«Instalazio bat eta erakusketa bat da aldi berean, eta haurrak eta familiak jolastera eta esperimentatzera gonbidatzen dituen paisaia bat sortzen du». Horixe da Donostiako Tabakalerak azken bost udaberritan Situ-akzioak programaren bitartez publikoari egin dion proposamena. Anna Irina Rusell (Bartzelona, 1993) artista gonbidatu dute aurten horretarako, eta, haren praktika artistikoan ohikoa den osagai bat baliatuta, airea, askotariko egitura puzgarriz bete dute aldi berean erakusketa, instalazioa eta paisaia jostagarri bihurtu den espazioa. Birika bezain elastikoa izena jarri dio artistak, eta uztailaren 27ra arte bisitatu ahalko da Tabakalerako lehen solairuan.
Aretora sartu eta kolore granate, berde, lila, hori, laranja eta horiko pieza handiak topatuko ditu bisitariak. Kuxinak dira batzuk, eta airez puztu daitezkeen gorputz bigunak besteak. Artistak azaldu duenez, bere praktika artistikoan aspalditik lantzen ari den ildo batzuen erakusle da lana; batetik, airea, «material erlazional» modura lantzen duena; eta, bestetik, arreta jartzea ahozkoak edo hitzezkoak ez diren komunikazio moduetan, zeinak, haren ustez, «gorputza modu aktiboago batean jartzen baitute zentroan».
«Airea lanerako osagaitzat hartzea oso sentibera eta intimoa da; beti dago hor, baina, ezin denez ikusi, ez dago beti presente. Berdin gertatzen da hitzezko lengoaia ez diren komunikazio moduekin ere»
ANNA IRINA RUSSELLArtista
Kasu honetan, animalia batzuek komunikatzeko edo euren buruak arriskutik babesteko dituzten estrategiak hartu ditu erreferentzia gisa artistak; mintzak puztea, kasurako. Hala, puzten eta uzkurtzen diren pieza askotarikoen aurrean, nolabait, arnasa hartzen duen areto batekin egingo du topo bisitariak, eta berak ere parte hartu ahalko du eraldaketan. Figurak airez betetzeko, leunago edo indartsuago lan egiten duten motorrak kokatu dituzte, eta alde horiez jabetzea ere bada proposamena. Artistaren esanetan, lehen begi kolpean aurpegi «atsegin eta dibertigarri» hori eskaintzen du erakusketak, baina atzetik badira «tentsio egoerekin eta zaurgarritasunarekin» lotura duten zenbait dimentsio. Irina Rusell: «Airea lanerako osagaitzat hartzea oso sentibera eta intimoa da niretzat, arrotzekin ere konpartitzen duzun hori delako; beti dago hor, baina, ezin denez ikusi, ez dago beti presente. Berdin gertatzen da hitzezko lengoaia ez diren komunikazio moduekin ere: hor daude, baina, ez direnez hain bistakoak, ez daude horren presente».
Erakusketa «arrakastatsuenak»
Tabakalerako ordezkariek esan dutenez, instituzioko erakusketa «arrakastatsuenak» izan dira gaur-gaurkoz Situ-akzioak programaren barruan egin dituztenak. Aurreko edizioetan, Julio Le Parc, Emma Kunz, Priscila Fernandes eta Maria Jerez artisten lanak izan dira ikusgai, eta 69.000 bisitari baino gehiago bildu dituzte horiekin. 2018an jarri zuten martxan egitasmoa, eta jolasaren bideetan arakatuz arte garaikidera hurbiltzen laguntzea da programaren helburu nagusia, baita erakusketa guneak «habitatzeko» modu berriak proposatzea ere.
Badu beste berezitasun bat Situ-akzioak programak. Erakusketaren sortze prozesuan, artistak ez du bakarka lan egin. Kasu honetan, familia talde batekin eta Karmengo Ama ikastetxe publiko integraleko eta Herrera ikastetxeko haurrekin aritu da lanean Irina Russell, eta erakusketa osatzen duten figurek, esaterako, haurrek egindako marrazkiei zor diete forma. «Zoragarria izan da ikustea nola margotzen duten, ondo egitea edo gaizki egitea zer den jakin gabe, besterik gabe, hartu eta margotu», kontatu du.
Bestalde, artistak adierazi du jolasa «lanaren parte garrantzitsu eta transbertsal bat» izan dela beti beretzat. «Haurrekin lan egiten duzunean, jolasa beste lengoaia bat da hainbat kontu aztertzeko; kasu honetan, nola eman lekua beste komunikazio modu batzuei, noiz eta hitzezko lengoaiarekin lehen harremanak izaten ari diren garai batean gainera». Eta nabarmendu du haurtzaroa gogoan izan arren helduak ere gogoan hartuta prestatu dutela erakusketa: «Finean, arnasa hartzen duen espazio bigun eta porotsu bat proposatu dugu, eta eraldaketa horretaz kutsatzera gonbidatzen dugu jendea».
Aurrez egin bezala, oraingoan ere zenbait saio egingo dituzte ikastetxeekin Birika bezain elastikoa erakusketan, eta asteburuetan —larunbatetan eta igandetan, 11:00etan— saio dinamizatuak eskainiko dituzte, aurretik izena eman dutenekin.