BIME Pro musikaren arloko profesionalen 9. topaketa bihar hasiko da, Bilbon

Hilaren 29ra bitarte, hamazazpi herrialdetako 200 hizlari elkartuko dira jardunaldietan. Ostiral eta larunbaterako kontzertuak antolatu dituzte

Bilbon eman zuten BIMEren jardunaldien xehetasunen berri, atzo. BIME.
Erredakzioa
Bilbo
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bederatzigarren urtez, BIME Pro musika arloko profesionalen topaketa egingo dute Bilboko Euskalduna jauregian. Bihar hasi eta hilaren 29ra bitarte, hamazazpi herrialdetako 200 hizlari elkartuko dira jardunaldietan, sektorearen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko. Zuzeneko 40 emanalditik gora ere izango dira, 29an eta 30ean, Bilbo Arenan eta hiriko zenbait aretotan, BIME Live eta BIME City sailen barruan.

Antolatzaileek espero dute hiru egunez sektoreko 3.000 profesionaletik gora bilduko direla topaketetan; presentzialki nahiz telematikoki parte hartuko dute. Guztira, 68 hitzaldi, hamabi eskola magistral eta hamahiru tailer jaso dituzte programan, eta askotariko gaiak izango dituzte aztergai: teknologia, musika-gainbegiratzea, finantzaketa, marketina eta komunikazioa, argitaratzearekin eta legeekin lotutako alderdiak, industriaren azken joerak... Guztia, «gaur egungo dinamikak berraztertzeko, berrikuntzak aurkezteko, datorrenari aurrea hartzeko eta indarberrituta berraktibatzearren beharrezkoa den batasuna lortzeko», antolatzaileen hitzetan.

Hizlarien artean daude Raphael, Shirley Manson, Mala Rodriguez, Bomba Estereo eta John Acquaviva sortzaileak, Fabio Acosta eta Ivan Alarcon managerrak, RLM enpresako Rosa Lagarrigue, Gay Mercader kontzertu sustatzailea eta Jon Ollier agentea, besteak beste. Halaber, Live Nationeko Joe Perez Orivek Fernando Velazquez konpositorea elkarrizketatuko du, eta Ricardo Boffik tailer bat emango du nazioarteko birak antolatzeari buruz.

Zuzenekoei dagokienez, Bilboko sei aretok BIME Cityren doako kontzertuak hartuko dituzte, eta Bilbo Arenak, berriz, BIME Liverenak. %80ko edukiera izango dute aretoek, eta, beraz, lau lagunetik 5.000raino bilduko dituzte. Bad Gyal, Trueno, Maikel Delacalle, Frente Cumbiero, Natos y Waor, Chill Mafia, Ana Tijoux, eta Laura Sam eta Juan Escribano ariko dira Bilbo Arenan. Sarrerak salgai daude jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.