Kale ikuskizunak

Bizi kale artea(n)

Uda sasoiarekin batera kaleko artistak herriko plazak eta zokoak betetzen hasten dira. Arte eszenikoen aukera zabala topa daiteke Euskal Herriko kaleetan: antzerkia, zirkua, komedia, dantza...

Deabru Beltzak Pontevedrako (Galizia) kale ikuskizunean, iazko uztailean. LAURA DI PROSPERO
Deabru Beltzak Pontevedrako (Galizia) kale ikuskizunean, iazko uztailean. LAURA DI PROSPERO
2024ko uztailaren 21a
05:30
Entzun

Arratsaldeko zazpiak iristeko minutu bat. Emanaldia hasteko prest. Atzerako kontaketa: 5,4,3... Gaztetxoak elkarren artean, kar-kar-kar; amona,tuju-tuju, zapiari helduz; gizona, txor-txor-txor,alboko lagunarekin; haurren gozokiek,kaska-kaska... Ene! Euria, ziri-ziri! 2,1... «Ongi etorri, ikus-entzuleok!».

Antzokian isiltasuna izango litzateke nagusi; kalean, ordea, sasi-isiltasuna. Ez da lan makala kaleko estimuluen aurka lehiatzea. Artekale elkarteak, adibidez, kale arteek komunitatearen kohesioari «ekarpena» egiten diotela aldarrikatzen du, eta kalea sorkuntzarako espazio «libre, estetiko eta etiko gisa» ulertu, «irekia, kolektiboa, berezia eta erantzukidea». Hortaz, espazio publikoaren «berariazko okupazioa» da, eta jabetze horrek «komunaren, publikoaren eta kolektiboaren garrantzia» azpimarratzen du. Horregatik, elkarteak zuzeneko arteen diziplinek kaleak hartzera bultzatzen ditu.

Kaleko arteen erakusleihoak dira jaialdiak, sorkuntzari bultzada emateko bidea. Nazioarteko nahiz bertako artisten topalekua ere bada jaialdia, baita formakuntza eremu ere. Pieza berriak aurkezteko espazioa da artistentzat. Leioako Umore Azoka da Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi handi eta esanguratsuenetako bat. Aurten 24. urtez egin dute, eta guztira 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte; horietatik hemezortzi Euskal Herrikoak izan dira. Horrez gain, badira kaleko arteetan zentratutako beste zenbait jaialdi eta azoka: Lekeitioko Kaleka (Bizkaia), Festikale (Arabako Errioxa) eta Kalerki (Zarautz), besteak beste.

Kale arteak espazio publikoan gauzatzen diren sorkuntza eszenikoak dira. Nekez errepika daitezke kaleko ikuskizunak, emanaldi bakoitza bakarra baita. Bat-batekotasuna eta ziurgabetasuna dute oinarri. Kaleak berezko bizitza du, eta jazotzen den oro ikuskizunaren parte egiten dute artistek. Errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasa da. Zirika Zirkus nafar zirku konpainiako Ainhoa Juanizek halaxe bizi du, behintzat: «Adibidez, kaletik txaranga bat igarotzen dela ikusiko bagenu, gure ikuskizunean baliatuko genuke, eta haren atzetik dantzan joango nintzateke». Egia da kaleko zaratak eta ustekabeak oztopo gisa bizi daitezkeela. Baina, Juanizen hitzetan, hasieran oztopoa edo zailtasuna irudi dezakeen hori «altxor» bihurtzen da.

Interpretatzen ari denaren ikuspegitik, kalea ingurune bizia da, mugarik gabea, adrenalina hutsa. Ez du inolako zerikusirik aretoekin. Kodeak guztiz aldatzen dira. Kaleko kontakizunek erritmoa izan behar dute, eta aretoetan baino fisikoagoak izan ohi dira. Beraz, hainbat alderdi kontuan hartu behar dira emanaldia sortzeko orduan. Sorkuntzak kalekoak edo kalean eginak izan daitezke, eta horrek baditu bere konplexutasunak. Bea Larrañaga artista, antzezle eta clownak aitortu duenez, aretoetarako idatzitako obra kalera egokitzea arrotza egiten zaio, ohartu gabe, mugak ezartzen dituelako.

Beste zenbaitek, ordea, site-specific motako ikuskizunak egiten dituzte; hau da, obraren oinarrian espazioa bera dago, eta horren arabera sortu behar da gidoia. Harrobi Dantza Bertikala da horren adibide. Janire Etxabe konpainiaren sortzaileak ikuskizunak museoetan, espazio naturaletan eta eraikin enblematikoetan gauzatzen dituztela azaldu du.

«Hemendik zortzi-hamar urtera, ziurrenik, beste ikuskizun formatu bat egin beharko dugu, gure proposamenak ez dituelako kaleari ezartzen dizkioten neurriak errespetatzen»

GARBITXU CASTAÑODeabru Beltzak konpainiako kidea

Dena den, kaleak ere baditu bere arau eta neurriak. Deabru Beltzak Bizkaiko konpainiak gero eta etorkizun ilunagoa ikusten du. Oscar Castaño Garbitxu taldekidea kexu azaldu da «gero eta zailagoa» delako kaleko arauetara egokitzea: «Hemendik zortzi-hamar urtera, ziurrenik, beste ikuskizun formatu bat egin beharko dugu, gure proposamenak ez dituelako kaleari ezartzen dizkioten neurriak errespetatzen». Horren ondorioz, zuzeneko arteen diziplinek kaleak eskaintzen dituen aukerak ulertu behar ditu.

Kalea espazio irisgarria da, eta bertan arteak ondasun komun gisa hautematen dira.Bide batez, antzokirik, kultur etxerik edo erakusketarako espazio itxirik ez duten herri txikietara kultur eskaintza ezberdinak iristeko eszenatokia da kalea. Areago, areto barnean baino espazio eszeniko gehiago eskaintzen ditu kaleak. Horien artean dira 360º-ko eta 180º-ko formatuak, lau aldeetara, ikus-entzule antolaera ez-ordenatua, aurrez aurrekoa ez den antolaera...

 

Harrobi Dantza Bertikala taldeko Janire Etxabe dantzaria Udalatx mendiko kobatik zintzilik. BEITTU BIDEO
Harrobi Dantza Bertikala taldeko Janire Etxabe dantzaria Udalatx mendiko kobatik zintzilik. BEITTU BIDEO

 

Ikuslearen begirada harrapatuz

Ikusleen izaera ere ezberdina da. Batean areto barruan eserita daude, eta espresuki emanaldira gerturatu dira. Bestean, ordea, ikusleak hara eta hona dabiltza, eta artistak gerturatu behar dira ikuslearengana. Bide batez, ikus-entzule berria sortzeko balio du, ezustean topo egin eta bertan geratzeko aukera baitu. Larrañagak beste hizkuntza edo kode batean hitz egin behar dela azaldu du. Badaki kalean publikoak estimulu asko dituela; horregatik, ikusleak obraren parte egiten ditu, aktibo bihurtu: «Edonor gerturatu ahal da, sorpresaz, eta, inprobisazioa baliatuz, hori ere kaleko ikuskizunean sartu behar duzu bertan gelditzeko». Clownarentzat publikoarekin gertutasuna bermatzea ezinbestekoa da. Esaterako, kalean suertatzen diren ustekabeak ikuskizunean erabiltzen ditu. Haren hitzetan, edonor jabetu da bertan jazotakoaz; beraz, ez du merezi hori ezkutatzen ibiltzeak. Areago, ikuslea antzezlanetik urrundu duen elementu horrekin jolasten bada, berriro elkar konektatzea lortzen dela dio. Trikimailu horiek kalean prestatzen dira, ikus-entzuleekin batera, hemen eta orain.

«Orain aretoetan ere lanean hasi naizela, ikusi dut zeinen zaila den jendea bertara eramatea. Baina, hor dago erronka, ezta? Publikoa kontzientziatu behar da aretoetan ere kultura kontsumi dezan»

 JANIRE ETXABEHarrobi Dantza bertikaleko dantzaria

Aretoetara joateko ohiturarik ez duen ikuslea oharkabean gera daiteke kalean emanaldiaz gozatzen. Etxabek aukera hori baliatu behar dela adierazi du, ikuslea gerora aretoetara erakartzeko: «Orain aretoetan ere lanean hasi naizenez, ikusi dut zeinen zaila den jendea bertara eramatea. Baina, hor dago erronka, ezta? Publikoa kontzientziatu behar da aretoetan ere kultura kontsumi dezan».

Nolanahi ere, ez da erraza ikusleekin asmatzea. «Ezin duzue imajinatu herri batetik bestera zenbait aldatzen den publikoaren jarrera», aipatu du Zirika Zirkuseko Juanizek.

Deabru Beltzak konpainiaren kasua berezia da, nazioartean hara eta hona ibiltzen direlako. Castañok adierazi gisa, ezberdintasun nagusiak txalo egiteko moduan, errespetuan eta amaierako gertutasunean sumatzen ditu: «Harritu egiten gara jendeak inspirazioaz galdetzen digunean, edo obra nola sortu dugun jakin nahi dutenean... Euskal Herriko tradizioekin ea zerikusirik ote duten ere sarritan galdetzen digute». Jende andana biltzen dute ikuskizunetan; esaterako, Kanadan, 10.000 pertsona bildu ziren Deabru Beltzak ikusteko.

Zergatik jauzi kalera?

Hamaika arrazoi egon daitezke arte eszenikoek kaleak hartzeko. Kontakizunak hurbiltasunetik kontatzeko beharra izan daiteke; edo, herri izaera nahiz arazoak gizarteratzeko. «Gure lan guztiekin beti zabaltzen dugu euskara, euskal kultura eta memoria historikoa; horrela jendearen bihotzak astintzen ditugu, eta izugarri gustatzen zait», aitortu du Etxabek. Beren aldetik, Deabru Beltzak konpainiako kideen helburu nagusia herriaren umorea eta sustraiak kanpoan ezagutaraztea da.

Beste zenbaitek aukera berrien bila egiten dute jauzi kalera. Nahiak bultzatuta, baina baita beharrak ere. Horixe da Larrañagaren kasua. «Aukera gutxi izan nituen aretoetan lan egiteko, eta, urte osoan jan behar dudanez [barreak], ikuskizuna kalera eramatea erabaki nuen», adierazi du. Hortaz, antzokirako prestatutako ikuskizuna kalean egiteko moldatu behar izan zuen.

Euskal Herriko kale antzerkiaren egoera eta hobekuntzak

Artista guztiak bat datoz kaleko arte eszenikoetan «kalitate handia» dagoela. Etxabek ikuskizun horiek aldarrikapen bat dutela gaineratu du, eta horrek harrotasunez betetzen duela, artea gizartea astintzeko eta hobetzeko bide ikusten baitu: «Nik uste dut artistak alde horretatik lan handia egiten ari direla».

«49 urte ditut, emakumea naiz, eta umorista. Gu ere espazio publikoetan egoteko eta beste gauza batzuk egiteko gai garela erakusteak indarra ematen dit; ahaldundu egiten nau»

BEA LARRAÑAGA Artista, antzezle eta clowna

Larrañaga ere harro azaldu da, emakumeak «beste leku batean» jartzen dituelako bere emanaldiarekin: «49 urte ditut, emakumea naiz, eta umorista. Gu ere espazio publikoetan egoteko eta beste gauza batzuk egiteko gai garela erakusteak indarra ematen dit; ahaldundu egiten nau». «Erreferente» gisa ikusten du bere burua, haren ustez, bere ikuskizunean eserita dauden haurren eredua baita.

Bea Larrañaga 'Bonba bat naiz' ikuskizuna antzezten, Kantabriako Emakume Pailazo jaialdian. AUREO GOMEZ
Bea Larrañaga, 'Bonba bat naiz' ikuskizuna antzezten, Kantabriako (Espainia) Emakume Pailazo jaialdian. AUREO GOMEZ

Dena dela, artistek badute zer aldarrikatu eszenatokitik at. Castaño kexu da, instituzio eta gobernuek kaleko arteak eta areto barrukoak zaku berean sartzen dituztelako: «Askotan saiatu naiz instituzioeigure beharrak azaltzen eta baita gure merkatuak behar ezberdinak dituela ere adierazten, baina ez dute ulertzen». Juanizek laguntza horiek beste modu batera banatu beharko liratekeela pentsatzen du: «Adibidez, diru laguntzak zuzenean konpainiei eman ordez, udal ordezkariengana heldu beharko lirateke deialdi horiek; horrela, gehiago programatzeko aukera izango lukete».

Udaz harago, bada giro

Sarri kale ikuskizunak uda sasoiarekin lotzen dira, herriko jaiekin eta gozamenarekin. Baina, horrek ez du esan nahi soilik udako lana denik. Juanizek Gabonetan zein inauterietan egindako ikuskizunak ekarri ditu gogora: «Hotz itzela pasatzen dugu sarritan, bai guk eta baita publikoak ere, baina batzuetan sufritzeak merezi du. Euskal Herrian, behintzat, kultura kalean urte osoan aurkitu dezakezu». Etxabek ere agenda bete emanaldi dutela esan du. Gainera, «zortekoak» sentitzen dira, azken bost urteetan soilik bi emanaldi atzeratu baitituzte euriagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.