Musika

Bizardunak taldea oholtzara itzuliko da

Hiru disko grabatu eta ehunka kontzertu eskaini ostean, 2013an erabaki zuen taldeak ibilbidea etetea, baina itzuli egingo direla iragarri dute orain, eta lau kontzertu joko dituzte, oraingoz. Martxoaren 15ean izango da lehena, Atarrabian (Nafarroa).

BIZARDUNAK
Bizardunak taldearen kontzertu bat, 2011ko Azkena Rock festibalean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / BERRIA
Inigo Astiz
2024ko irailaren 25a
11:00
Entzun

Hamar urtetik gora agertokietatik aparte izan ondotik, itzulera iragarri du Bizardunak musika taldeak, ustekabean. Azken iraina izeneko bira dute 2025eko udaberrian. Gaztelaniaz ere eman diote izena, eta honela dio erdarazkoak, zehazki: Hasta que nos canceléis —euskaraz, Kantzelatzen gaituzuen arte—. Instagram sare sozialeko kontu bat sortu, eta haren bitartez eman dute notizia kideek.

Oraingoz, lau kontzerturen berri topa daiteke Bidean Produkzioen webgunean. Atarrabian (Nafarroa) izango da lehen emanaldia, martxoaren 15ean. Martxoaren 22an Gasteizen izango dira, Jimmy Jazz aretoan. Azpeitian emango dute kontzertua martxoaren 29an, Sanagustin kulturgunean, eta apirilaren 5ekoa da oraingoz azken zuzenekoa, Bilboko Kafe Antzokian.

Lehen diskoa 2009an argitaratu zuten: Bizardunak (Brian's Records). Eta berehala egin ziren ezagun. Hitz azido, umoretsu eta tarteka deliranteak eta irlandar folk doinuak uztartu zituzten lan hartan, nagusiki. Horrekin batera, zuzeneko kaotiko bezain energikoak eskaintzen zituzten, eta berehala egin zen ezagun haien proposamena. Urte berean eman zuten argitara Euskal Herriko oreoak izeneko maxisinglea, eta En zugzwang diskoa kaleratu zuten 2010an, kasu hartan Gor diskoetxearekin.

Musikalki konplexuagoa zen bigarren lan luze hura, rock musikatik gertuago. Hala azaldu zioten apustua BERRIA egunkariari ordukoan: «Musikari dagokionez, apustu bat egin dugu. Erakutsi nahi genuen benetan musika ona egin dezakegula». Eta Ur ederra kirats infinituan (Baga Biga) diskoa izan zen kaleratu zuten azken estudioko lana.

Bizardunak taldearen kontzertu bat
Bizardunak taldearen kontzertu bat. RAUL BOGAJO / FOKU

2013an erabaki zuten taldea desegitea, eta, deseginda egon arren, 2015ean tirabira sonatua izan zuten Esne Beltza taldearekin. Haien musika eta hura ulertzeko modua kritikatu zuen Bizardunak taldeak bere sare sozialetan.

Orain iragarri dute buelta, baina 2017an ere izan zuten itzultzeko asmoa. Kartelean ere gehitu zituen Hatortxurock jaialdiak, baina azkenean taldea ez zen oholtzara igo. Orduan azaldu zutenez, «konplikatua» izan zitzaien kontzertu bakar baterako «bederatzi pertsonako hildako bat berpiztea». Oraingoan bigarren saiakera egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.