Markos Untzeta. Kantugilea

«Biluztasunak kantua sinesgarriagoa bihur dezakeela ikusi dut»

Laugarren diskoa du 'Seinaleak', eta, aurrekoak ez bezala, talde baten laguntzarik gabe osatu du, ahotsa, gitarra eta harmonika soilik erabiliz. Batetik, arrazoi ekonomikoengatik; eta, bestetik, kantuek hala eskatuta.

Igor Susaeta.
2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zenbat eta maizago aritu kantuak konposatzen, interpretatzen, grabatzen, orduan eta gogo handiagoa dauka Markos Untzetak (Eibar, Gipuzkoa, 1970) musika egiten jarraitzeko. Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak) folk, blues eta rock klasikoena nahasten dituen diskoa kaleratu berri du, eta izango duen erantzunari dagokionez ez dago etsita; «eszeptiko samar» sentitzen da, ordea. «Badaude Euskal Herrian musikari batzuk oso onak direnak. Nire belaunaldikoak, esaterako, Txuma Murugarren, Keu, Petti, Piztiak, Rafa Rueda, Anari, Bide Ertzean... Baina iruditzen zait horiei ematen zaien arreta, jasotzen duten erantzuna, ez dela merezi dutena». Hori horrela izanda ere, ekonomikoki ahal duen bitartean jarraituko du kantuak sortzen. Gaztelera eta literatura irakaslea da Elgoibarren (Gipuzkoa).

Aurreko hiru diskoak —Gaua basamortuan (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Zenbat euri (Hirusta, 2006) eta Mississippi (Gaztelupeko Hotsak, 2011)— talde baten laguntzarekin sortu zenituen. Azkenak, aldiz, gitarra akustikoa, harmonika eta ahotsa besterik ez du bere soilean. Zergatik erabaki duzu aldatzea?

Bi arrazoirengatik, nagusiki. Alde batetik, aurrekontua aipatuko nuke. Jada hiru disko eginda neuzkan aipatu duzun formatuan, eta hori garesti ateratzen da. Heldu da momentu bat non ez nagoen lehengo inbertsioak egiteko moduan. Eta, bestetik, Mi-ssissippi egin ondoren, batu nituen kantu batzuk, eta ikusi nuen horiek eskatzen zidaten jantzi musikalak ahalik eta soilena izan behar zuela. Disko honekin zuzenagoa, gordinagoa eta zintzoagoa izan nahi nuen, eta uste dut biluztasunak mesede egingo diola.

Zintzoagoa izan nahi duzula diozu. Zer esan nahi duzu?

Gaiei zegokienez, lehengo diskoko kantuak ez ziren izan errealitatearekin lotura oso berezia zutenak. Abestiak ziren introspektiboagoak, edo, zentzu batean, poetikoagoak. Poetikotasunak ere zintzotasuna eskatzen du... Baina oraingoan erabaki dudanez errealitate hurbilari buruz kantatzea, pentsatu dut zintzotasuna bazela irizpide garrantzitsu bat.

Eta zintzotasun horrek biluztasuna behar al du?

Pentsatzen dut baietz.Tira, ez dago zertan; ez da arau bat, lege bat. Baina disko hau egiterakoan ikusi dut biluztasunak kantua edo kantatzen dena sinesgarriagoa bihur dezakeela.

Beharrak eta nahiak eraman zaituzte biluztera. Hortaz, abestien tematika ere beste bat da aurrekoen aldean. Inguruarekiko asperdurak eta sumindurak eraman zaituzte horretara, adibidez?

Era kontziente batean, behintzat, ez da hala izan. Mississippi bukatu nuenean konturatu nintzen banituela aurreko hiru lanetako deskarte batzuk. Baziren hamabost bat kantu-edo... Nabaritu nuen gure egunerokoari zuzenean erreferentziarik egiten ez zieten arren bazegoela zerbait, agian maitasun kantuetan mozorrotuta moduan, baina bazeudela inkomunikazioaz, isolamenduaz, elkar ezin ulertuaz, minaz, suminduraz eta heriotzaz mintzo ziren kantuak. Pentsatu nuen horiek elkarrekin jarrita esaten zutela zerbait, eta, esaten zuten hori bazela, agian, ni kontziente izan ez arren, azken 10-15 urteotan bizi izan duguna: indarkeria, bizi izan dugun arazo politikoa... Filtratuta zeuden kantuetan... Orduan, erabaki nuen horri buruz idatzi eta kantatu nahi banuen izan behar nuela zuzenagoa, zehatzagoa, detaileei gehiago erreparatu behar niela. Hasi nintzen idazten berrikuntza hori kontuan hartuta. Banuen gai bat, tematika bat.

Kantuetako batzuk, hortaz, zaharrak al dira?

Deskarte horiek eman zidaten aditzera bazegoela nigan gai bat, zerbait. Bada hiri bat kantua aspaldi idatzita dago, eta osatu nuen jada kantu multzo hark zerbait zuela, esanahi bat, jabetu nintzenean. Gasolindegi abandonatuan eta Seinaleak ere sasoi hartakoak dira. Besteak, berriz, ondoren etorri ziren. Dena den, horietako batzuk azkenean ez dira sartu diskoan. Pasa den azaroan sartu nintzen grabatzera. Azken bi urteotan euskal gatazkaren egoera goitik behera aldatu da, eta, beraz, kantu asko desfasatuta gera zitezkeen. Jada estudioan bertan nengoela beste lauzpabost kantu berridatzi behar izan nituen.

Diskoaren diskurtsoak koherentziari euts ziezaion.

Bai. Beste aldetik, egoera politikoak jada ez zuen horrenbeste baldintzatzen halako disko kritiko bat. Orduan, sartu nituen Zurrumurru, Kale gorrian, gehiago egoera ekonomikoaz mintzo direnak... Ubelak ezkutuan ere hor dago... Tematika zabaldu nuen, eta pentsatzen dut diskoaren mesederako izan dela.

Eta zein tematika du bada? Zeri erantzuten dio Seinaleak-ek?

Lan honek aurkezten ditu egoera latz batzuk, eta adierazten dute lehen munduko gizarte honetan, itxuraz gauzak oso ondo doazen gizarte honetan, badirela hainbat kontu ez direnak batere onak. Kantu horien bidez saiatzen naiz ezkutuan, isilpean geratzen diren egoerak agerian uzten.

Oso gaur egungo gaiez mintzo zara: genero indarkeriaz, ekonomikoki itota dagoen pertsonaz, bizi ere egin ezin duen ETAkide ohiaz, sistemaren armiarma sarean kateatuta dagoenaz...

Idazterakoan pertsonarengan pentsatu dut. Adibide bat jartzearren: zer zen 70eko hamarkadan, artean Franco bizirik zegoenean, gazte bat ETAn sartzea helburu noble bat daukalako... Eta gero amaitzen da kantua amaitzen den bezala. Pertsonen bilakaerak erakutsi ditut.

Sustrai estatubatuarreko musika izan da beti zure esparrua. Bob Dylan, Neil Young, Tom Waits, Jackson Browne, Buddy Holly... Nola egin diskoz disko soinua, intentzioa ez errepikatzeko? Musikalki hori al da zure erronka?

Bai, hori da nire erronketako bat, eta ematen dizkit buruko minak. Aldaketak gustatzen zaizkit. Musikalki zerbait errepikakorra bihurtzen baldin bada, gustatzen zait apurtzea. Entzuleak ez dakit oso argi edukiko duen, baina nik, kantugile moduan, oso garbi daukat. Lehen diskotik bigarrenera nolako aldaketa egon zen; bigarrenetik hirugarrenera ere bai... Eta hau zeharo ezberdina da.

Sonoritate hori bilatzeko ahaleginean, betiko erreferentziei tira egin diezu edo ikerketa lanen bat egin behar izan duzu?

Nire formazio musikalean hasieratik daudenak izan ditut erreferentzia. Bueno, ikerketaren bat edo beste ere egin dut. Adibidez, zehatzago idatzi nahi izan dudanean, detaileei asko erreparatu, izenei, tokiei, keinuei, bada, Woody Guthrieren antologia bat entzun dut behin eta berriz; Nebraska diskoa [Bruce Springsteen]; Bob Dylanen hasierako diskoak—batez ere The Lonesome Death Of Hattie Carroll kantua—... Egin ditut ariketa, ikerketa batzuk, bai, disko honetako kantuak ondo nola idatzi ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.