Fermin Etxegoien. Idazlea

«Biribiltasuna ez zait gustatzen; laketago dut inperfekzioa»

Izenburuari kontrajarritako hitzen jario biziarekin ipini ditu eztabaidan 'Totelak'-eko pertsonaiak euskaldun diglosikoen bizipenei buruz, hizkuntzaren eta musikaren inguruko gogoeta joriak tartekatuta, bere burua ere erakusteko beldurrik gabe.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Andoni Imaz
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Lau protagonista: izenik gabeko bidaiari bikotea, Txet eta Marga. EHUren Ruper Ordorika katedrak edo Ordorikatedrak elkartuko ditu, eta hari horretan txirikordatuko dira John Lennon eta Paul McCartney, Morrissey eta Johnny Marr, Miguel Unamuno eta Kirikiño, euskalduntasun ezindua eta espainiartasun kulturala, Fermin Etxegoienek (Oñati, Gipuzkoa, 1966) eleberri hibrido gisa aurkeztu duen Totelak liburuan (Erein).

Fikzioa osatu egin duzu gogoetekin, ala horiei forma bat emateko asmoz jo duzu fikziora?

Liburua fikziotik abiatzen da erabat. Hasieratik planteatu nuen fikzioa eszenatoki modura, bai Suitzan bidaian ari direnekin, bai Txet herri musikari zaputzarekin. Gertatzen dena da abiatu ahala hasten naizela bestelako hausnarketak plazaratzen, hori nire joera naturala da idazle modura.

Narratzaileak batetik bestera eramaten du kontakizuna, sarri bere ahotsa eta pertsonaiena nahasiz.

Horrek badakar bere arriskua, noski; irakurlea halako batean ahaztea pertsonaiekin eta plazaratzen zaion ustezko fikziozko bide horrekin. Era berean, bada ariketa bat ere: hau dena gezurra da. Norberak idazten baldin badu, jakina, norbera da hor agertzen den guztia. Niri ez zait bereziki inporta tarteka laugarren pareta apurtzea eta are ni neu ere agertzea izen-abizenez.

Zergatik?

Lotuko nuke berez liburuak dakarren mezu moduko batekin: biribiltasuna, edo heroizitatea, ez zaizkit gustatzen. Laketago sentitzen naiz inperfekzio horretan, non eta joskerak edo txatalak halako batean ikusi egiten diren. Ez noa aldamio nobelistiko bat eraikitzera; jarioa bestelakoa da, eta hori estiloari ere lotzen zaio, idazteko moduari. Narraskeria bat ere antzeman liteke agian, baina paragrafo bakoitza berrehun aldiz idatzita dago, batez ere luze-luzeak, ikusi arte ea flow-rik benetan dagoen ala ez. Alde horretatik, feedbacka ez da txarra izaten ari.

Inkontziente linguistiko kolektiboaren eta oihartzunaren kontzeptuak erabili dituzu hizkuntzaren esperientziaz aritzeko.

Euskaldun diglosikoak gara, euskaraz baino gehiago erdaraz den mundu batek inguratzen gaitu, bere egiten gaitu. Hori begi bistako kontu bat da. Ondorioz, gu bagara gauza are ia modu inkontziente batean erdaraz edozein erregistro erreproduzitzeko; euskaraz, nekez. Hori normala da.

Txet akademiatik dator, eta obsesionatuta dago bizpahiru akordez egindako kantekin.

Hori lotzen da kontziente-inkontziente dikotomiarekin, zeina eramaten dudan musika esperientziara: herri musika edo kontserbatorio eta akademizismo batetik datorrena. Paralelismo bat sortzen da fikziozko bi tramen artean. Baina hori eternala da, azken finean: sena eta arrazoimena.

Txetek herri musika ulertzeko modu problematiko bat dauka?

Herri musika da denboran zehar izaniko ereduen gainean norberak aldaera pertsonalak ezartzea. Ruperrek esaten duen moduan, tradizioa ez dena plagioa da; Eugenio D'Orsen esaldi bat da. Musika klasikoa beste gauza bat da, abstraktua da berez. Kode batzuk dituzu, eta hortik aurrera, konbinaketak. Ez dute zertan tradizio batean oinarriturik egon, egin ditzakezu aldaketa algoritmikoak.

Talka traumatikoa izan liteke.

Kontserbatoriotik datorren norbait, Txet eta beste asko, ideia intelektualista batekin dator, eta ikusten duenean akademizismoak eskaintzen dituen aukera mugagabe horiekin zer egiten den eta, aldiz, zer egiten den herri musikan hiru akorde soilekin, talka bat sortzen da. Esaten du: «Ni gauza naiz, baina, herri musikan antzematen ditudan pieza sinple hauek baino askoz ere mamitsuagoak liratekeen diskurtso musikalak eratzeko». Hori da segur aski herri musikaren zentzua ez ulertzea, espresiobideak beste modu batez eratzen direlako. Ruper, zeina intelektual handia den, gauza da bere ibilbidea eraikitzeko oximoron moduko baten arabera: sinpletasunean sakonduta.

Harenganako miresmena dario liburuari.

Ruperrek erakutsi du gauza dela musikari noranahikoa izateko. Bukaeran Berandu dabiltza-ren adibidea jartzen dut. Kantu bat zeina lau minututan bi akorderen artean dabilen; halako batean, egiten du twist bat eta badago konplexutasun harmoniko bat normalean batez beste herri musikan egoten denaren gainetik dagoena. Horregatik miresmen hori. Ez aipatzearren, noski, bere jakinduria kantugintzan, tradizio idatzizkoan eta ahozkoan...

Txetentzat, Kafe Antzokiko urteroko kontzertuek balio dute sentitzeko «euskaldun izatea zein ez-nekeza» izan litekeen.

Kafe Antzokia sortu zen euskaldunen arteko konpaktazioa osatzeko Bilbon. Horretarako, jakin zuen, nire ustez, eklektiko jokatzen, eta esango nuke eklektizismo horren punta sinbolikorik handiena Ruperren urteroko kontzertu horiek bilakatu zirela. Hor sortu zen sentsazio polit bat, are euforikoa: sentitzen ginen euskalduntasun noranahiko baten barruan bezala, aparteko morrontzarik ez zeukana euskalduntasunean nagusi izaniko ezein korronterenganako, urrun gauza askotatik. Hori guztia zer da? Fantasia bat? Irudikazio euforiko bat? Ba, agian. Baina horregatik aldarri hori.

Liburua idazteko orduan, hizkuntza malgutzera jo duzu?

Hori erabat kontestuala da. Nik pentsatzen dut neure baitan badagoela garbizale handi bat, nahiz eta seguruenik kontrako modura agertzen naizen jendearen aurrean. Hor, beti bezala, norberaren zirkustantziak daude, eta nireak dira euskalduntasun inperfektu batetik natorrela.

Pertsonaiek euskararen bilakaerari buruzko kezkak dituzte. Besteak beste, garbizaleegi jokatu ote zen batuaren sorreran.

Inazio Mujika Iraola editoreak esaten dit ezetz, orduan jaso zuten salaketa izan zela zabarregi ari zirela. Agian oso oker nago. Duela 50 urte, euskaldun zahar deitzen ditugun horien erregistro linguistikoan bazeuden, noski, espainoletik zetozen ehunka hitz eta esamolde. Baina hura ez zen euskañola, hura zen hartu hitzak eta egokitu euskarazko jardunean. Hori guztia kentzen bada, eta horren ordez eskaintzen badira euskaldun askoren inkontziente linguistikoan ez dauden beste hitz eta esamolde pilo bat, kortozirkuitu moduko bat sor liteke.

Kontrako bidea seinalatzen da.

Eskolan esaten ziguten moduan: ariketak, zikinetik garbira. Sentsazioa da, normala eta logikoa den moduan, euskaratik ahalik eta erdara gehien kentzera jo zutela, mahai gainean jartzeko euskaratik soilik edaten zuen hizkuntza bat, inork ez duelako diskutitzen hitz eta esamolde horiek jatorrak ez zirenik, ze ni ez naiz sartzen hizkuntza asmatu bat ote den salaketa ergel horretan. Intuizioa da, erdara kopuru hori tartean utzita, ez ote ginen errazago etorriko garbizaletasun moduko batera, eta, harago joanez, ez ote ginen are euskañola bera neutralizatzeko gauza izango.

Inkontzientea, berriz ere.

Ni joan naiteke hiztegira recalcitrante hitzaren baliokide baten bila, baina ikusten baldin badut hiztegiak eskaintzen didan hitz hori ez dagoela nahiko sozializaturik, zertarako idatziko dut? Linbo linguistiko batean gelditzeko? Oso kontu konplexuak dira, hain zuzen ere gure ahuldadea oinarrian dela.

Totelak liburu itzulezin bat da? Margak azaltzen du euskarazko unibertsoari buruzko lanak «transferiezinak» direla.

Totelak, izenburuak berak adierazten duen moduan, muga, ezintasun edo maingutasun bati buruzkoa da, hizkuntzaren eremu soziolinguistikoaz ari baldin bagara. Gure artean horretaz aritzen gara, normala den moduan, eta horrek blaitzen du dena. Hori da gure kostunbrismoa. Beste hizkuntza batera itzultzen dugunean, kostunbrismo izateari uzten dio, eta bilakatzen da gure jite agonikoaren agerraldia. Horrek zenbateraino eragiten du interesa kanpoan, ez badaukazu agonismo horrekiko interes berezia? Egin daitezke, noski, euskaraz maingutasun horren arabera ez dabiltzan liburuak, eta azkenaldian egin izan dira, eta horiek dira normalean kanpoan ondoen funtzionatzen dutenak; eta oso onak, horietako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.