Liburu aurrerapena

Biribilguneko biztanleak

Biribilguneen utopikoak, gazte bat pintaketak garbitzen, andre bat katu baten marruen eta amaren azken egunen artean, infinitura multiplikatutako tximinoak... Giroz, garaiz eta tonuz, eremu zabal bat bildu du Iñigo Astizek bere lehen narrazio bilduman.

'Monogamoak' liburuaren azala. PETER FISCHLI & DAVID WEISS
'Monogamoak' liburuaren azala. PETER FISCHLI & DAVID WEISS
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 4a
05:15
Entzun

Gobernukide estimatuok:

Oskar Ramirez Kortabarria naiz. Hainbat urtez aritu nintzen Segurtasun Saileko estatistika alorreko zuzendariorde laguntzaile lanetan, eta segurtasunarekiko sentitzen dudan konpromisoak narama orain ere zuei eskutitz hau idaztera. Nire neke eta izerdiz egindako aurkikuntza konpartitu nahi nuke zuekin, zuen gidaritza lan nekagaitzean lagungarri izango zaizuelakoan. Utzidazue, halere, lehenik, honaino ekarri nauen bidearen berri ematen, horrela, xamurragoa izango baitzaizue, agian, aurkeztera ausartu naizen proiektuaren benetako helmena ulertzea.

Jakin badakit badaudela gure herria mehatxatzen duten bestelako amenazo ikusgarriago eta itxuraz urgenteagoak, baina, hain justu, arrisku horien ikusgarritasunaren gerizpean hartzen du babesa gaur aipatu nahi dizuedan beste arrisku larri honek, eta horrek bilakatzen du, konbentzituta nago, hain hiltzaile eraginkorra. Biribilguneei buruz ari natzaizue, bai; gaur egun, azalduko dizuedan moduan, biribilguneek lehen mailako mehatxua suposatzen baitute gure herriarentzat.

Baina ez duzue zertan nik esandakoa sinetsi. Aski duzue eskutitzarekin batera atxikitako lehen grafikoa ikustea, errepideetako auto istripuen eta biribilgune kopuruaren artean dagoen lotura estuaz konturatzeko.

Eta baditut datu gehiago ere.

Eskutitza idazten ari naizen unean, guztira, 34.378 biribilguneko zentsua du gure nazioak, eta, era berean, 43.090.220 auto ditugu zirkulazioan. Eta bi datu horiek gure errepideetan urtean izaten diren istripuenarekin erkatuz gero, argi ikusiko duzue zer nolako heriotza tranpa ari garen onartzen —oharkabean eta fede onez izanik ere— gure herrikideentzat. Biribilgune batean gertatzen direlako errepideetan izaten diren hamar istriputik zortzi.

Are gehiago, merezi du datu horiek xeheago aztertzea. Bost sarrera-irteerako biribilguneetan gertatzen direlako istripuen %50. Lau sarrera-irteerako biribilguneetan istripuen beste %20. Eta hiru edo bi sarrera-irteerakoetan izaten delako ezbeharren kopururik txikiena: %10. Eta, honenbestez, begi bistakoa bilakatzen da sarrera-irteera bakarreko biribilguneek eskain dezaketen abantaila.

Baina, hain justu, arazo larri honen aurrean, anbizio handiagoz jokatu behar genukeen usteak gidatzen du nire jarduna, eta horregatik aurkeztuko dizuet, azkenik, eskutitz hau idaztera naraman benetako motiboa; estimazio matematiko abstraktuek ez ezik, esperientziak ere erakutsi digulako badagoela modua sarrera-irteera bakarreko biribilguneen itxurazko soluzioaren aukeraz harago amesteko.

Zero sarrera-irteerako biribilguneek, eta horiek bakarrik, gerturatzen baitute gure herrikideen errepideetako istripu kopurua %0 ideal baterantz.

Baina proposamen hau urrun dago utopia hipotetiko bat izatetik, eta ez pentsa kalkulu abstraktu hutsen emaitza denik. Zero sarrera-irteerako biribilguneen hipotesiaren datu baikorrek eta arazoaren urgentziak animatuta, hamarkada pare bat bada herriko pabiloi apartatu batean estadista talde murritz baina itxaropentsu batek prototipo bat martxan jarri genuela eta, denboraren joanak ematen duen perspektibarekin, ziurtasun osoz esan dezakegu ezin probetxuzkoagoa izan dela proiektua. Nik neuk, oraintxe bertan, prototipo horretatik idazten dizuet eskutitz hau, eta nirekin batera bertan bizi diren beste hamalau ibilgailuetako familien agurra ere helarazi nahi dizuet.

Ez da erraza izan hona heltzea, eta gure taldearen neurria kontuan harturik, bereziki mingarria izan da bidean suertatu zaigun traba eta galeretako bakoitza.

Urte erdia dela galdu genuen guretzat beti itsasargi baten parekoa izan den lehen kide aitzindarietako bat, nire bikotekide ere bazena, eta haren akorduarekin ari natzaizue une honetan. Baina onartu behar dizuet galera horregatik sentitzen dugun minak baduela hondoan harrotasun puntu bat ere. Haren heriotzak eragiten digun tristura jasanezina izanik ere, poz moduko bat ere sentitzen dugulako, gure kide nabarmen horrek, komunitatearen babes eta konpainian, zahartzaro luze eta osasuntsu bat izan zuela jakinda. Eta, horregatik, aurrera egiten jarraitzeko pizgarri eta iparrorratz zaigu oraindik ere haren adibidea. Horrez gainera, bi haur zoragarri gehitu zaizkio gure komunitateari azken hilabeteotan, eta egunez egun zoriontsu eta, batez ere, seguru hazten ikusten ditugu.

Baina hazten ari da gure komunitatea kanpoan ere. Han-hemenka gurearen moduko talde gehiago sortu direlako azken urteetan, ipar zein hego, ekialde zein mendebalde, haiek ere, gu bezala, herrialde honetako estatistika ofizialaren itzaletan, bestelako bizitza eredu batekin amesten dabiltzanak. Eta, beraz, onar ezazue, mesedez, eskutitz hau orain artean ezkutuan bizitzera behartuta ikusi den populazio horren guztiaren agur sentitu eta adeitsu baten moduan, zinez, bizikidetzarako dei bat ere badelako mezu hau.

Gonbidapen batekin amaitu nahi nuke, halere. Gustu bazenute, dena prest dugulako, luze gabe, gure komunitatea ezagutzera etor zaitezten eta, azkenik, elkarrekin zabal dezagun hemen pizten ari garen esperantza izpia, denon artean horretarako beharrezko diren politikak inplementatuz.

Ordura arte, jaso, mesedez, nire eta nire kide guztien agurrik beroena.

'MONOGAMOAK'

Idazlea: Iñigo Astiz.

Argitaletxea: Susa.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.