Biluzik gelditzeko lau manera

'Striptease'-aren inguruko antzezlan labur bana sortu dute lau euskal antzerki zuzendarik, eta Loraldia jaialdiak estreinatuko du emanaldia, ostiralean, Bilboko Arriaga antzokian

Fernando Bernues, Garbi Losada, Jokin Oregi eta Mireia Gabilondo antzerki zuzendariak, Strip-tease piezaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bere biluzteko manera propioa dauka pertsona bakoitzak; ez daude eskularrua berdin eranzten duten bi pertsona. «Striptease» hitza gaitzat jarri, eta hamabost minutu inguruko antzezlan labur bana egiteko enkargua egin zien Loraldia jaialdiak orain urtebete lau euskal antzerki zuzendariri. Guztiak gai beraren bueltan, guztiak iraupen paretsuarekin, baina bakoitza bere eskularruak eranzteko manera propioarekin. Jokin Oregi, Mireia Gabilondo, Garbi Losada eta Fernando Bernues zuzendariei jo zien erronka jaialdiak, eta orain oholtzaratuko dute emaitza. Ostiralean eta larunbatean estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, lau sortzaileen piezak batzen dituen Strip-tease emanaldia. Lau antzezlan labur, beraz, baina emanaldi bakarrean. Biluzik geratzeko lau manera, beraz, baina soineko bakarrean.

«Oso erronka polita izan da», aitortu du Oregik. «Ez dira sarri garatzen halakoak. Guztiok daukagu gai bera, eta askatasun osoz aritzeko aukera eman digute, bakoitzak nahi genuen pieza sortzeko». Denbora izan dute muga bakarra: hamar minutu gutxienez, eta hogei gehienez. Eta tarte horren barruan arituz gero, libre gainontzeko guztia. Beldurra ere bazuten, Oregik aitortu duenez, eta bilera batzuk ere egin zituzten, horregatik, hasi baino lehen. Ideiarik ez errepikatzea zen asmoa, eta «elkarlanean» aritu ziren hasieran pixka batez. «Pentsatu genuen istorio ezberdinak sortzea zela interesgarria, eta gerta zitekeela gutako bik edo hiruk ideia beretik jotzea, baina ez da kasua. Azkenean, bakoitzak bere begirada propioa du, eta oso gauza ezberdinak ikusi ahalko ditu jendeak. Oso-oso ezberdinak».

Stripteasecasting batera aurkezten dira lau pertsonaia Oregiren piezan, esaterako, eta lau ahots horien bidez aurkezten ditu gaiak pizten dizkion ideiak. «Sentsualitatea eta erotismoa etortzen zaizkigu burura striptease hitza entzun eta berehala, baina gauza ilunak ere bai, genero kontuak eta dekadentzia». Lau aktore izango dira oholtzan antzezlanean: Olatz Ganboa, Ane Pikaza, Lander Otaola eta Getari Etxegarai, eta Adrian Garcia de los Ojosen musika izango du.

Aldarrikapenarekin uztartu du bere eskularrua eranzteko manera Losadak: «Eskubideak erreibindikatzeko modu gisa aurkeztuko du striptease-a gure lanak». Lady Godivaren mitoa hartuko du horretarako oinarri. Izan ere, kondairaren arabera, herritarren zergak handiegiak zirela kexatzeko, azoka egunez zaldi gainean biluzik paseatzea erabaki zuen Lady Godiva izeneko emakumeak XI. mendeko Coventry konderrian. «Ezagutzen den lehenengo striptease aldarrikatzailea da», egin du broma zuzendariak. Klara Mendizabal aktoreak jokatuko du Godivaren papera, eta Aitor Beltran eta Asier Hernandez aktoreek lagunduko dute oholtzan. «Istorioa ederra da, kontatzeko modukoa», laburtu du Losadak.

Uztartuta doaz aktorea eta pertsonaia Gabilondok zuzendutako piezan. Telmo Irureta 27 urteko aktore eta idazlearekin batera sortu du bere pieza zuzendariak, eta funtsezkoa izan da Iruretaren lana. Garun paralisia du aktoreak, eta gurpil aulkian mugitzen da. Horregatik, berezia da haren biluzte ariketa, Gabilondok dioenez. Eneko Balerdi eta Haritz Morras aktoreen eta Oskitz Gorrotxategi tronpeta jotzailearen laguntzarekin saiatuko da hasieran arropa eranzten, baina azkenean «striptease emozional bat» bilakatuko da antzezlana. Gabilondo: «Bion artean egin dugu gogoeta striptease-aren definizioaren inguruan. Telmo [Irureta] sakonago ezagutzeko aukera ere izango dugu, piezan benetan biluztu baita».

Sorkuntzaren alde

Antzokiko hormez harago eraman du gogoeta Bernuesek hedabideen aurrean egindako aurkezpenean. Pozik azaldu da Loraldiak eskainitako aukerarekin, hark ekoitzi baitu emanaldia, eta adierazi du halako ekoizpenak gehiagotan egin behar liratekeela. «Herrialde honetan batez ere exhibizioan dugu fedea, eta ez hainbeste sorkuntzan. Eta uste dut batetik besterako bidean geure baliabideetan sinetsi beharra dagoela, eta halako egitasmoak horretarako lagungarri direla».

Begirunea izendatu du Bernuesek bere pieza, eta, onartu duenez, Alfredo Sanzol antzerkigilearen lan bat hartu du inspirazio iturritzat. Aitonaren gauzen artean emakume biluzi baten erretratua topatu duen 30 urte inguruko mutil bat izango da protagonista, eta argazki horren jatorriaren misterioa argituko du antzezlanak. Aurpegia zinta zuri batez estalita du emakumeak argazkian, eta emakume horren nortasunari buruzko jakin-mina izango da antzezlanaren motorra. Sara Cozar eta Iñaki Rikarte dira piezako aktoreak, eta Juantxo Egañaren argazkiak ere ikusiko dira.

Beste hiru sortzaileren alboan aritzearen zirrara aipatu du Oregik. «Sustoa ere hartu nuen gaia striptease-a izango zela entzun nuenean», aitortu du. Memoria ariketa proposatu du gero. «Orain urte asko antzezlan bat aurkeztu zuten Arriaga antzokian bertan, eta izen berarekin: Strip-tease. Sona handiko zuzendariek jardun zuten lan hori egiten, baina denborak aldatu egiten dira, eta denbora tarte honetan nik uste striptease-arekiko ikuspuntua aldatu egin dela, eta gizartea ere, gu geu, aldatu egin garela. Eta uste dut hori ere ikusiko dela emanaldian. Ikuskizun hura ikusi zuenak eta hau ikusten duenak izango du zer alderatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.