituzte, eta, beraz, bahetzea lan handia da», dio Tellok.

Komikiaren amaieran, Mikel Sotok idatzitako hitzatzea dakar liburuak. Sotok «testuingurua eta pasioa» erantsi dizkie irudiei eta fikziozko kontaketari, Bastidaren arabera: «Uda osoa eman du hitzatze hori idazten, eta nabari da barru-barrutik ateratako hitzak direla».

Musika taldeak sorkuntza prozesuan izandako parte hartzeaz itaunduta, gitarra joleak erantzuna oso argi du: «Ez gara asko sartu, ez baikenuen beharrizanik ikusten; oro har, gure iritzia baino ez dugu eman, ikusita Alex eta Julenen arteko elkarlana bikaina zela eta, are gehiago, oso gustura zebiltzala». Emaitzari dagokionez, txundituta utzi ditu musikariak: «Badirudi Sua benetako taldekide bat dela, eman dioten estetikatik hasita. Argi dago ez garela harekin guztiz identifikatuta sentitzen, baina gertatzen zaizkion pasadizoetako batzuk guri ere suertatu zaizkigu, eta, nolabait, gure zati bat hortxe dago».

Antzekotasunak antzekotasun, Tellok eta Ribasek pertsonaia neutroa sortu dute: «Liburua edonorentzat pentsatua dago, eta, hortaz, Sua bera ere edonor izan zitekeen; ondorioz, haren generoa ez zehaztea erabaki dugu», dio Tellok. Zalantzak, beldurrak eta argiguneak nabari zaizkio Suari. «Hiru elementuok Su Ta Garren kantetan agertu ohi dira, eta, horrenbestez, istorioa koherente egiten dute», azaldu du Ribasek.

Musika talde batek norbanakoarengan ernaldu dezakeena oso aldakorra da pertsona batetik bestera, baina Tellok, Ribasek eta Bastidak pareko sentimena dute: «Su Ta Gar bizitza osoan erreferentzia izan dudan taldea da, haien lehen diskotik, eta, umetan, niretzat haustura bat esan nahi zuen», azaldu du Ribasek. «Nire bizitzako soinu bandaren zati esanguratsu bat, hala musikalki, nola ideologikoki», dio Tellok. «Haren presentzia gabe bizitza ulergaitz bihurtuko lukeenelementua da», Bastidaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.