Billy Branch izango da Tolosanblues jaialdiko artista nagusia

Ostegunetik igandera bitartean egingo dute blues jaialdia Tolosan. Besteak beste, Noa & The Hell Drinkers, Martin Burguez & His Rhythm Combo, Star Blues eta JP Cumellas & M. Talavera Band ariko dira festibalaren hogeigarren aldian.

Billy Branch musikari estatubatuarra larunbatean ariko da jaialdian. BERRIA
Billy Branch musikari estatubatuarra larunbatean ariko da jaialdian. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 26a
05:20
Entzun

Tolosa (Gipuzkoa) blues musikaren erakusleiho bihurtuko da ostegunean hasi eta igandera bitartean. Hogeigarren urtez, Tolosandblues jaialdia antolatu dute bertan, eta aurten ere nazioarteko musikariak eta Euskal Herrikoak uztartzen dituen egitarau oparoa prestatu dute.

Jaialdiko izar nagusia Billy Branch harmonika jotzaile eta abeslari estatubatuarra izango da. Chicagon 1951n jaioa, Branchek 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zuen bere ibilbidea, eta 1970eko urteetan The Sons of Blues taldea sortu zuen. Harrez geroztik, beste hainbat musikarirekin lan egin du —besteak beste, Willie Dixon, Johnny Winter eta Koko Taylorrekin—, 250 bat grabaziotan parte hartu du, eta dozena bat disko argitaratu ditu bere izenean. Gainera, Grammy saria jasotzeko hautagaia izan da hiru alditan. Branch larunbat gauean igoko da Plaza Berriko agertokira, 23:00etan.

Musikari estatubatuarra Tolosandblues jaialdiko kartelburua izango da, baina lau egunetan bestelako proposamenak ere izango ditu jaialdiak. Hain zuzen ere, ostegunean hasiko da festibala, Noa & The Hell Drinkers taldearen emanaldiarekin. Donostian 2016an sortutako taldea da, eta dagoeneko hiru disko ditu argitaratuak. Halaber, European Blues Challenge sariketan Europako talde onenari dagokion saria irabazi berri du. Euskal Herria plazan ariko da, 20:00etan.

Ostiralean, berriz, bi kontzertu izango dira jaialdian. Lehendabizi, Martin Burguez & His Rhythm Combo ariko da Gipuzkoa plazan (19:00). Martin Burguez abeslari eta gitarrista uruguaitarrak gidatutako taldeak XX. mende erdialdeko blues eta swing doinuak lantzen ditu, baina, Burguezek berak azaltzen duenez, ikuspegi garaikide batetik. Ondoren, Txell Sust kantariaren bandak blues, jazz eta blues doinuak eramango ditu Txurreriako gunera.

Larunbatean, Branchenaz gain, beste hiru kontzertu izango dira Tolosanbluesen. Hasteko, eguerdiko ordu batean, Star Blues taldeak Lopez Mendizabal pasealekuan aurkeztuko du bere blues-rock proposamena, zeina kantu propioz eta bertsioz osatuta baitago. Taldearen azkeneko diskoa, Bizi berri baten gezurra, iazkoa da. Arratsaldean, Ander Zubillaga gitarrista tolosarrak Zerkausian joko du, eta segidan, Plaza Berrian, Kataluniako JP Cumellas & M Talavera Band taldea ariko da.

Indigo Bluesek (13.00) eta Nico Waynek (20:00) emango diote amaiera hogeigarren Tolosanbluesi, igandean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.