Bizi korapiloak askatzeko kontakizunak

Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleek '7 korapilo' lan grafikoa ondu dute. Zazpi istorio jaso dituzte, itsasoarekin lotutakoak

Maider Galardi
Donostia
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ohiko gaia da itsasoa literaturan. Hamaika olerki, narrazio eta komiki eskaini dizkiote hainbat eta hainbat idazlek eta marrazkilarik. Marinelak, kortsarioak, enbatak eta piratak izaten dira protagonista horrelako ipuinetan. Unibertsaletik harago, ordea, tokiko gaiak lantzeko aukera ematen du itsasoak. Modu horretan heldu diote lemari Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleek 7 Korapilo eleberri grafikoan. «Ez dugu soilik itsasoari buruz idatzi, itsasoak metaforikoki esan nahi duenaz baizik», azaldu du Martin Etxeberriak.Eleberrian azaltzen diren korapiloak, hortaz, norberak barnean dituen loturak dira, edota gizarteak askatu beharreko matazak. Gaixotasuna, indarkeria matxista, ekologismoa, antimilitarismoa... itsasoaren babesean gai horiei guztiei heldu diete egileek zazpi ipuinez osatutako lanean.

Aldez aurretik ezagutzen zuten elkar marrazkilariak eta idazleek. Udakiolak egina zuen lan bat Xabier Etxeberriarekin lehenago. Horren ondoren sortu zen Martin Etxeberriarekin lan egiteko aukera, eta horrela osatu zuten Azken balea ipuina. «Izatez, poesia bat da kontakizuna», azpimarratu du Udakiolak. Marrazkilariak egin zuen gidoi proposamena, eta Etxeberriak, berriz, olerki bat itzuli zion komikira egokitzeko. «Ez da ohiko prozesua izaten marrazkilariaren gidoia jasotzea eta ostera testua ipintzea», dio Etxeberriak. Ohikoa ere ez da komiki baterako olerki bat jasotzea. Emaitzarekin, baina, bi sortzaileak gelditu ziren gustura, eta erabaki zuten proiektuarekin aurrera jarraitzea.

Lau urtean osatu dute liburua, eta hiru sortzaileak elkarlanean aritu dira; ondorioz, emaitza uste baino hetereogeneoagoa da: hainbat testu mota erabili dituzte. Hirutan sortu dute poesia: Azken balea-n, Telmo pirata-n eta Nicolino biolinjolea-n. Besteetan, aldiz, mikroipuinen bidez kontatu dute istorioa. Estiloari dagokionez ere egin dute aniztasuna lortzeko ariketa: «Drama badago, baina umore beltza erabili dugu sarri», adierazi du Etxeberriak.

Horren adibide da Lastegia ipuina. Batetik, belaunaldien arteko harremana lantzen dute, aitona batek bere ilobari erakusten baitio arrantzan asko erabiltzen den lastegia korapiloa egiten. Ondoren, ordea, tonu ilunez heltzen diote indarkeria matxistaren gaiari: ilobak ikasi berri duen korapiloa erabiltzen du autodefentsarako. Ipuinetan badira bestelako aldarrikapenak ere; Garaipen beltza-n, esaterako, itsas zaldi bat bihurtzen dute armadako soldadu. Antimilitarismoa eta ekologismoa landu nahi izan ditu Udakiolak ipuin horretan.

Etxeberriaren arabera, marrazkilaria izan da noranzkoa markatu duena: «Ia dena eginda eman digu. Gidoi grafikoa pasatu zigun, bazuen ideia bat, eta guk hitzak jarri dizkiogu. Noski, ondoren egin ditugu moldaketak, baina lema berak eraman du». Hortaz, itsaso zabalean galdu gabe, gai zehatzei heldu diete zazpi istorioetan. Eta guztietan lantzen dira kanpoko zein norbere barneko korapiloak.

Marrazkigintzan ere egin du esperimentua Udakiolak. Ez zuen ohiko komiki bat egin nahi, eta, horregatik, hainbat estilo erabili ditu ipuinak ilustratzeko. Besteak beste, arkatzez egindako marrazkiak, digitalki koloreztatutako irudiak eta rough bidez egindako binetak osatu ditu. Ideia zuenean, marrazten hasi, eta sekuentziak aldatzen zituen. Ondoren ematen zien gidoia Etxeberria anaiei hitzak jartzeko.

Prozesua ere aberasgarria izan da, beraz, sortzaileentzat. Eta, horregatik, zazpi narrazioen ostean, atal berezi batean eman dituzte istorio bakoitzaren nondik norakoak, xehe-xehe. «Beharra sentitzen nuen halako zerbait jartzeko bukaeran», azaldu du Udakiolak, «Istorio bakoitzaren mamia jasotzeko baliagarria da, eta bertan jarri ditut, gainera, ipuin bakoitzari irudiak egiteko erabili ditudan teknikak». Etxeberriak ere bat egin du azalpenarekin: «Ipuin bakoitzak badu korapilo bat, eta interesgarria da horien erreferentziak jartzea. Gainera, amaieran ipintzeak badu zentzua: irakurleari utzi behar zaio interpretatzen, baina idazlearen gogoetak agian ez ditu presente, eta baliagarria da horiek azaltzea». Besteak beste, komikiak egiteko oinarri hartutako olerkiak osorik jaso dituzte.

Olerkia komiki bihurtuta

Berez da arriskatua olerkia egitea, Etxeberriaren ustez, eta are arriskatuagoa poesia komiki bihurtzea: «Zaila da ilustratutako poesia liburuak topatzea, eta are zailagoa komikiak aurkitzea». Egindako lanarekin, ordea, pozik dago idazlea, «berezia» izan da lana, haren arabera. Udakiolak ere uste du erronka politari heldu diotela, eta produktu «duina» kaleratu dutela azkenean: «Proiektuan bakoitzak nahi zuena egin du, ez diogu elkarri inolako trabarik jarri». Lortutako emaitzarekin ere pozik daude biak.

Aske sortzeak prezioa baduela ohartarazi dute, ordea, egileek: «Istorioa ez dugu komertzialki pentsatu, baina argitaletxeetara aurkeztean, errealitatearekin egin dugu topo». Ez die inork liburua argitaratu, eta, azkenean, autoedizioaren bidea hartu dute. Edonola, askatu dute korapilo hori ere dagoeneko: saldu dituzte euskarazko ediziorako ekoitzitako liburu guztiak dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.