CINDY LEE
Patrick Flegel musikari kanadar gaztearen drag queen izaerako alter egoa da Cindy Lee. Aurretik, Women rock taldean aritu zen, baina Christopher Reimer taldekidearen heriotzaren ondorioz, taldea ezereztu zenean, emakumezko azala jantzi zuen Flegelek, eta Cindy Lee egitasmoa abiatu zuen, zeinaren bidez, oker ez banago, lau grabazio plazaratu dituen, kasetean jasotako grabazioak gorabehera. Azkena, 2020an argitaratutako What’s Tonight to Eternity.
Aitortu behar dut ez nuela musikari honen berririk lan honen inguruan zabaldutako laudorioak irakurri arte: besteak beste, 9,1eko puntuazioa jaso du Pitchfork webgune entzutetsuan —oso lan gutxik jaso dute 9tik gorako puntuazioa aipatutako argitalpenean—. Sekulako emaitza da, diskoa ez baitago ohiko lekuetan entzungarri, tartean, Spotify, Apple edo Bandcampen, sortzaileak plataforma horien kontrako jarrera aktiboa eta sutsua agertzen baitu, bere ustez artistak esplotatzen dituztelako. Hori dela eta, diskoa Youtuben entzun daiteke, pista bakarrean, eta baita Interneteko hastapenetako diseinua erakusten duen Geocities webgunean ere, kalitate onean, doan edo 30 dolarreko dohaintzaren truke. «Spotifyko CEOa (Daniel Ek) lapurra eta gerrako txerria da. 100 milioi euro lapurtu dizkie musikariei, eta adimen artifizial militarrean inbertitzeko erabili ditu», idatzi du Geocities webgunean.
Behin musikariaren identitatea eta jarrera politikoa aztertuta, hel diezaiogun edukiari; hots, Flegelek Cindy Leeren bidez haizatzen duen proposamenari. Antza denez, Cindyren aurreko grabazioak zaratatsuagoak edo esperimentalagoak dira —barkatuko didazue, baina hain nago harrapatuta Diamond Jubilee honetan ez baititut aurreko lanak ezta usaindu ere egin; dena dela, Instagrameko erabiltzaile @soinu_ibiltariak-ek hauxe idatzi du nire profilean, disko berriaren azala argitaratu dudanean: «zoragarria, aurrekoak bezala»—.
@soinu_ibiltariak-ek botatako lorearen antzeko ehunka gehiago irakurriko dituzue diskoa jasotzen duen Youtubeko pistan; iruzkin horietatik lapurtu dut, hain justu, iruzkin honen izenburua: «Rare but real».
Bitxitasun hori grabazioak gordetzen duen behe-fidelitateko edo lo-fi tankerako soinuaren bidez haizatzen du Cindyk, eta benetakotasuna bi ordu irauten duten 32 doinuetan islatzen da. Doinuotan baladak nagusitzen dira, aieneak ugariak baitira, 1960ko hamarkadako neskez osatutako taldeek irratien bidez hedatzen zituzten pop ereserkiak Velvet Undergroundek edo etxola zahar batean entseatzen duen country musikari etsi batek joko balitu bezala.
Horrekin batera, disko osoa giro oniriko edo irreal batek estaltzen du —adjektiboak lerroburua baliogabetu arren—, Twin Peaks telesaileko balizko denboraldi berri baterako aproposa litzatekeena —hori ere Youtubeko iruzkinetatik ostu dut, baina definizio zehatzena eta biribilena iruditu zait—.
Laburbilduz, atmosferak eta kantuek mamu tankerako obra aparta gorpuztu dute, Patrick Flegelek idazteko, grabatzeko eta ekoizteko erakutsi dituen dohainei esker, bere gain hartu baitu maisulan honen diseinu eta eraikuntza osoa. Honen pareko gutxi aurkituko duzue. Zinez. Orain bi orduko tartea hartzea baino ez duzue.