Literatura

Bizenta Mogel izango dute hizpide aurten Bilbo Zaharra Forumean

Mogelek 1804an argitaratutako 'Ipuin onac' liburua irakurriko dute XVIII. Irakurraldi Jarraituan, ekainean. Hari lotutako lehen jardunaldiak egingo dituzte asteon, eta Yolanda Arrietak, Josune Muñozek, Itxaro Bordak eta Ibon RGk hartuko dute parte.

Bizenta Mogel idazlea (1782-1854).
Bizenta Mogel idazlea (1782-1854).
itziar ugarte irizar
2025eko martxoaren 4a
13:13
Entzun 00:00:0000:00:00

«Euskaraz argitaratu zuen lehen emakumea izan zelako». Bestelako arrazoien artetik, horri jarri dio azpimarra Paulo Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak, Bizenta Mogelen alde zergatik egin duten azaltzean. Hemezortzigarrenez egingo dute aurten Klasikoen Irakurraldi Jarraitua —ekainaren 5ean izango da—, eta Mogelek 1804an argitaratutako Ipuin onac alegia bilduma irakurriko dute dozenaka lagunek Arriaga antzokian —Esopororen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara Mogelek—. Haren aurretik, baina, idazle aitzindariari eta haren lanari eskainitako bi jardunaldi antolatu dituzte, eta asteon izango da bietan lehena.

Saioak bihar eta etzi izango dira, zehazki. Lehenik, Yolanda Arrieta idazleak —Mogelengan oinarritutako Argiaren alaba (Denonartean, 2015) nobelaren egilea— eta Josune Muñoz literatur ikerlariak hitzaldia emango dute, 19:00etan, Euskaltzaindiko areto nagusian. Biharamunean, ordu eta leku berean, emanaldi musikatua emango dute Itxaro Borda idazleak eta Ibon Rodriguez musikariak, Mogelen lana oinarri hartuta hori ere.

«Enfasia» emakume sortzaileei

Alberdiren esanetan, beti saiatu dira emakume idazleak «presente izaten» Irakurraldi Jarraituak antolatzerakoan. Aurreko hamazazpi aldietan, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Mariasun Landa eta Miren Agur Meabe izan dira parte hartu duten emakume egileak, eta aurten bosgarrena izango da, beraz, Mogel. «Duela hiru urte Etxepareren Lingua Vasconum irakurri genuen, euskarazko lehenengo liburua; harrezkero, XXI. mendeko hiru obra irakurri ditugu —Martutene, Kristalezko begi bat eta Bilbao-New York-Bilbao. Aurten, berriro ere klasikoetara jo nahi genuen, eta emakume sortzaileei enfasia egin».

Hala, ekaineko jardunaldietan parte hartzaile guztiak izango dira emakumezkoak. Irakurketaren bezperan, ekainaren 4an, bertso saio literarioa egingo dute; Miren Agur Meabek jarriko ditu gaiak, eta Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal ariko dira kantuan. Aurreko egunean, ekainaren 3an, Mariasun Landak hartuko du parte, arreta ipuingintzan jarrita.

Bestalde, Ibarzabalek izango du Irakurraldi Jarraitua abiatzeko lana. «Nolabait liburua defendatzea tokatuko zaio», Alberdiren hitzetan. «Guretzat inportantea izaten da lehenengo irakurlea nor izaten den zehaztea. Idazlea bizirik dagoenean, idazlea bera izaten da. Aurten, Nerea Ibarzabal izango da, bera ere aitzindaria delako, kasu honetan bertsolaritzan, eta Bizenta Mogelen herri berekoa ere badelako, Markinakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.