Bitarte hutsa ala betea?

Bigarren poesia liburua eman du argitara Aritz Mutiozabalek: 'Hutsartea'. Denbora galduaren inguruan gogoeta egin du, bost atal bereizita

Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Denbora tarte batez, poesiarik ez idazteko erabakia hartu zuen Aritz Mutiozabalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1980). Baina ezin izan du saihestu. «Atsedenaldi bat egin nahi nuen. Halako hutsarte bat egin; besteak beste, irakurtzeko eta beste genero literario batzuk lantzeko. Baina ezinegon bat baneukan korapilatuta, eta hori kanporatzeko beharrak bultzatu ninduen poesiarekin jarraitzera». Azkenean, liburu bat ondu du, ehun olerki inguru bilduta: Hutsartea (Maiatz). «Liburuaren hasierako hazia ezinegon horiek izan baldin baziren ere, gerora denbora galduaren inguruko azterketan gorpuzten joan da».

Hutsarte bat hartzen saiatu, eta hutsarteez hausnartu du azkenean. «Bizitzan zehar norbanako bakoitzak izan ditzakeen parentesi horien inguruan hausnartu nahi izan dut. Bitarte horiek hutsak ala beteak diren jarri nahi izan dut mahai gainean». Kazetaria da lanbidez Mutiozabal, eta bigarren lana du Hutsartea. 2013an Gorren dantzalekua kaleratu zuen, eta, hartan, existentzialismoa izan zen landutako gai nagusia. Lan berrian ere gai horrek bere lekua duen arren, ez luke esango haren jarraipen «zuzen» bat denik.

Hasieran, liburu bat eta bestea «oso ezberdinak» iruditzen zitzaizkion. «Erabat konbentzituta nengoen, nahiz eta Hutsartea laneko atalen batean-edo existentzialismoaren arrastoa nabarmena zen». Baina azken asteetan, elkarrizketa eta aurkezpen saioetan konturatu da barruan daraman «ezinegon edo itolarri» horrek asko duela existentziaren gaiarekin. Bizitza bera zer den, eta gizakiaren egitekoa zein den, behin baino gehiagotan ageri diren gaiak dira. «Onartu egin behar ditugu gizarteak horren barneratuta dituen ereduak ala bakoitzak bere bidea bilatu behar du? 'Hil arte bizi', dio esaerak. Gauza da bizitzan hartutako erabaki guztiek ez dutela emaitza bera: batzuk hutsak dira, eta besteak beteak. Eta hori norberak atera behar duen ondorioa da».

Bost ataletan banatuta dago liburua. Eta atariko eta amaierako poema bana ditu. «Atal bakoitza tematikoa da, behintzat horretan saiatu naiz, eta guztiek denbora galduaren eta bitarte hutsaren gai nagusiari erantzuten diote». Baina atal bakoitzak bere testuingurua eta atmosfera ditu. «Batzuk politikoagoak dira, besteak onirikoagoak, existentzialagoak, sormen prozesuari buruzkoak...».

Bost gai, bost atal

Geografia zartatuak atalak urteak ihesean, erbestean, atxilo edo errefuxiatu pasatu dituztenen barne sentipenari erreparatzen dio. Ametsen itsasaldia, berriz, lo edo esna egiten diren ametsez ari da. «Ametsen itsasoa ez da beti barea, eta askotan desio horiek egia bilakatzeko olatuak nahiz korronteak gainditu behar dira. Eta, batzuetan, ez da lortzen».

Nostalgia, damua eta oroitzapenak dira Amnesia izeneko erlojua atalaren gai nagusiak. «Badirudi atzean geratutako oro beti izan zela hobea. Nire zalantza da ez ote dugun distortsionatuta ikusten, eta ez ote genukeen hobe aurrera begiratzea». Mihia huelgan isiltasunari buruz ari da: «Isilik geratze horri buruz, zerk bultzatzen gaituen horretara». Eta atalik «pertsonalena» da Eklipse bat nire ordenagailuan. «Idazle ibilbidean izan ditudan gorabeheren inguruan hausnartu dut, betiere ukitu sarkastiko batekin. Bertan iradokitzen dut ez dudala poesia gehiago idatziko, eta ez dakidala liburu berri hau idazten pasatu dudan denbora guztiak zerbaitetarako balio izan duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.