Pedro Oses. Artista

«Bizi gabe ezin da sortu, bizia eta etengabeko aldaketa baita sormena»

'Iruñeko Eskola' deitutakoan partaide izaki, tradizioaren zuloan barneratutako hirira haize berria ekarri zutenetako bat da Oses. Ibilbide luzea egin du artearen munduan, estilo batetik bestera.

Iker Tubia.
Iruñea
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal arteak 60ko eta 70eko urteetan hartutako bidearen bestelakoa jorratu zuen Iruñeko Eskolak. Horren kide izan zen Pedro Oses artista (Iruñea, 1942). Ibilbide luze eta emankor horretan hainbat aro bizi izan ditu, baina, gehienetan, komikiarekiko zaletasuna antzematen da oinarrian. Haren lanari begiratu bat egiten dion erakusketa zabaldu dute Iruñeko Ziudadelan, Armen aretoan.

Iruñeko Eskola-ko kidea zara. Iruñe tradizionalera haize berria ekarri zenuten.

[Francisco] Moreno Galban arte kritikariak jarri zuen izen hori. Iruñean egiten zen margo tradizionala [Javier] Basianoren gisako paisaiak ziren, eta jendearen eredua XIX. mendeko inpresionismo frantsesa zen. Zaharkiturik zegoen. Baina batzuek munduaren eta artearen beste ikuskera bat genuen. Nahiko gazteak ginen, eta beste modu batzuk, beste eragin batzuk genituen. Ikuskera tradizional hori hautsi nahi genuen. Hori belaunaldi guzietan pasatzen da. Ni, adibidez, ekialdeko herrialdeetako kartelgintzak erakartzen ninduen, baita publizitateak eta pop arte amerikar eta ingelesak ere. Dena dela, txikitan jasotako eraginetatik abiatzen gara, eta komikiak asko maite nituen: zer kontatzen zuten, nola, eta haien plastikotasuna.

Arte eta Lanbide Eskolan ezagutu nituen [Xabier] Morras,[Juan Jose] Akerreta eta beste batzuk. Antzeko kezkak genituen. Bakoitzak bere estiloa zuen, baina bagenituen gauza komunak. Akerretarekin aritu nintzen denboraldi batez. Lana banatzen genuen, eta koadro bera egiten genuen; eztabaida baten modukoa zen. Orduan egin genuen 68ko Maiatzari buruzko erakusketa, eta oihartzun handia izan zuen. Gure ikuspuntua azaldu genuen: munduak aldatu beharra zuen, eta han [Parisen] gertatzen ari zena iraultza izanen zela uste genuen, bidea irekiko zuela.

Bai erakusketa hori eta bai 1972ko jardunaldietakoa garrantzitsuak izan ziren. Nola eragin zuten Iruñean?

Aldaketa giroa zegoen; ez soilik artean, gazteengan batik bat. Iruñea oso toki tradizionala zen —eta hala da gaur egun ere—, eta, arteari dagokionez, eragin nabarmena izan zuten Castillo de Mayakultur etxeak eta, batik bat, Morrasek, hori guztia zuzentzen zuenak. Mugimendu hori Espainian, Europan eta, noski, maila lokalean ere gertatzen ari zela konturatu zenez, babestu egin gintuen. Kultura aretoa bere erakusketa batekin zabaldu zen; Londresi buruzkoa, alegia. Zirrara handia sortu zuen horrek; ordura arte ikusten zenarekin hautsi zuen, eta gazteentzako pizgarri izan zen. Gero, Akerretarekin batera aurkeztu nuen erakusketa. Aldaketa giroa sortzen hasi zen, eta jardunaldiak heldu ziren; astinaldi ederra. Munduan zehar egiten zen arte abangoardiaz eta bestelako arteaz ideiarik ere ez zuen jendeak.Horrek aldaketak eragin zituela uste dut; ez dakit, ordea, handiak edo txikiak izan ziren.

1972ko jardunaldietan euskal arteari buruzko erakusketa egin zenuten. Batzuk kritiko azaldu zineten gerora. Ez zen Iruñeko artea baloratzen?

Nire ustez, Moreno Galbanek artikulu hura idatzi ez balu eta kultur etxearengatik izan ez balitz, ez ziguten kasu zipitzik ere eginen. Baina aurrera egitea erabaki genuen, oso argi baikenuen: artean aritu nahi genuen.

1972ko jardunaldien barruan euskal arteari buruzko erakusketa zegoen. Orduko euskal artearen eta gurearen artean izugarrizko aldea zegoen. Jende heldua zen, eta gu ez ginen haien artearekin identifikatzen. Abstrakzioaren inguruan zebiltzan, eta munstro sakratuak zeuden: Txillida, Mendiburu, Ibarrola... Guk beste ikuspegi bat genuen; gurea figuraziotik gertu zegoen, eta berriagoa zen. Bestalde, jardunaldietan arte esperimentalagoa, abangoardistagoa eta ausartagoa zegoen, eta horren aurrean txiki ikusi genuen geure burua. Baina, tira, ni kontent nintzen, erakusketa duina egin baikenuen.

Ez zenuten, beraz, orduko euskal artearekin bat egiten?

Beste giro bat zen. Jende horrek bere bidea egin zuen, galerien menpe askotan. Bide instituzionalagoa zuten, eta erakundeek eta gizarteak errazago onartzen zuten haien lana. Gu gure aldetik joan ginen, independenteago.

Aro ezberdinetatik igaro zara. Zaila da zure bilakaera laburbiltzea.

Bizitzen saiatu naiz, eta lantegian ez dago bizitzarik. Ez bazara bizi, ezin duzu sortu, sormena bizia eta etengabeko mugimendua baita. Tira, ni ilustrazioaren eta komikiaren inguruan mugitu naiz. Hor txikitan eta nerabezaroan istorioak kontatzeko nuen grina berreskuratu nuen. Fanzine batzuk atera genituen, erritmoa hartu genuen, gauza batzuk publikatu zizkiguten eta profesionalizaziora jo genuen. Urte luzez margoa alde batera utzi nuen. Baina, aro hori beteta, ase egin nintzen, eta beste zerbait behar nuen. Barne bulkadei jarraitu beharra dago. Nire bizitzan aldaketak izan ziren, eta kanpora atera nintzen margotzera. Naturan gustura sentitzen hasi nintzen. Gogo hori ez dut galdu ordutik.

Naturak garrantzi berezia du zure obran, baita mendiek ere.

Natura guztia da. Gu ere bagara haren parte, nahiz eta porlanez eta makina itsusi eta zaratatsuz inguraturik bizi. Natura bizitza bezala da, etengabeko aldaketa. Oso konplexua da, eta hori guztia ezagutzea, abentura. Erakusketan Gary Hemming mendizaleari eskainitako zoko bat dago. Bertan beste mendizale baten esaldi bat paratu dut, Molotov errusiarrarena: «Ez goaz arrakasta bila, bizitza ematen digulako baizik».

Ilustrazioan eta komikian zentratu zinenean, egia da kritikaren axolagabetasunak bultzatu zintuela?

Alde batetik egia izan liteke. Axolagabetasunaren aurrean, egiten ari zarena uzten duzu, edo beste zerbaitetan hasi. Baina kasu honetan ez dut uste horrela izan zenik. Baina ez dut erabat argi. Niri beti gustatu izan zait gauzak kontatzea, eta komikigintzan oso eroso ibili naiz. Arreta handiagoa jaso izan banu, margotzen jarraituko nuke? Ez dakit.

Zergatik hainbeste estilo aldaketa?

Nahiko egongaitza naiz. Pertsona batek sortzaile izateko ez du zertan mihise baten aurrean jarri eta ideia bat ailegatu arte itxaron. Egiten duzunagatik zara sortzaile. Margotzea, film bat sortzea, gitarra jotzea... berez ez da sortzaile izatea. Teknika batzuk ikasi ditzakezu, baina garrantzitsuena horren atzean dagoena da: sortzaile izateko jarrera duen izpiritua, bizitzari irekita dagoena.

Zein da arteak Iruñean duen egoera?

Nahiko geldirik ikusten dut. Gainontzeko tokietan bezala, kulturaren egoera hutsaren hurrengoa da. Hori ez da gauza interesgarriak egiten duen jendea falta dugulako, baina ez dago laguntzarik. Berriki kultura prekarioari buruzko jardunaldiak egin ditugu. Ondorio nagusia hau da: bilduta lan egin behar dugu goikoek ez digutelako deus emanen, ezta nahi ere. Garai hauen gakoa batasuna da.

Paradoxikoki batasuna behar da inoiz baino indibidualagoa den gizarte honetan.

Bai, egia da. Horrela nahi gaituzte, norbera bere ordenagailuarekin eta nor bere iraupenarengatik kezkaturik. Horrela menperatzen gaituzte. Indibidualismoa hautsi beharra dago. Prekaritatean bizi garen kontzientzia hartu behar dugu —nik beti izan dut kontzientzia hori, noski—, eta daukagunarekin aurrera egin, asko baita. Bakartasuna ongi dago lantegian, baina lan parte hartzailea behar dugu elkarrengandik ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.