Hizkuntzaren iturri jakin batetik edaten dute zenbait poemek; surrealismotik edo logikoak ez diren irudietatik. Beste iturburu bat dute beste zenbaitek; egunerokotasuna, alegia. Baina salbuespenak baino ez dira horiek, pieza bakanak. Libe Goitia Artetxek ohartarazi duenez, «beste olerki gehienetan bi modalitateek bat egiten baitute, hau da, logikoak ez diren irudiek eta egunerokotasunetik edaten duen hizkuntzak». Hautu hori egin baitu idazleak bere lehenengo poema liburuan: «Bateratze horrek sortzen duen gauza hibrido horrekin gelditzea erabaki dut, batarekin eta bestearekin, elkartasun batean». Eta hautu horri jarraituz osatu ditu Fast fatum poema liburuko aleak. Susa argitaletxearekin plazaratu berri du bere estreinako lana.
Izenburuak «patu azkarrari» egiten diola erreferentzia azaldu du idazleak, baina gehitu du «herri handi bat izan arren hiri izatera heltzen ez den toki bateko norbaiten biziari buruzko ikuspuntua» ere badela liburua. Haren ustez, bada dikotomia bat «bizilekuek eragin dezaketen nahasmenduarekin» zerikusia duena, baina segituan zehaztu du berea ez dela «anabasatik» jaiotako lan bat: «Lan hau bizian lehenengo aldiz ideiak argi edukitzen hasten hasi nintzenean ekin nion idazteari».
Aurretik, poema bat plazaratua zuen, 2019. urteko Urruzunotarrak Gehituz lehiaketaren irabazleak jasotzen dituen liburuan. Beraz, aurrez ere idazten zuen, baina Galdakaotik (Bizkaia) Gasteizera, unibertsitatera joan zenean, aldaketa hura «salto handi bat» bezala bizi izan zuen, eta bizipen horrek bultzatuta hasi zen liburua idazten. «Nik, behintzat, oso momentu gutxitan eduki izan dut argi zer egin gura dudan. Orduan hasi nintzen idazten».
Harentzat, «eguneroko detaileetan» dago poetikotasuna. Eta zehaztu duenez, izenburutik hasita, askotariko erreferentziak izan ditu lagun liburua idaztean, tartean, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika. Dikotomiaren ideiari berriro helduz, adierazi du erreferentzia klasiko ugari daudela bere lanean —Celan, Nietzsche eta Holderlin, tartean—; «baina badaude baita Lorde, Sufjan Stevens, gamerrak edo askotan poesiaz kanpo gelditzen edo uzten ditugun erreferente asko ere, niretzat klasikoak bezain edo ia garrantzitsuagoak direnak». Hala, haren ustez, kontraste horrek eragiten du liburuak lotura izatea bai garai bateko letrekin, bai gaurkotasunarekin.
«Binarismoa» da poema bildumaren ezaugarrietako bat, haren esanetan, baina segidan zehaztu du «binarismoa amaitzeko saiakera» bat dagoela liburuan. «Binariotik kanpo dagoena hitzetan jartzeko saiakera bat, azken batean. Ez da herri handia edo hiri txikia, surrealismoa edo egunerokotasunaren hizkuntza, erreferente klasikoak edo gaur egunekoak, hizkuntza soila edo pedantea; dena biltzen duen hautu bat baizik».
Bide horretan, Atxagaren poesia erreferente moduan eduki izana ez dela kasualitate bat adierazi du, hark bazuelako molde batzuk hausteko nahia Etiopia plazaratu zuenean, «eta Fast fatum ere forma batzuk hautsi edo transgreditzen saiatzen delako, beste maila batean; horregatik ez dira gaiak bakarrik garrantzitsu, baizik eta formak ere bai».
Forma horiek askotarikoak direla eta bere xedeetako bat ironia edo probokazioa lortzea dela ere azaldu du Goitiak, eta horrek baduela filosofia bat atzetik: «Poesia aspergarria dela eta ondo pasatzeko genero gisa zilegi ez dela uste da askotan; horren aurka joateko bulkada bat da ironia, eta irakurketa ariketa kontziente bilakatzeko saiakera da probokazioa». Horretarako, besteak beste, galdera zuzenak baliatu ditu zenbait poematan, irakurlea interpelatzeko. «Moskeoa ere beste baliabide bat da hain irudi kontrajarriak maneiatzerakoan, badirudielako ez dakidala ezta zein den nire estiloaren xedea ere, eta ez da inondik inora hala: liburu osoa intentzionala eta pentsatua da, baina horrekin jolasten dut». Guztiz zilegitzat dauka poesia sentimenduak plazaratzeko baliatzea, baina, haren ustez, «zerbait meditatua» ere izan behar du.
Sei geltokiko ibilbide bat
Azpi-izenburu bat ere badu liburuak: Sei kapitulutan abestutako olerki bat. Hain zuzen ere, aitzinsolas batek, sei kapituluk eta epilogo batek osatzen dute. Eta leku izenak ageri dira atal guztien tituluetan: Aitzinsolasa: Nafarroa; Traumak: Balanzategi; Partitzea: Ternua; Bizia ziutatean: Holtzarte; Maitemina: Aginaga; Maitasuna: Orio; Herioa: Itzaltzu; eta Epilogoa: Bilbo. Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen hitzetan, halako atalkatzeak ohikoagoak izaten dira bestelako liburuetan, baina ez poesian. «Beraz, esango nuke badagoela liburuan nahi bat berez desordenatua den hori (bizitza, burutik pasatzen zaiguna) ordenatzeko».
Idazleak «abestutako olerkia» izateari egin dio azpimarra bereziki. «Niretzat, garrantzitsuagoa da abestua izate hori, olerki asko ia kantu bat legez irakurri daitezkeelako, musikalitatea edukitzea bilatu dudalako». Gainera, gogorarazi du txikitan ere ahots gora irakurriz ikasten dela irakurtzen, eta, beretzat behintzat, irakurketarik gabe ez dagoela idazketarik. «Beraz, bada sustraietara itzultzeko modu bat gehiago».
Editoreak laburbildu du «sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa» osatu duela idazleak. «Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean».