Usaiakora itzuli zen atzoko Sarako Biltzarra (Lapurdi). Berrogeigarrena, aurtengoa. Ateak ireki orduko hurbilduak ziren bisitariak, argitaletxeak oraindik mahaien antolatzen ari zirela. Kafetxo bat hartu, bi solas, eta mahaien itzulia egiten hasi ziren laster. Argitaletxe bakoitzak aitzinera ekarri azken argitalpenen idazleak ere hor ziren goizetik, izenpetzeko eta mintzatzeko prest. Euskal literatur munduan, Ipar zein Hego Euskal Herriko idazle, literaturazale eta argitaratzaileentzat elkar ikusteko parada da oraindik ere Biltzarra.
Angeluko (Lapurdi) Zortziko argitaletxeak hiru liburu aurkeztu zituen 11:00etan, hitzaldien karparen pean. Bat COVID-19ak eragin konfinamenduak ekarri esperientzia baten emaitza da: Hitzetatik harago. Ainara Maia Urroz irundarrak zuzendu testu eta marrazki bilduma da. Maiak esplikatu du liburu kolektiboa dela, euskara talde batek ondu duela: «Euskara praktikatzeko talde bat da konfinamenduan sortu zena». Euskal Herriko leku orotarik, baita diasporatik ere bildu lagun taldea da Jalgi hadi mundura izena hartu duena. Internet bidez komunikatzen dute, astean bitan bilduz bideokonferentziaz. Elkarlanak hasi zituzten, laster. «2021ean egutegi bat egin genuen, eta zabaldu», erran du Maiak.
Euskaldun zaharrak zein ikasten hasi berriak biltzen dira Jalgi hadi mundura multzoan. Zortziko argitaletxearekin mintzaturik, ideia bat hartu zuten, liburuaren oinarri izan zena: «Parte hartzaileek euskal hitz bat aukeratu behar zuten horri buruz idazteko». 35 bat euskal hitz bildu zituzten, eta testu forma desberdinak atera zirela zehaztu du Maiak: «Askotan poemak dira, edo testu laburrak». Taldean bi marrazkilari daude, eta hitz bakoitzari buruzko marrazkiak egin dituzte. Liburuan, testuarekin, dagokion marrazkia agertzen da, beraz. «Helburua da euskara zabaltzea, euskaraz gozatzea, elkarlanean gauzak sortzea». Blog bat ere badauka sarean elkarte birtualak: Jalgihadimundura.blogspot.com.
Raul Alfaro Falu-k idatzi Bixente istorio laburra eta Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren Aurpegrafiak liburua aurkezten zituen, bestalde, Zortzikok Saran. Christian Velez Zortziko etxeko argitalpen buruak oroitarazi zuen Mattinen lan horrek Euskal Herriko atzoko eta gaurko 115 bat pertsona famatu karikaturaren forman aurkezten dituela. «Euskal kultur, hezkuntza, zientzia eta beste franko mundutako jendea hunkitzea nahi zuen Mattinek. Omenaldi berezia eginez emazte figurei». Velezek gehitu du marrazkiek prentsa marrazkilariaren eta karikaturaren indarra atxikitzen dutela, alde iradokitzailearekin. «Ez da pertsona baten erreprodukzio arrunt bat; karikaturaren marra atxiki du, beste elementu batzuk sartuta eta zeinu grafiko garbi batzuekin».
Raul Alfaroren istorioa labur-laburra da: Otsagiko artzain batena, euskara atxiki baitu eta pasarazi nahi. «Gizon kankail eta biziki herabe hori jin zitzaidan», kontatu du Velezek idazlearekiko lehen harremana aipatzekoan. «Ez zekien argitaratzeko gisan zenez. Istorio biziki hunkigarria eta ederra iruditu zitzaidan. Laburra zenez, nahi nuen araberako objektua egin; erakargarria. Prezio ere merke jarri dugu». Velezek Alfarori galdegin dio orain artzain pertsonaia horren istorioa bizilagun duen emaztearen ikuspegitik konta dezan, «beste bertsioa izan dezagun».
Gero eta idazle gehiago hurbiltzen dira Zortziko argitaletxearengana. Frantsesezkoez gain, euskarazkoak ere bai. Ipar zein Hego Euskal Herritik. «Oro har, biziki lan bukatuak heldu zaizkit; beste batzuk gehiago lagundu behar dira», dio Velezek. Azken hiru urteetan, «astean 50 eskuizkribu heltzen» zaizkiola aitortu du.
Klasikoen funtsa
Euskal literatura klasikoa, bizirik dagoen ondarea? galderari ihardesten ibiliko dira gaur Sarako Biltzarreko bigarren egunean. Lehenik, EHUko irakasle eta ikerlari Gidor Bilbaok Euskal literatura klasikoaren panorama bat (XVI.etik XIX.era) hitzaldia emanen du. Ondotik, Xabier Monasterio saiakeragileak hitza hartuko du, gai horrekin: Iparraldeko literatura klasiko oparoa, ospea merezi duten altxorrak. Hain zuzen, 2020an, Bilboko Testu Zaharrak argitaletxearekin atera zuen Iparreko eleak, Ipar Euskal Herriko testu laginak liburuaren ildotik.
Azokara argitaletxe horretako liburuen aurkeztera etorria zen, preseski, Monasterio. Duela bost urte sortu Testu Zaharrak argitalpena zertarako abiatu zen erran zuen: «Garai bateko, hemengo eta kanpoko liburu interesgarri, jakingarriak argitaratzeko». Beste gisan, hain segur nehork argira berriz ekarriko ez lituzkeelako. «Normalean ez dira liburu ezagunak; horretaz, ez dira liburu komertzialak izaten, eta ohiko argitaletxe handien helburuetatik at gelditzen dira».
Monasteriok berak osatu Iparreko eleak liburuak arrakasta bildu du. Euskal Herrian aitzineko mendeetan idatzi diren lanetarik azpimarragarriak zitzaizkion idazkiak bildu nahi izan ditu. Testu mota orotarik agertzen da liburuan: idazle klasikoenak, baita gizartetik idatzi «testu pragmatikoak» ere, hala nola «gutunak, almanakak eta katiximak; gure jendeak lehengo mendeetan irakurtzen zituenak», erran du Monasteriok. «Helburua da konturatzea gure herria bizkor egon denean produkzio oso interesgarria egin duela. Idazle klasikoak badauzkagula, askotan mespretxuz tratatzen baditugu ere». Usteen kontra, aspaldidanik hasia baita euskal jendea bere mintzairan izkiriatzen. Hori ere azpimarratu nahi du Monasteriok: «Zer merezimendu handia izan zuten orduko idazle apal, xume haiek, dena kontra zutelarik, euskaraz idazten jakin zutelarik».
Klasikoen ezagutza funtsezkoa iruditzen zaio Monasteriori euskal letrek etorkizun bat nahi badute. «Uste dut klasikoak pixka bat gibelaturik gelditzen zaizkigula, eta hori errakuntza handi bat da. Iraganeko garai horiek literaturaren bidez berreskuratzeko modua badaukagu, eta ez gara egiten ari». Irakaskuntza ertainean guti baizik ez dira transmitituak idazle klasikoak, ez bada izen zerrenda bat bezala. «Gehiago da kronologia bat, izen andana bat bata bestearen ostean ikasarazten ditugunak. Baina testuak guti ematen ditugu, eta testuinguruak gutiago. Garrantzi handiagoa ematen zaio egungo idazleari. Hori egin behar da, noski, baina, horrekin batera, zaharrak ere berreskuratu behar ditugu». Testuinguru eta testu azterketak baitezpadakoak zaizkio Monasteriori klasikoen ulertzeko: «Klasikoak maitatuko eta maitaraziko ditugu, baldin eta jendeari erakusten bazaio testuinguru gaitzenetan gure jendeak jakin zuela euskaraz erantzuten, pizten, egiten zitzaizkion fronteen aurrean».
Sokarrosen uzta
Euskaltzaindiak, urtero bezala, mahai bat jarria zuen Saran. Eguerdiko hitzaldian, Battittu Coyosek Allande Sokarros (1957-2021). Euskal idazlan eta lekukotasun joan den urte hondarreko argitalpena aurkeztu zuen.
Coyosek adierazi du argitalpenaren xedea zela duela bi urte zendu den Allande Sokarros idazle eta kazetari zuberotarraren omentzea. «Allandek lan harrigarria eraman zuen euskararen eta Euskal Herriaren alde, bizi osoan abertzale, idazle eta kazetari izanez». Kazetari gisa —Euskaldunon Egunkaria-n, BERRIAn, Herria-n, Jakin-en— idatzi zituen testu batzuk bildu ditu Coyosek. Zuberoari buruz idatzi zuen liburu baten zatiak ere bai: «Allandek nahi izan zituen erakutsi zein ziren Zuberoako eta zubereraren berezitasunak, klixeetatik kanpo». Horrez gain, Sokarrosi egindako hiru elkarrizketa bildu ditu.
Azkenik, hari buruzko lekukotasunak. «Hamabi lekukotasun dira, adiskide edo lankide batzuenak». Argazkiak ere gehitu dizkio argitalpenari Coyosek. «Allanderen omentzeko zerbait goxoa atera dugu».
Biltzarra, betiko bilgunea
Pazko asteleheneko ohiturari jarraikiz, atzo iragan zen Sarako Idazleen 40. Biltzarra. Azken hilabeteetan agertu argitalpen berrien aurkeztera joan ziren argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu