Bitxiz eta borrokaz hartu zituen oholtzak Josephine Baker dantzariak

Duela 50 urte hil zen Josephine Baker, 1975ko apirilaren 12an. New Yorkeko kafe antzokietan kantatzen hasi zen, baina, segregazio politiken ondorioz, Parisera joan behar izan zuen azkenean dantzari kontratu bat lortzeko.

Josephine Baker, Parisen, 1930eko hamarkadan. BERRIA
Josephine Baker, Parisen, 1930eko hamarkadan. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko apirilaren 13a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Piano baten melodiez lagundurik, bihotza Parisen eta AEBetako Saint Louis artean banatua zuela adierazi zuen Josephine Baker kantari, dantzari eta aktoreak (1906, Saint Louis, AEB-1975, Paris) J'ai deux amours kantuan: «J’ai deux amours/ mon pays et Paris/ pour eux toujours/ mon coeur est ravi». [Bi amoros ditut/ ene herrialdea eta Paris/ haientzat beti/ bihotza dut loriaturik].

Parisekin liluratu aitzin, AEBetako Missouri eskualdean bizi izan zen Freda Josephine McDonald. Karrikako dantza ikusgarriak muntatzen zituen haren ama Eddie Carsonekin, eta, hari esker, afro dantzan murgildu zen gazte-gazterik. Eskola eta burges zurien etxeetako lanak uztartzen zituen hasieran; gero, 13 urte zituela, lanera igorri zuen amak, familiaren behar ekonomikoak betetzeko.

Burges zurientzat hiru urtez lan egin ondotik, eta artean nerabe zela, New Yorkeko Broadway etorbideko belusezko antzoki argitsuetara ihes egin zuen. Daly’s 63rd Street Theatre kafe antzokia izan zen Bakerren lehen tranpolina. Nahiz ikusgarri batetik bertzera ibili, «beltza, meheegia eta erakargarritasunik gabea» zela adierazi zioten ekoizle amerikar handienek. Segregazio politiken biktima zuzena izaten hasi zen, baina Caroline Dudley Reaganek, AEBetako Parisko enbaxadatik hurbil zen emazteak, 250 dolarreko soldata proposatu zion Parisko Revue Nègre ikusgarrian parte hartzeko.

Onartu, eta 1925ean agertu zen Baker lehen aldikotz Parisko antzokirik handienetan, La Danse Sauvage ikusgarrian dantzatzeko. «Antzokiko argiek itsuturik, kasik biluzirik, musikaren araberako koreografia bat inprobisatzen nuen. Erotu ninduen antzokiko jende kopuruak. Sukarra nuen gorputz osoan, eta iruditzen zitzaidan jauzi egiten nuelarik zerura joaten nintzela». Parisko antzokietan charlestona zabaltzen hasi zen, eta, umorea ardatz harturik, kabaretaren eta dantza burleskoaren arteko dantza estilo bat sortu zuen. Ondorioz, Lehen Mundu Gerratik atera berria zen Frantzia hartako berpizkunde kulturalaren figura bihurtu zen Baker. Urte eroetako askatasun eta dibertimendu gosea asetzeko erdigunean eman zuten izarra izan baitzen. Segregatua izatetik pribilegiatu izatera pasatu zela pentsatu zuen. «Batignoles karrikako hotel batean nintzen: biziki eraikin zuri polita zen. Zerbitzaria zuria zen, eta goizetan askaria ekartzen zidan pertsona ere bai. Nire zerbitzurako ziren guziak zuriak ziren, mihise zurietan nintzen bitartean. Alta, haurra nintzelarik zurientzat lan egin nuen».

«Batignoles karrikako hotel batean nintzen: biziki eraikin zuri polita zen. Zerbitzaria zuria zen, eta goizetan askaria ekartzen zidan pertsona ere bai. Nire zerbitzurako ziren guziak zuriak ziren, mihise zurietan nintzen bitartean. Alta, haurra nintzelarik zurientzat lan egin nuen»JOSEPHINE BAKERDantzari, kantari eta aktorea

Bitxi eta lumazko ikusgarrietako artista ez ezik, modelo estetikoa ere bazen. Coupe à la garconne, ilea labur mozteko moda zabaldu zuen, eta, Parisen ezagutu Pepito izendatzen zuten enpresaburuarekin, ilea zaintzeko lozioak eta eguzkia errazago hartzeko produktu kosmetikoak asmatu zituzten. Errate baterako, Bakerfix eta Bakerskin izenekoak.

«Gauza» izateaz aspertua

Parisko Operan aktore eta kantari izan ondotik, Europako hainbat herrialdetara joateko bira bat antolatu zuen. Alemania, Errumania, Suedia eta Italia, Europako antzoki dotoreetako dantzari bihurtu zen. 1928ko Pragako emanaldian, ordea, jendetzak beldurra eragin ziola aitortu zuen. «Pragan, ene bizian lehen aldikotz, jendetzaren jakin-minaz eta kopuru ikaragarriaz beldurtu nintzen».

Arrakasta izanik ere, objektu irringarri bat eta gauza exotiko bat izateaz aspertzen hasi zen. «Nardagarria atzematen dut espektakulu bat izatea, nahiz ene kontratuan idatzia den jendea dibertitu behar dudala». Jendearen zaintzapean ez ezik, «zaintza kulturalean» bizi zela deitoratu zuen. Beltz izatearen indarkeriak karrikaratu zituen Je voudrais être blanche [Zuria izan nahi nuke] kantuan. «Je voudrais être blanche/ pour moi quel bonheur/ si mes seins et mes hanches changeaient de couleur/ [...] mais je suis franche/ dites moi monsieur/ faut il que je sois blanche pour vous plaire mieux?». [Zuria izan nahi nuke eta niretzat zer poza/ nire titiak eta aldakak kolorez aldatuko balira [...] baina zintzoa naiz eta erradazu, jauna, zuria izan ote behar dut gustagarri izateko?]

«Nardagarria atzematen dut espektakulu bat izatea, nahiz ene kontratuan idatzia den jendea dibertitu behar dudala»

JOSEPHINE BAKERDantzari, kantari eta aktorea

Bigarren Mundu Gerraren atarian, Jean Lion enpresaburua ezagutu zuen gala gaualdi batean, eta, industrian aberastu zen gizon harekin ezkontzeari esker, Frantziako nazionalitatea erdietsi zuen. Haurdun izan zen, baina, sortu behar zen haurra hil ondotik, Bigarren Mundu Gerrako erresistentzia sareetako espioitzan engaiatu zen. Nazien kontrako borrokan espioi gisa jarduten zuen: nazien instalazioen planoak musika partizioetan sartzen zituen erresistentziako ordezkaritzetara helarazteko. Lisboan egin geldialdian Poliziak sinadurak bakarrik galdegin zizkiola erran zuen. «Lagun dezake Josephine Baker izateak. Aduanako agenteak irri handi bat egin zidan, eta autografoak bakarrik galdegiten zizkidan paperak galdegin ordez. Eraman nahi nituen planoekin Portugalera sartu nintzen». Ospea lagun, Jacques Abtey espioia bira arduradun gisa izendatu zuen, eta, harekin batera, Europan barna antolatu erresistentzia sarea bultzatu eta elikatu zuten.

«Ortzadar leinua»

Gerratik itzuli ondotik, Joseph Bouillon orkestra zuzendariarekin ezkondu zen. 1959an, Dordoina eskualdeko Milandes gaztelua erosi, eta munduko jatorri desberdinetako hamabi haur adoptatu zituen. Bere familia ortzadar leinua deitu zuen. «Konbentzitua nintzen mundu osoko etniak elkarrekin bizi zitezkeela eta arrazen purutasuna desagertuko zela, eta hori nik maitasunaren bidez egin nahi izan dut».

Aldi berean, AEBtan, Martin Luther King eskubide zibilen aldeko borrokan ari zen. 1963ko agorrilean, herritar beltzak eta zuriak deitu zituen Washingtongo ibilaldira, segregazioari bukaera emateko. Baker ere bertaratu zen, eta ekitaldian hitza hartu zuen emazte beltz bakarra izan zen. «Jakinarazi nahi dizuet egun hau ene bizitzako egunik ederrena dela. Beti ikusi nahi izan dudana bete da: herri batu bat zarete!».

Arrazismoaren eta segregazioaren kontrako borrokaren enbaxadorea Parisera itzuli, eta kantatzen segitu zuen hainbat antzokitan, baina Montparnasse geltoki ondoko Bobino antzokian kantatzen ari zela, odol isuri bat ukan zuen buruan, eta Pitie Salpetriere ospitalean hil zen. Hil eta 46 urtera, 2021eko azaroan, Parisko Panteoian sartu zuten lehen emazte beltza izan zen Baker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.