BIME Pro, industria baten musika

Pandemiaren ondorioz, aurten ezin izan dute BIME musika jaialdia antolatu Barakaldoko BECen. Aitzitik, eta nazioarteko zenbait eragileren parte hartzearekin, hainbat mahai inguru eta hitzaldi antolatu dituzte musikaren industriaren gaurko eta etorkizuneko egoeraz eztabaidatzeko.

BBK Live jaialdiak milaka lagun bildu ohi ditu urtero, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Urzelai
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Joan den irailaren 17an #AlertaGorria deklaratu zuen ikuskizun eta ekitaldien sektoreak, bertako langileak bizitzen ari diren egoeraren larria salatzeko asmoz. Ikuskizunen industriak arlo ezberdin asko biltzen ditu, baina haien batasuna irudikatu zuen sarean eta kalean egindako mobilizazioen bidez; lelo berberekin egin zuten aldarri, izan enpresa, areto edo langile autonomo. Halaber, agerraldi horietaz harago, azkenaldian nahi baino ohikoagoa bilakatu da Teknikariok sindikatuaren deialdiei erantzunez kultur ikuskizunetan aritzen diren teknikariek kaleak beltzez nola janzten dituzten ikustea.

Sektoreak berezkoa duen ziurgabetasuna areagotu egin da martxotik hona, eta egoera berezi horretara egokitu behar izan dituzte ekitaldi guztiak, baita industriak barrura begira antolatzen dituenak ere. Horietako bat da BIME Pro, garrantzitsuenetako bat, Last Tour enpresak 2013az geroztik Barakaldoko (Bizkaia) BECen antolatzen duena. Musika industriako profesionalentzako topaketa da, ezagutzen dutenaren berri emateko eta negozioak egiteko topagune izateko sortua. Pandemiak hala behartuta, Bilboko Euskalduna jauregira aldatu dute aurten, eta bideo deiak ezinbesteko tresna izan dira, profesionalen arteko harremanak haien bidez egin baitira. Hein berean aldatu dira eztabaidagaiak ere: ia ezinezkoa izan da COVID-19a saihestu ahal izan duen mahai ingururik aurkitzea jardunaldiek iraun duten lau egunetan.

Musika industriaren nondiknorakoak hobeki ezagutzeko abagune aparta da BIME Pro. Azken topaketaz aritzea zalantzak aletzearen parekoa da, ordea;etsipena eta haserrea izan dira nagusitu diren aldarteak, berritasunek sortzen duten irrikarekin batera. Feminismoaz hitz egin zen, baita Agenda 2030az ere, baina bestelakoak gailendu ziren, oro har. Zuzenekoen afera, batez ere. Jaialdiek berebiziko indarra duten garaiotan, aurtengo udan egitekoak zirenak desagertu egin dira, eta ia segurua da datorren urtean ere ez dela halakorik egongo. Industrian 2022an zer gertatuko zain daude, beraz. Eta bitartean, zer? Egoera aldakorretara egokitzen ohituta dagoen sektorea izanagatik ere, erronkak itzela dirudi. Live Nationekin batera, munduko musika festibal gehienak kudeatzen dituen AEG enpresako Jim Kingek, adibidez, egoera milurtekoaren hasierakoarekin alderatu zuen, Napster-en eztandak ekarritako P2P plataformen ugaritzeari dagokion garaiarekin, alegia. Diskoaren formatu fisikoaren gainbehera ekarri zuen horrek, eta, azkenean, streaming plataformen ugaritzea. Paradigma aldaketa bideratzeko saiakera antzuek eta eredu berria diru iturri bilakatzeko ezintasunek ezaugarritu zituzten, dena dela, trantsizioko urte haiek. Orain, orduan bezala, inork ez daki zein izango den etorriko den modelo berria.

Dena dela, gaur egun, diskoetxeen egoera egonkorra da. 2014. urteaz geroztik, salmenta digitalak fisikoak baino garrantzitsuagoak dira, eta grabatutako musika da pandemiaren eragina gutxien nozitu duen alorra. Hilabeteotan musika entzuten jarraitu du jendeak, eta zenbait ohitura aldatu dira, bai, baina ez da musika entzuteko ohitura alboratu. How We've Changed (Nola aldatu garen) izeneko mahai inguruan, esaterako —zenbait solasaldi ingelesez izan dira, nazioarteko hizlari dezente izan baitira—, nostalgia edo oldie etiketadun zerrendak nabarmen gailendu direla azpimarratu zuen Melanie Parejo Spotify plataformako bozeramaileak, esaterako. Letra epikoek eta balkoietako ereserkiek ere igoera nabarmena izan dute zerbitzu horren estatistiketan, udaberrian bizi izan zen egoeraren adierazgarri.

Gogartea edozein dela ere, agerikoa da grabatutako musikak ez duela beste garaietako krisirik izan. Streaming plataformak ugariak dira, eta ez dute entzule kopuruan jaitsiera nabarmenik izan hilabeteotan; are gehiago, entzule gehiago erakartzea lortu dute. Egonkortasun horren xerka, katalogo musikalak inbertsio seguruak direla ondorioztatu du zenbaitek, eta Concord, Hipgnosis eta halako enpresak talde entzutetsuen katalogoen eskubideak erosten hasi dira. Imagine Dragons taldearen kasua sonatua izan da, bere abestien eskubideak saldu baititu 100 milioi dolar baino gehiagoren truke, eta antzera egin du Calvin Harris musikariak ere, beste zenbaiten artean. Kontsakratutako artisten katalogoek ez omen dute gorabehera handirik izaten, zaleek haien musika entzuten jarraitzen baitute, krisi ekonomikoak eta bestelako astindu sozialak gorabehera. Are gehiago, bat-bateko gorakadak ere izaten dituzte, film, bideo joko, telesail edo iragarki batean berriz erabiltzen direnean. Fleetwood Mac taldearen Dreams abestia, esaterako, lehen postura iritsi da berriz 43 urte geroago, Tiktok aplikazioko bideo bat tarteko.

Askorentzat Tiktok nerabeen jolas hutsal bat besterik ez den arren, industriak arreta bereziz erreparatzen dion fenomenoa da, eta BIME Pron mahai inguru espezifiko bat ere izan du. Deezer, Spotify, Apple Music, Amazon Music eta beste zenbaitek osatutako zerrendan azken izen propioa da, aldeak alde, denek mundu digitala eta musika uztartzen dituztenak. Etorkizuna ere antzera irudikatzen dute industrian; hala zen aurrez, baina joera indartuko omen da, zuzenekoen geldialdiak bultzatuta. Ildo horretan, livestreaming delakoa izan da behin eta berriz aipatu den erremedioa, zuzenekoen mende dauden talde, bakarlari, zein bitartekariek bizi duten ataka honetan izango duten tresna salbatzailea. Azken hilabeteotan asko ugaritu dira Internet bidez zabaldutako publikorik gabeko zuzenekoak, eta, nahiz eta baden kasu arrakastatsurik, orokorrak dira halako esperientzietatik etekin ekonomikoak lortzeko zailtasunak. Oraingoz. Izan ere, geroz eta gehiago dira baliabide hauek eraginkorragoak eta eskuragarriagoak egiteko saiakerak, plataforma digital berriak sortzen ari dira, eta, orokorrean, efizientzia nabarmen ari da hobetzen.

Adierazgarria da nola bi mahai ingurutan egin zen analogia berbera: orain kontzertuekin nola, duela hogei urte inork ez omen zuen futbola telebista bidez zabaltzeko aukera bideragarritzat jotzen. Egun, berriz, emanaldi horiek ikaragarrizko diru iturria dira sektore horrentzat, eta estadioak berdin-berdin betetzen dira oraindik ere. Zenbaitek uste du musikaren industriak garai antzekoa bizi duela, laster etxean ikusteko zuzenekoak ugarituko direla, alegia. Aurrez aurrekoak ordezkatu gabe, baina formatuak eskaintzen dituen aukerak zukutuko dituzten eskaintza digital aberats eta esklusiboak ohikoak izango omen dira; horixe da esperantza, behintzat.

Zalea Youtube eta halako webguneetatik aldendu eta ordainpeko euskarrietara erakartzeak ez dirudi erraza, halere, eta streaming bidezko zuzeneko txukun bat egiteko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeak inbertsio ekonomiko garrantzitsuak eskatzen ditu. Egoera horretan, musikariarentzat zein aretoarentzat jarduna errentagarria izan dadin, ezinbestekotzat jotzen dute marken babesa. Badago harago doanik ere, eta Subterfuge diskoetxe madrildarreko buru den Carlos Galanek, adibidez, musikariak bere marka sortzea gomendatu zuen bere hitzaldian, enpresentzat gizarteko kolektibo ezberdinengana iristeko bitartekari erakargarria bilakatu eta beharrezko babes ekonomikoa lortze aldera. Bestalde, krisi gogorra bizitzen ari diren aretoentzat irtenbide egokia ere izan daiteke livestreaming-a, hala iradoki zuen Murcia Live elkarteko Isaac Viverok. Kudeatzen duen aretoan egin omen dute saiakerarik, eta harrituta geratu dira, besteak beste, edukiera fisikoaren muga gainditu eta Latinoamerikako zale andana areto birtualera sartu zirela ikusita. Ezin ahaztu, dena dela, oraingoz behintzat, debaldeko emanaldiak soilik antolatu dituztela. Potentzialitatea handia da, baina lan handia dago egiteko.

Hitzaldi gehienetan aipatu zen beste elementu bat instituzioekiko harremana izan zen. Gehienek ulermen eta enpatia falta egotzi zieten administrazioei, eta sektoreak behar dituen berariazko neurriak hartu ez izana ere leporatu zieten. Babes hori, diru laguntzez harago —Europatik etorriko diren diru sarrerak behin eta berriz aipatu ziren arren—, marko juridiko egoki eta bakar bat onartuz bermatzea hobetsi zuten hizlariek, Espainiako Estatuko egungo legedia 1980ko hamarkadakoa dela eta zaharkitua dagoela azpimarratuz. Artistaren Estatutuak bere bidea hasi zuen, baina, nahiz eta aurrerapausoa izan litekeen, behingoz martxan jartzea falta da, eta egunotan Bingen Zupiriak agindutako euskal bertsioa zertan geratuko den ere ikusteko dago.

Agintariek ere izan zuten beren ikuspegia plazaratzeko tarterik. Elena Moreno Euskadiko Merkataritza zuzendariak adierazi zuen jabetzen direla zuzeneko musikak «turismoarekin eta ostalaritzarekin duen loturaz», eta, Victor Lenore kazetariaren galderei erantzunez, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultura zinegotziak baieztatu zuen hiriko makroekitaldien ereduaz «harro» daudela, haren ustez funtzionatu egin baitu. Ereduaren balizko ifrentzuaren inguruan galdetutakoan, Olabarriak erantzun zuen txikien eta handien arteko oreka lortzen saiatzen direla, Nafarroako kultura azpiegiturez arduratzen den Javier Lakuntzak defendatutakoaren ildoan.

Amaitzeko, Olabarriak datu argigarri bat eman zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko kultura industriaren %80 langile bat edo bi dituzten enpresa txikiz osatua dago. Azken katebegia dira, zaurgarriena, eta handiek ere badakite haiek jausiz gero, azpiegitura osoa egon daitekeela kolokan. Kezka orokorra izan zen hori, solasaldi gehienetan agertu zena. Aste honetan Union of Musicians and Allied Workers sindikatu estatubatuarrak baldintza duinen alde abiarazi duen Justice at Spotify (Justizia Spotifyn) kanpainaren oihartzunik, berriz, ez da heldu jardunaldiotara. Edonola ere, industria ezegonkorra, gorabeheratsua eta prekarioa izanagatik, ustiatzen duen lehengaiak agortze seinalerik ez du eman, eta hor du indargune nagusia: musika badago eta egongo da, baita gose diren entzuleak ere. Ikusteko dago honako hau: etorkizunean harreman hori nola antolatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.